Pozik, baina zuhurtziaz eta udalerri bat osatu eta kudeatzeak suposatzen duen erronkaren jakitun”, Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak Usansolo Bizkaiko 113. udalerri bihurtzeko eskaerari oniritzia emateko zain daude usansolotarrak. Usansolo Herria (UH) plataformako kide Monika Menak aurreratu du aurreikusita dagoela osoko bilkura hori azaroaren 23an egingo dutela. Joan den urriaren 11n Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamendu On eta Gardentasunerako Batzordeak onartu zuen Usansolo udalerri bihurtzea. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak babestu zuten segregazioa; PSE-EEk aurka bozkatu zuen, eta PPk, berriz, abstentziora jo zuen. Bozketok ikusita, prozesuak aurrera egingo duela sinetsita dago Mena, eta, oraingoz, Galdakaoko parte den Usansolok herri gisa bere ibilbidea zer-nola hasi eta garatuko duen azaldu du.
Usansolo independente izango da hasieratik?
Bai. Menak azaldu du Batzar Nagusiek Usansolo herri bihurtzeko erabakiari baietza ematen diotenean, independentea izango dela. Hala ere, aurreratu du “tramite administratibo edo burokratikoak” egin behar direla. Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak erabakia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar du. Desanexio prozesuan bidelagun izan zuten Juan Landa abokatuak zehaztu du “erabaki hori argitaratzen duten unetik” hasten dela “udal berriaren ibilbidea”; hain zuzen, “Bizkaiko buletinean argitaratzen den hurrengo egunetik jaioko litzateke” herria.
Horrez gain, Usansolo herri gisa erregistratu behar dute Espainiako Toki Erakundeen Erregistroan. Menak prozesuak bi pausootan aurki ditzakeen oztopoen berri eman du. Batetik, “Estatuko Abokatuak —segregazio erabakia argitaratzen dutenetik— bi hilabete ditu erabakia inpugnatzeko. Inpugnatu dezakeen bakarra hura da”. Bestetik, “Usansolo Bizkaiko 113. udalerri legez erregistratzean prozesua geldiaraz dezakete, 5.000 biztanlera ez garelako heltzen”.
Menak konfiantza du prozesuak aurrera egingo duela. UH plataformako kideak azaldu duenez, une honetan Usansolon “ia 4.800 biztanle” dira, eta “hazten” ari den eremua da. Prozesua epaitegietara bideratuz gero, esan du epaile batek ebazpena ematen duenerako 5.000 biztanleren langa pasatuta izango dutela.
Zer da Usansolo?
Desanexio prozesua gauzatzeko osatutako Batzorde Mistoak Usansolo Galdakaotik bereizteko egin behar ziren ikerketa tekniko, soziologiko, ekonomiko eta juridikoak jaso zituen memoria batean. Baita segregazio proposamenaren zehaztapenak ere. Besteak beste, Usansoloren mugak zehaztu zituzten: Gorosibai, Usansolo, Arteta, Ordañe, Labeaga, Lekue, Pertxin eta Uraska auzoek osatzen dute.
Nor izango da Usansoloko alkatea?
Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansoloren segregazioari oniritzia eman ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak Kudeaketa Batzorde bat eratu beharko du. Menak aurreratu du Usansolo Herria plataformak azaroaren bukaeran edo abenduaren hasieran eskatuko duela “ahalik eta azkarrena” era dezatela. Eraketa hori azken udal hauteskundeen emaitzen araberakoa izango da: “UHko zortzi kidek osatuko dute; EAJko bik eta EH Bilduko batek”.
Usansolo Herria plataformaren abokatu ohi Landak zehaztu duenez, “batzorde horrek bere presidentea aukeratuko du eta martxan jarriko da”. Udal hauteskundeak 2023ko maiatzean egin bitartean, Kudeaketa Batzorde horrek izango du udalerri berriaren kudeaketa egiteko ardura. Datorren urteko maiatzeko hauteskundeetan aukeratuko dute alkatea. Ordura arte, Kudeaketa Batzordeko presidenteak hartuko du bere gain Usansoloko alkatearen funtzioa.
Non egongo da udaletxea?
Oraindik zehaztu gabe dago non egongo den Usansoloko udaletxea. Menak azaldu duenez, Kudeaketa Batzordearen erronketako bat izango da hori zehaztea.
