Arabako Foru Aldundiak hasierako onespena eman dio Azazetako Parke Eolikoaren Plan Bereziari. Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak osatutako Aixeindar sozietateak aurkeztu zuen proiektua, eta orain aldundiak ontzat jo du, parkeak eragina izango lukeen udalen artean «adostasunik ez» dagoela ikusi eta gero. Barrundia, Bernedo, Arraia-Maeztu, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalak dira horiek. Arabako Aldizkari Nagusiak gaur argitaratu du ebazpena, Ingurumen eta Urbanismo diputatu Josean Galerak ekainaren 29an onartu eta gero.
Zortzi sorgailuko parke eoliko bat sortzea da asmoa, 40 kilowatt sortuko lituzkeena, 37 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin. Behin aldizkari ofizialean argitaratuta, hiru hilabeteko epea zabaldu dute, urriaren 31ra arte, dokumentua informazio publikora zabaltzeko.
Irakurri gehiago:Aztertzen ari dira 43 parke eoliko egiteko eskariak
Elkarrekin Arabak hamasei alegazio
Bestalde, Elkarrekin Arabak jakinarazi du hamasei alegazio aurkeztu dizkiola Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari. Alegazio horien artean, Elkarrekin Arabak «zalantzan jartzen du aurreikusitako eredua», iritzita «eskala handiko energia berriztagarrien ezarpenean» oinarritzen dela eta lurraldeko korridore ekologikoei eragiten diela.
David Rodriguez bozeramaileak azaldu duenez, planaren eragina «oso handia da Araban; izan ere, hamabi parke eoliko berri planteatzen ditu, ia 46 kilometroko lerrokadurarekin mendilerroetan; landare fotovoltaikoko 339 lursail, nekazaritza eta abeltzaintzako 4.500 hektarea baino gehiagoko okupazioarekin». Gainera, Rodriguezen arabera, hasierako onespenaren dokumentuan, horren aurretik aurkeztutako dokumentuarekiko desberdintasunak daude: «Uste da aurkeztutako alegazioetatik datozela, baina Eusko Jaurlaritzak ez du horien gaineko azalpenik ematen. Dokumentu berrian 64 kilometro baino gehiago kendu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako lerrokadura eolikoetatik, eta zazpi kilometro bakarrik Araban».
Arabako Aldundiak berak alegazioak aurkeztu zituen proposatutako kokalekuen eraginari buruz, baina horiek ez dira kontuan hartu, David Rodriguezen esanetan. Fotovoltaikoei dagokienez, laukoiztu egin da okupatutako azalera, eta aurrerapeneko 1.201 hektareatik 4.890 hektareara igaro da. «Hektarea horiek guztiak Araban daude, 300 Bizkaian eta Gipuzkoan izan ezik», Rodriguezek kritikatu duenez.