Datuak

Azken bi hilabeteetako positibo gehien atzeman dituzte Hegoaldean

Osakidetzak eta Osasunbideak 1.133 COVID-19 kasu atzeman dituzte astelehenean egindako probetan; azaroaren 19tik erregistratu den kutsatu kopururik handiena da. Jaurlaritzak onartu du «tentsioa» nabaritzen hasi dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan.

Antigeno testak, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urtarrilaren 19a
13:13
Entzun

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, birusa detektatzeko 13.479 proba egin ziren atzo Hego Euskal Herrian, eta horien guztien %8,4k eman dute positibo, hau da, 1.133 pertsonari atzeman diete birusa. Eguneko positibo kopuruak azaroaren 19an gainditu zuen langa hori azken aldiz; hartan 1.207 positibo atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak.

Lurraldez lurralde, Bizkaian 530 kasu positibo atzeman dituzte atzoko zenbaketetan. Nafarroan 239 izan dira; Gipuzkoan 227 zenbatu dituzte; eta Araban, berriz, 132. Gainera, Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Euskal Herritik kanpo bizi diren beste bost pertsonari ere atzeman diete koronabirusa.

Tentsioa gora ospitaleetan

Osakidetzaren ardurapeko ospitaleetako egoera okertzen ari dela onartu du Jaurlaritzako Osasun sailburu Miren Gotzone Sagarduik. «Tentsioa igartzen hasi da erietxeetan», esan du koronabirusaren jarraipenaren gaineko prentsaurrekoan. Sailburuak emandako datuen arabera, atzo 82 pertsona erietxeratu zituzten Osakidetzaren ardurapeko zentroetan, bezperan baino 42 gehiago. Horiek aintzat hartuta, guztira 448 lagun daude gela arruntetan ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 96 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Sagarduik adierazi duenez, ZIUetako kontingentzia planaren 3. fasean sartu dira jadanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.