Eugenio Arraiza

Azken agurra bultzatzaileari

Eugenio Arraiza euskaltzale eta kulturgile nafarra zendu da; Euskalerria Irratiaren sortzaile, Eusko Ikaskuntzako arduradun eta Eusko Kultur Fundazioaren buru izan zen, bertzeak bertze; arduradun eta bultzatzaile nekaezina.

Eugenio Arraiza, Eusko Kultur Fundazioko bere bulegoan. Orduak ematen zituen han, hamaika proiektutan lanean. IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Hitz bakar batek ezin du laburbildu Eugenio Arraizaren ibilbidea. 1936. urtean sortu zen, Iruñean, eta atzo goizaldean zendu zen, hiri berean. 79 urte zituen. Lanez betetako 79 urte. Euskalgintza izan zuen beti lan esparru nagusia. Babesle baino gehiago, sustatzaile izan zen. Euskalgintzaren eta euskal kulturaren esparruko hamaika proiekturen eta elkarteren bultzatzailea. Euskalerria Irratiaren sortzaileetako bat izan zen; Eusko Ikaskuntzako idazkari eta arduradun nagusi Nafarroan; bertsolaritza eta kantugintza bultzatu zituen herrialde horretan; Udako Euskal Unibertsitateko kide izan zen, eta Eusko Kultur Fundazioaren buru. Ezagutzeko grina izan zuen beti gidari, Arraizak berak nabarmendu zuenez: «Ezagutzeko, saiatzeko eta ekiteko grina». Gaur jasoko du azken agurra, 12:00etan, Iruñeko hilerrian.

Euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuen lan Arraizak. Euskaldun berria zen. Ama asturiarra zuen, baina aitaren familiaren aldetik lehengusuak zituen Leitzan, Lekunberrin eta Elizondon (Nafarroa), eta, ondorioz, euskara txikitatik ezagutu zuen. Horixe nabarmentzen zuen Arraizak: «Beti izan dut argi euskal nortasuna banuela, euskara jakin gabe ere». Euskara ikasteak eman zionaz argi mintzatu zen, halaber: «Oso pozik nago euskara nirea ere bazela konturatu nintzelako, eta aukera eman zidalako mundua ulertzeko hemendik. Ohartu nintzen, gainera, nik aukera nuela mundu horretan parte hartzeko. Ematen du handia izan behar duzula boterea izateko, baina hori ez da ona gizakiarentzat. Izan behar dugu gu izateko adina botere, inolaz ere ez besteak zapaltzeko adina».

Arkitektura ikasketek Madrilera eraman zuten Arraiza, Iruñetik. Hark ez zuen bide hori gustuko, baina aitak bultzatuta joan zen. Ikasketek eta hiriak, ordea, ez zuten Arraiza gaztea ase, eta jesuiten bidea hartzea erabaki zuen. Hura ere ez zuen amaitu. Ez zituen azken botoak hartu. Zaragozan (Espainia) ezkondu, eta Iruñera itzuli zen, 1979an.

Handik urtebetera, Eusko Ikaskuntza martxan jartzeko lanean murgildu zen. 1980. urtean atiko bat alokatu zuten, eta han jarri zuten erakunde haren egoitza. Jose Maria Jimeno Jurio izendatu zuten Nafarroako buru. Arraiza Eusko Ikaskuntzako idazkari izan zen hainbat urtez, bai eta erakundeko arduraduna ere, Nafarroan. Gerora, utzi egin zuen.

Euskalerria Irratia

Eusko Ikaskuntza martxan jartzeko lanaren garai hartan hasi zen Arraiza euskara ikasten, Arturo Campion euskaltegian. Ordurako, hamaika proiektutan murgilduta zegoen jada. «Mintza praktikekin, aldizkari bat sortzen, bertsoekin...». 1980ko hamarkada horretakoa da, halaber, Euskalerria Irratia sortzeko lehendabiziko urratsa: «1984. urtean egin genion lehen eskaera Nafarroako Gobernuari», gogoratu zuen Arraizak 2007. urtean egindako elkarrizketa batean.

