Azaroaren 30eko greba feministaren harira, hiru grebalarik epaitegian deklaratu dute

Dozenaka lagunen babesa jaso dute Azpeitiko epaitegiaren aurrean. Desordena publikoak egin izana egozten diete.

Deklaratu behar zuten grebalariei babesa adierazteko elkarretaratzea, gaur, Azpeitiko epaitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Deklaratu behar zuten grebalariei babesa adierazteko elkarretaratzea, gaur, Azpeitiko epaitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
AZPEITIA
2024ko ekainaren 5a
12:35
Entzun

Iazko azaroaren 30ean milaka euskal herritarrek kaleak hartu zituzten greba feminista orokorrean. Zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzea izan zen helburu nagusia. Grebaren harira, hiru feministak Azpeitiko epaitegian (Gipuzkoa) deklaratu behar izan dute gaur goizean. Haiei babesa adierazteko, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek epaitegiko atarian.

Azaroaren 30eko goizaldean, hainbat grebalarik Arroako (Zestoa, Gipuzkoa) autobideko irteera moztu zuten, ordainlekuen aurrean eserialdia eginda. Egun osoan, gainera, mobilizazioak ere egin zituzten. Ertzaintzak bi lagun identifikatu zituen bide mozketa horietan, eta horiek biak deitu dituzte deklaratzera, baita eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioen informazio orria bidali zuena ere.

Deklaratzera deitu dituztenetako bi dira Miren Osagaldona eta Maddi Gallastegi Osa. Epailearen aurrean hitz egin ostean, saioa «ondo» joan dela adierazi dute: «Inpresio ona dugu; guk behintzat gure aldea defendatu dugu». Halaber, «esker ona» adierazi diete herritarrei, jasotako babesagatik, eta nabarmendu dute lanean jarraituko dutela zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde. Desordena publikoak egitea leporatzen diete hirurei. Gaurko deklarazioen ostean epaiketak aurrera jarraituko balu, sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorra ezar diezaiekete grebalari feministei.

Dozenaka kideren babesa

Grebalariek deklaratu aurretik eta deklaratzen ari ziren bitartean, mugimendu feministako kideek elkarretaratzea egin dute epaitegiko atarian. Horrela, grebalariei babesa adierazi diete, eta prozesu judiziala bertan behera gera dadila eskatu. Gainera, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde daudela berretsi dute.

Zumaiako mugimendu feministak ohar bat ere atera du, eta «babes osoa» adierazi diete hiru grebalariei. «A-8a kolapsatu genuen aski dela esateko, ez dugulako behar gure bizi baldintzen prekarizazioaren kontura dirua metatzea eta horretarako oztopotzat dituztenak paretik kentzea beste helbururik ez duten nekropolitiketaranzko autobiderik». Eta ekinean jarraituko dutela ziurtatu dute: «Parez pare egongo gara, normalitatearen autobideak mozten segituko dugu, erabaki dugulako gure bizitzen eta erabakien jabe izan nahi dugula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.