Euskara

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak

Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien gaineko kezka azaltzeko egingo den manifestazioaren leloa jakinarazi dute gaur, Kontseiluak deitutako agerraldi jendetsu batean: 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'

Azaroko manifestazioa deitzeko egin duten agerrialdia gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo
2023ko irailaren 26a
11:18
Entzun

Euskara eskakizunen kontra, eta administrazioan euskaraz jardutea ahalbidetzen duten erabakien aurka ere bai. Ebazpen judizial ugarik auzitan jarri dituzte iragan hilabeteetan euskara garatzeko aurrerabideak. Aspaldikoa da kezka, euskalgintzak hilabeteak daramatza «oldarraldi judiziala» salatzen, eta, iragarrita zegoen eran, azaroaren 4an manifestazio bat egingo da Bilbon, kezka hori agerian uzteko. Gaur, «Hizkuntzen Europako egunean», manifestaziorako deia egiteko agerraldia egin dute euskalgintzako hainbat eragilek, Kontseiluak deituta. Manifestaziorako leloa jakinarazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkaria nagusiak: Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat. Aldarri hori gogoan, Bilboko kaleak betetzera deitu dute. Azken urteotan euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena izango dela aurreikusi dute antolatzaileek.

«Euskararen normalizazioa eta biziberritzea helburu duten arauen eta politika publikoen kontrako epai sorta geldi gabe eta amaiezin bat gertatzen ari dela salatu nahi dugu», adierazi du Eskisabelek, Euskalduna jauregiaren aurrean. Izan ere, azaroaren 4an manifestazioa hantxetik abiatzea da asmoa, 17:00etan. Bilboko udaletxerainoko bidea izango da, eta han egingo da amaiera ekitaldia.

Mobilizazioaren atariko, herri eta auzoetan ekitaldiak antolatzera deitu dute: «Hurbileko zein hain ez hurbileko jendeari manifestazioaren berri emateko». Alderdi politiko eta sindikatuei ere bat egiteko eskatu diete. Eragile eta norbanakoek manifestazioaren alde atxikimendua emateko era izango dute Kontseiluaren webgunean. «Euskaltzale guztiok eta oro har, hizkuntza berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan sinesten dugun guztiok, noranzko bateratuan aritzea ezinbestekoa da». Eskisabelek argi utzi du «guztion indarrak» beharko direla «oldarraldiari hesia jartzeko» eta «olatu erreakzionarioari aurre egiteko».

Agerraldian, gogora ekarri dituzte euskararen kontra ebatzi diren hainbat ebazpen, eta bereziki uztailaren 6koa: egun hartan Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez jarduteko bideak estutu zizkien, EAEko Udal Legearen 6.2 artikulua partzialki baliogabetuta. Erabaki harekin, euskararen normalizazioan aurrerapausoa emateko «tresna sendo bat» indargabetzeaz gainera, «adostasun sozial handi baten kontra» egin zen: halaxe nabarmendu du agerraldian idazkari nagusiak. Gogoratu du erantzun zabala eman zitzaiola ebazpen hari; hain justu ere, uztailaren 13an 80 alkate eta ehundik gora udal hautetsi batu ziren EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, alkate makila eta uztaiak eskuetan, epaia salatzeko eta kezka adierazteko. Aurrez, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere agerraldi jendetsu bat egin zuen ebazpenaren aurka.

Kezka aurretik ere bazetorren, hala ere. Eskisabelek berak gogora ekarri du maiatzean egin zutela aurrena manifestazio handi bat egiteko proposamena. Goibururik gabe egin zuten orduan aurkezpena. «Euskaltzale denek eta hizkuntza berdintasunean» sinesten duten guztiek ontzat emango zuten lelo bat nahi zuten, bateratzailea, eta hain justu horretarako ireki uzten «prozesu irekiaren» emaitza da gaur plazaratu duten leloa. Zer esan nahi duten azaldu du. «Euskararekin bat» esanda adierazi nahi dute «oldarraldi eta olatu erreakzionarioen gainetik» euskararen biziberritzean eragiteko eta sakontzeko garaia dela. «Euskaraz bat» aldarrikatuta, berriz, nabarmendu nahi dute euskara «gizarte kohesiorako tresna» dela. Epai anitzek euskara «segregaziorako» tresna gisara erakutsi nahi izan badute ere, bestelako ikuskera dute manifestaziorako deia egin dutenek: «Gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia da».

Erantzun «bateratuaren» beharra

Besteak beste, agerraldian izan dira AEK-ko, Elkar fundazioko, Topaguneko, Berbaizuko, Ikastolen Elkarteko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko ordezkariak. Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendaria eta Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria ere bertaratu dira, baita Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia ere. «Oldarraldiaren aurrean, erantzun bateratua eman beharra dago», azpimarratu du Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Gizarte eragileak eta eragile politikoak biltzeko beharra adierazi du, erantzun «eraginkor» eta «jendetsua» emateko. «Erakutsi behar dugu hemen badagoela herri bat eta euskaltzale mordo bat, horrelako erasoei erantzuna emateko prest».

Era berean, Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak gehitu du elkarlana sustatu behar dela: «Euskara eta euskal kultura aurrera aterako dira elkarlanean jarduten badugu; hori da manifestazioarekin aldarrikatu nahi duguna». Iñaki Zabaleta Urkiola Eusko Ikaskuntzako ordezkariak, gainera, elkarlan horrek «aktiboa» izan behar duela esan du; eta «euskal gizarte modura erreakzionatu» beharra dagoela. «Euskararen inguruko aktibismoa indartu behar dugu, gazteetatik hasita», azaldu du.

Zenbat Gara elkarteko Isa Izarzelaia ere agerraldian izan da. «Euskaldunok gutxiago izatera garamatzate oldarraldiek», kritikatu du. «Horri aurre egin behar zaio». Izarzelaiaren ustez, sententziak beste modu bat dira euskaldunak «gutxiesteko, aukerak kentzeko eta nor izateari uzteko». Horregatik, uste du herritarrek manifestazioarekin bat egingo dutela. «Euskaldun moduan, nik uste dut identifikatuko garela. Min egiten digu, eta min hori sentitzen dugu. Hiztun moduan, euskaldun moduan, eta herritar moduan. Txikiagotu egiten gaitu, desagerrarazteko bidean jarriz. Euskara etxe barruko hizkuntza izatera garamatza horrek, intimitatetik kanpo ez erabiltzera. Legearekin topo egin eta legeari dagokion guztia euskaraz egin ahal dugunean, orduan izango gara hiri edo herri euskalduna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.