Azken bi urte eta erdian, etxe turistikoentzako lizentzia berriak ia bikoiztu egin dira Bilbon

Ekologistak Martxan-ek salatu duenez, gentrifikaziorik ez dagoen arren, turistifikazioak kalte egiten die bertakoen bizi kalitateari, eta eragina du alokairuen prezioan.

Ekologistak Martxanen turismoari buruzko txostenaren azterketaren aurkezpena. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ekologistak Martxan-ek turismoari buruz egindako txostenaren azterketaren aurkezpena. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
irene baranano
2024ko uztailaren 12a
19:30
Entzun

Bilboko Alde Zaharrean alokairuan dauden lau etxetik bat turistikoa da jada. Datuak daudenetik, 2016tik 2021eko amaierara bitartean, etxe turistikoentzako 505 lizentzia berri eman ziren Bilbon, kasik azken bi urte eta erdian bezainbeste —432—. Zehazki, %85,5 igo da lizentzia berrien onarpena. Fenomeno horren arrazoiak aztertu ditu Ekologistak Martxan-ek, Bilboko etxe turistikoen eta oporretako gelen ondorioak ikertuta, 2016-2023ko aldiko datuen bidez. Horretarako, Bilboko tentsio handiko 11 auzoren egoera aztertu dute: alde batetik, pisu eta jarduera turistikoaren gehiengoa biltzen duten Abando, Indautxu eta Alde Zaharra; bestetik, etxe turistikoen kopuru nabarmena duten Iturralde, Soloketxe, Atxuri, San Frantzisko, Bilbo Zaharra, Zabala, Matiko eta Castaños. Nabarmentzekoa da, alabaina, ikerketak ez dituela kontuan hartu legez kanpoko pisu turistikoak, hori egiteko zailtasunengatik.

1

Pisu turistikoen boom-a

Aurtengo apirilean, Bilbon alokairuan zeuden etxeen %28,4 turistikoak ziren —erregistratu gabeko eta gelen alokairua eskaintzen duten apartamentuak kontuan hartu barik—. Bilboko lizentzien %34,7 azken bi urteetan eman dira, 2022an eta 2023an, hain justu ere, eraikuntzaren industriak Bilbon beherakada nabarmena izan duen aldian.

Ondorioz, alokairuen eskaintza murriztu da, eta bizitokia bilatzen dutenek zailtasunak dituzte, batez ere, ikerketak salatutakoaren arabera, egoera zaurgarrian dauden emakumeek, migratzaileek eta gazteek.

Beste modalitate bat ere nabarmendu da azken urteetan, alokairuko gela turistikoena. Kasu horretan, ez dago ezarritako marko legalik, errentatzaileen onurarako. «Etxe turistikoen merkatuaren parte bat gela turistikoen apartamentuetara bideratzen ari da, errentagarriagoa eta malguagoa delako», azaldu du Enrique Antolin Ekologistak Martxan-eko kide eta EHUko soziologia irakasleak.

2

Jarduera turistikoaren kontzentrazioa

Alde Zaharrak, Abandok eta Indautxuk hartzen dituzte ekintza turistiko gehienak: ostalaritza, turismoari bideratutako dendak, museoak eta abar. Hala ere, etxe turistikoek esparru handiagoa hartzen dute, hain zuzen ere, tentsio handiko eremu osoa. Bilbok, guztira, 37 auzo ditu, baina txostenak ikertutako 11k hartzen dute Bilboko etxe turistiko erregistratuen %67,1, zehazki, 639 apartamentuk. «Indautxu domino efektuaren adibidea da: behin eremu bat betetzen denean, aldamenekoak hasten dira betetzen, zirkuluetan», azaldu du Antolinek. «Ezin dut ulertu Solokoetxen, Atxurin edo Iturralden gertatzen ari dena, ez badut ulertzen Alde Zaharrean gertatzen ari dena», gehitu du Ekologistak Martxan-eko kide Jose Ramon Martinek.

3

Ostalaritza, oligopoliorantz

Etxe turistikoak esparru batean pilatzeak eta turismo jarduera eremu are murritzagoan biltzeak leku horietan ostalaritza eredua aldatzea ekarri du. Tentsio handiko eremuetan, 2016tik 2023ra, lokal horien kopuruak behera egin du; halaber, horien tamaina eta langile kopurua handitu egin da.

Antolinek salatutakoaren arabera, Alde Zaharrean, Abandon eta Indautxun ostalaritzak oligopolio bidez funtzionatzen du, hau da, frankizien eta ostalari talde handien bitartez. Aldaketa horrek familia tabernen edo inbertsore txikien lokalen gainbehera ekarri du, eta horrek konpetentzia ezabatzen du, herritarren kalterako, txostenak salatzen duenez.

4

Bizi kalitatea galtzea

Gentrifikaziorik ez dagoela argi utzi du ikerketak, ez baitira horretarako baldintzak betetzen. «Bilbon etxe turistiko gehien dituzten auzoetan, Alde Zaharrean, Abandon eta Indautxun, errentak batez bestekoaren gainetik daude», azaldu du Antolinek. Beste arrazoi bat zera da, turistifikazioak aztertutako tentsio handiko eremuari soilik eragiten diola.

Halere, azpimarratu dute turistifikazioak kalte egiten diola bilbotarren bizi kalitateari, eta alokairuak garestitu egiten dituela, «zeharka behintzat». Alde batetik, etxe turistikoen eraginez, bizitzeko apartamentuen alokairu parkea murrizten da, batez ere, Alde Zaharrean; bestetik, biztanle ahulenak kanporatzen ditu. «Hori oso nabarmena da San Frantzisko inguruan».

«Burbuila turistikoaz» ere aritu dira, gaur egungo ereduaren iraunkortasunaz. «Zer egingo dugu egitura turistiko honekin burbuila lehertzen denean?», azaldu du bere kezka Antolinek: «Zein da hiriak har dezakeen turista kopurua, hiriari kalte egin gabe? Horri erreparatu behar diogu».

Ekologistak Martxan-ek proposamen batzuk ditu egoera hobetzeko. Alde batetik, hiriari kalte egin gabe har daitekeen turista kopuruari erreparatzea proposatzen dute. «Kontzeptu hori hiri askotan aplikatzen da: lehenengo karga gaitasuna definitu, eta, ostean, ostatu eta ostalaritza lizentzia kopuruak zehaztu», aipatu du Antolinek. Bestetik, etxebizitza jarduera ekonomiko gisa erabiltzeko joera aldatzeko eskatu dute: «Etxe turistikoek sortzen duten erresistentziak zerikusia du zaratarekin eta turista andanarekin, baina, batez ere, etxebizitza izateko etxebizitzaren funtzio soziala berreskuratzearekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.