Azaroaren 30erako greba feminista orokorra antolatu du Hego Euskal Herriko mugimendu feministak, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuen babesarekin. Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan erregistratu dute deialdia. Agerraldian, zaintza lanek «eraldaketa sakon bat» behar dutela aldarrikatu dute ordezkariek.
«Zaintza krisi batean gaude, emakumeok errebelatzen ari garelako», adierazi du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak, eta sexuaren araberako lan banaketak ekartzen dituen baldintza prekario eta kaskarrak salatu ditu. Horri aurka egiteko, «zaintza sistema publiko eta komunitario bat» ezartzeko eskatuko diete instituzioei.
Bai emakumeak eta bai gizonak daude deituta azaroaren 30eko greba feministan parte hartzera, «zaintza lanak bizitzan guztiok beharko ditugulako, zaintza lanak guztion ardura direlako eta zaintza lanak antolatu eta banatu egin behar direlako», Aranbururen hitzetan. Ordezkariak ziurtatu du mugimendu feministarekin «eskuz esku» lan egingo dutela. Sindikatuek jakinarazi dutenez, bat egiten dute Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenekin, eta bere egin dituzte larunbatean herri akordioan aurkeztutako eskaerak: zaintza duina eta unibertsala bermatzea, pribatizazioa amaitzea, sistema publikoa garatzea, lan jarduna murriztea eta langileen lan baldintzak hobetzea, besteak beste.
Azaroaren 30ekoa Euskal Herriko mugimendu feministak deitzen duen lehenengo greba feminista orokorra izango da, eta prozesu luze baten emaitza da. Prentsa oharrean, greba feminista orokorraren helburua lantokietan intzidentzia izatea dela jakinarazi dute sindikatuek eta mugimendu feministak.
Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak ere hartu du hitza greba erregistratzean. Haren ustez, «bizitza erdigunean» jartzeko, zaintza sistema irauli egin behar da. «Zaintza lanak, hein batean, emakumeen bizkarrean geratzen dira», azaldu du sindikatuko ordezkariak. Horrez gain, instituzioei leporatu die zaintza sistema enpresa pribatuen esku jartzea, «negozioa egin dezaten». Egoera aldatzeko, zaintza sistema publiko, doako, unibertsal eta kalitatezko bat finkatzea dute helburu.