Azken bozetan baino hautagaitza gutxiago izango dira apirilaren 21ean

Araban eta Gipuzkoan hamaikana zerrenda onartu dituzte, eta Bizkaian, hamahiru. Ez dira behin betikoak.

2020ko bozetako boto paperak, Bilboko hautesleku batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2020ko bozetako boto paperak, Bilboko hautesleku batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 20a
09:30
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako zerrendak argitaratu dira EAEko Aldizkari Ofizialean, eta hautagaitza kopuruak behera egin du: Araban eta Gipuzkoan hamaikana dira hauteskunde batzordeak onartutako alderdi edo koalizioen zerrendak; Bizkaian, berriz, hamahiru. Halere, ez dira behin betiko zerrendak, bihartik aurrera batzordearen erabakiei helegitea jartzeko aukera baitago, eta hark hilaren 25ean egingo ditu ofizial apirilaren 21ean hauteslekuetan egongo diren hautagaitzak.

Nola ez, hiru lurraldeetako zerrendetan ageri dira jada kanpaina betean ari diren alderdi nagusiak: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdea, Sumar eta Vox. Horiekin batera, baina, badira azken urteetan boto paperetan lekua topatu duten beste zenbait talde ere. Bidezko Mundurantz, Aulki Zuriak eta Pacma alderdiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurkeztuko dira. Euren indarrak lurralde bakarrean edo bitan zentratu dituzte, berriz, Ongi Etorrik (Araban), Alderdi Humanistak, PCTEk (Bizkaian) eta Izanek (Bizkaia eta Gipuzkoa).  

Duela lau urteko zerrendekin alderatuz gero, Ciudadanos desagertu da; 2020an PPrekin batera aurkeztu zen, eta 2016an, bere kabuz. Ez dira behin-behineko zerrendetan ageri duela lau urte bazeuden beste zerrenda batzuk ere: Euskadiren Aldeko Libreak, Recortes Cero (hiru lurraldeetan), Foruzaleak (Araban eta Bizkaian), UCDE eta Alderdi Libertarioa (Gipuzkoan). Izan ere, orduan hamalauna alderdiri onartu zizkieten hautagaitzak Araban eta Gipuzkoan, eta hamabosti Bizkaian. 

Are gehiago egiten bada atzera, 2016ko bozetan hamabi, hamalau eta 11 izan ziren hautagaitzak, hurrenez hurren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta 2012ko hauteskundeetan, hamabost, hamazazpi eta hamahiru. Hauteskunde haietara aurkeztu ziren, besteak beste, egun zerrendetatik desagertu diren zenbait alderdi: Familia eta Bizitza alderdia, Libertate Nafarra, UCE, Integrazio Komunitarioa, Hartos.org, PCPE eta POSI. Baita UPD ere. Alderdi hark parlamentari bat eskuratu zuen 2012ko hauteskundeetan.

Izenez izen

«Ezker konfederal» deritzon esparru politikoak aldaketa nabarmenak jasan ditu azken urteetan. Aurten, negoziazioek huts eginda, espazio hartako bi koalizio arituko dira lehian: Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdea eta Sumar. Lehen horretan elkartu dira Ahal Dugu eta Aliantza Berdea alderdiak, eta bigarrenean Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak. 

Halere, halako banaketak ez dira berriak esparru hartan. Lau urte atzera eginda, Ezker Anitza eta Equo, zeinak oraingoan batera aurkeztu baitira, banatuta joan ziren bozetara: lehena, Elkarrekin Podemos-IU koalizioan, eta bigarrena, bere kabuz. 2016ko bozetan, berriz, Elkarrekin Podemos eta Ganemos-Irabazi bereizi zitezkeen; eta 2012an, Ezker Batua-Berdeak eta Ezker Anitza-Berdeak, koalizio hark izandako haustura bat tarteko. 

1,8 milioi euro

EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu da alderdiek eta koalizioek hauteskunde gastuetarako baliatu ahal izango duten gehienezko diru kopurua ere. Hiru lurraldeetan aurkeztuko diren taldeek 1.862.417,46 euro gastatu ahal izango dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztutakoaren arabera. Hain zuzen, lurralde bakoitzerako ezarritako gehienezko gastuaren batura da hori: Araban, 416.007,82 euro; Bizkaian, 831.522,31 euro; eta Gipuzkoan, 614.887,32 euro. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.