Nork egingo du lan Usansoloko Udalean?
25 udal langile izango ditu Usansolok. Apurka osatuko dute udal plantilla. Liburuzaina, eskolako atezaina eta udaleko zenbait zerbitzu kudeatzen dituen kultur etxeko langile bat jada Usansolon ari dira lanean; beraz, segregazioa gauzatzen denean, Usansoloko Udalaren mendeko langile izatera pasatuko dira haiek. “Horiek hirurak kenduta, 22 lanpostu berri sortu behar dira”, argitu du Menak.
Zein zerbitzu izango ditu Usansolok?
Menak esan du Usansolok zerbitzuen kalitateari “eutsi” egin behar diola, legez, herri bihurtzen denean. Eskainiko dituen zerbitzuen zerrenda luzea da; nabarmenenak aipatu ditu: ospitalea, kiroldegia, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe zerbitzua, liburutegia, ludoteka, haurtzaindegia, adinekoentzako zentroa edota zentro zibikoa. Hala ere, bestelakoak ere kudeatuko ditu, hala nola kale argiak, hondakinak batu eta tratatzea, herri garbiketa, ur hornidura, saneamendua eta estolderia, lorezaintza, kirola eta kultur jarduerak sustatzea, euskara sustatzeko programa eta euskara irakastea, berdintasun programak, esku hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala haur, gazte eta familiekin edota etxez etxeko zerbitzua.
Galdakaoko Udalarekin batera eskainiko dituzte hilerria eta hileta zerbitzuak, bulego teknikoaren zerbitzua —arkitektoa—, Musika Eskola, helduentzako Eskola Publikoa eta euskaltegia. Hasieran, gutxienez, horrela funtzionatuko dutela zehaztu du Landak, eta Galdakaoko Udalak ordainduko dituela zerbitzuok.
Galdakaoko Udala zer-nola geratuko da?
Menak azaldu duen bezala, gaur egun Galdakaoko Udalak ordaintzen die Usansolon lan egiten duten hiru udal langileri. Langile horiek Usansoloko Udaleko langile izatera pasatuko dira segregazioa gauzatzean. Gainerakoan, Galdakaoko Udalak “berdin” jarraituko du. “Eta zinegotzi kopuruari dagokionez ere, berdin jarraituko du. Galdakaon ez da egongo aldaketarik”.
Mugei dagokienez ere, Usansolok hartuko duen eremua kenduta, berdin jarraituko du: “Politikoki onartu gabe egon bada ere, maila sozialean onartuta zegoen [Galdakao eta Usansoloren arteko] muga aspaldi. Denok jakin dugu zer den Usansolo eta zer den Galdakao, eta nortasun aldetik bakoitzak badaki non kokatzen den”, ondorioztatu du Menak.
Trantsizio prozesua zer-nola egingo da?
Juan Landak azaldu duenez, “udal berria eratzen den unetik, gainerako udal guztiek dauzkaten diru iturri berberak” izango ditu Usansolok. Hain zuzen, Udalkutxatik dirua jasotzeko eskubidea izango du. Horrez gain, “Galdakaoko Udalak gerakinak edo erremanentea Usansolorekin banatuko ditu —biztanle kopuruaren arabera—. Galdakaok hamabi hilabete izango ditu Usansoloko udal berriari bere partea ordaintzeko”.
Landak gogora ekarri du Usansolo herriak aurrera egin ahala, Europako Batasunari, Espainiako Estatuari, Eusko Jaurlaritzari zein Bizkaiko Foru Aldundiari bere proiektuak garatzeko diru laguntzak eskatu ahal izango dizkiela. “Hori guztia bere aurrekontu propioan sartuko du, eta zuzenean jasoko dituen zergak, tasak eta antzekoak ere sartuko ditu bertan”, esan du Usansolo Herria plataformaren abokatu ohiak.
Gatazkak gertatuz gero, zer?
Usansolo bere kabuz martxan hasi arteko garairako Arbitraje Batzordea osatuko dute. Menak dio batzorde horren egitekoa “behaketa” izango dela, “gauzak ondo egiten direla” bermatzea. Zortzi lagunek osatuko dute: presidentea —Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak edo beste diputatu edo zuzendari batek— , eta Galdakaoko eta Usansoloko udaletako hiruna ordezkarik eta idazkariak —Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako funtzionario bat—.