150 lagunetik gora bildu dira gaur Algortako Portu Zaharrean azaroaren 5ean Getxon (Bizkaia) egingo den galdeketan parte hartzera deitzeko.
Tokiko “pertsona erreferentzialak” izan dira agerraldian: Paul Bilbao euskaltzalea, Jon Elortza, Ana Ramos, Begoña Zubieta, Jose Felix Azurmendi eta Javier Sanchez Erauskin kazetariak, Laura Mintegi eta Francisco Letamendia irakasleak, Eneko Acero surflaria eta Endika Guarrotxena futbol jokalari ohia, besteak beste. Unai Elorriaga idazlea eta Bea Sever Chrysallis Euskal Herriko kidea izan dira bozeramaileak.
“Gaur eta hemen elkartu garen getxoztarrok bat egiten dugu azaroaren 5eko kontsultarekin eta gure auzokideei dei egiten diegu, boto papera eskuan, demokraziaren ariketa honetara etor daitezen”, adierazi dute.
Era berean, Getxoko Gure Esku Dago mugimenduko hogeita hamar bat gaztek bizikleta martxa bat antolatu dute eta auzo guztietan zabaldu dute deia.
Gaur arte Euskal Herriko estatus politikoari buruz galdeketa bat antolatu duten udalerrietatik handiena izango da Getxo: ia 80.000 biztanle ditu. Azaroaren 5ean beste hamabi herritan ere egingo dituzte galdeketak: Gipuzkoako Andoainen eta Bizkaiko Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandio.
Orain arteko galdeketei buruzko informazio gehiago hemen.