Irrati hori ez zen izan Arraizak lagundu zuen euskal hedabide bakarra. Egunkaria-ren alde ere aritu zen, eta itxi zutenean —2003. urtean—, adibidez, Arraizak bulego bat eskaini zien langileei, epaileak itxitakoaren ondoan. «Pagatu zigun telefonoa, argia eta abar; handik aritu ginen Egunero-rako, bi edo hiru ordenagailu zaharrekin», gogoratu zuen Alberto Barandiaran kazetariak 2013. urtean.

Herri mugimenduekin eta herri kulturarekin lotura estua izan zuen Arraizak beti. Horregatik erabaki zuen, hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntza uztea. «Erakunde huts bilakatzeko bidea hartu zuelako». Eta Arraizak elkartea nahi zuen; ez, ordea, erakundea.

Bertsolaritzarekin eta kantugintzarekin lotu zen, herri kulturaren aldeko grina horren eskutik. Nafarroan bertsolaritza galtzeko zorian zela, Bertso Lagunak elkartea jarri zuen martxan. «Kultura tradizionala guztiz zapaldua eta ia galdua dugu, transmisioa moztuta. Baina euskal kulturak eguneroko kultura behar du izan. Eguneroko bizitzan egiten duzuna da benetan ardatz. Eta kultura herrikoia interesatzen zait, herria adierazten duelako, ez hiria». Herria nahi zuen Arraizak.

Horregatik, herriak sortutako hamaika proiekturi eman zion babesa. Babesa baino gehiago, martxan jartzeko bultzada. Izan ere, Arraizak ez zuen bere burua mezenas edo babesletzat. «Ez, ez. Babesle ez, arduradun izan naiz. Hasi, eta gero beste batek jarrai dezala. Arduradun bat badago, taldea edo pertsona bat, haien esku utzi ardura hori. Gainera, oso aspergarria izanen litzateke bizitza gauza batekin lotuta bakarrik».

Eta Arraiza ez zen aspertu. Beti baitzuen bultzada behar zuen proiekturen bat esku artean. Liburu bilakatu zuen Arraizak ezagutzaren aldeko bere grina, hainbat aldiz. 1994. urtean, adibidez, Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik, Eusko Kultur Gaiak saila martxan jartzeko prozesuan aritu zen. «Hemengo gaiak jorratzea da gure eginkizuna, hemengo arazoak, hemengo ekonomia, hemengo politika, hemengo natura, hemengo kultura». 2007. urteko Durangoko Azokan, Euskal Herria ardatz liburua idatzi zuen Arraizak, bertze hainbat egilerekin batera. Udako Euskal Unibertsitateak atera zuen lan hura.

Azken urteotan, bere memoriak jaso zituzten liburuak izan dira Arraizaren lanaren ardatz nagusi. 2011. urtean aurkeztu zuen lehendabizikoa: Memorias, cerezas y golondrinas, Pamplona 1936-1946 (Memoria, gereziak eta enarak; Iruñea, 1936-1946). «Nire orduko oroitzapenak gerezi eta enarei buruzkoak dira, gero jakin nuen gerrari buruzkoez», erran zuen BERRIAn, liburu hura aurkeztu zuenean.

Bere memoriei buruzko azken liburua iazko urrian plazaratu zuen, Azpeitian (Gipuzkoa): Fiebre en los comventos. Azpeitia-Azkoitia 1959-1962 (Sukarra komentuetan. Azpeitia-Azkoitia 1959-1962).

«Ezagutzen duguna gara». Hori uste zuen Eugenio Arraizak, eta halaxe nabarmentzen zuen. «Ezagutza, eta ez informazioa, ez baita gauza bera», zehazten zuen euskaltzaleak. «Informazio asko dugu eskura, baina informazio hori barneratu behar dugu. Eta ekintzetan islatu». Arraizak horixe egin zuen. Azkenera arte, gainera.

Gaur eguerdian emanen diote azken agurra senideek eta senitartekoek, Iruñeko hilerrian. Lontxo Aburuza bertsolariak eta Kike Diez de Ultzurrun kazetari eta itzultzaileak parte hartuko dute ekitaldi horretan, bertzeak bertze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.