Azaroaren 28an hasiko dira auzitegietan aztertzen Ernaik Jaurlaritzaren kontra jarritako helegiteak

Protesta batean parte hartzeagatik, 300.000 euroren isunak iritsi zitzaizkien 133 gazteri, 'mozal legea' aplikatuta. Helegiteak jarri zituzten, banan-banan.

Ernairen agerraldia, gaur, Bilbon. BERRIA
Ernairen agerraldia, gaur, Bilbon. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2024ko urriaren 23a
12:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak 300.000 euroren isunak jarri zizkien Ernaik deitutako protesta batean parte hartu zuten dozenaka pertsonari, mozal legea aplikatuta. Guztira 133 isun izan ziren, eta isun bakoitzeko helegite bat aurkeztu zuen Ernaik Gasteizko administrazioarekiko auzietako epaitegian. Helegite horiek aztertzeko lehen epaiketa azaroaren 28an izango da. Bilbon egin dute agerraldia, xehetasunak emateko. «Epaiketaren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren arbitrariotasuna eta jokaera desproportzionatua salatuko ditugu. Hurrengo hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak bere burua defendatu beharko du. Gure helburua da haien etengabeko jazarpenerako joera geldiaraztea eta Euskal Herriko gazteriaren eskubide zibil eta politikoen defentsarako bermeak ezartzea».

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen kontrako espetxeratze agindua salatzeko, Ernaik bi protesta egin zituen, bat Bilbon eta beste bat Gasteizen, iazko irailaren 22an. Orduan, ertzainek 133 gazte identifikatu zituzten. 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak iritsi zitzaizkien: orotara, 290.500 euro. Gazte mugimendua «ekonomikoki ito» nahi izatea eta «politikoki deuseztatu» nahi izatea egotzi zion Ernaik Segurtasun Sailari. Isun horiek «modu arbitrario eta desproportzionatuan» jarri direla adierazi dute «urteetan gisa honetako ekimenei eman zaien erantzuna oso bestelakoa izan baita». Horregatik, diotenez, «Ernairen aurkako eta oro har gazteria independentistaren aurkako estrategia errepresibo bat existitzen da. Unean-unean forma desberdina hartzen du, eta mekanismo legal, juridiko eta administratibo desberdinen bitartez garatzen da».

Jaurlaritza auzitara eramanda, helburu dute «gizarte mugimenduen aurka darabilen jazarpen estrategiaren aurrean kontsentsu zabalak eraiki eta bide hori amaiaraztea»

Aitortu dute isunek eta jazarpenek kaltea eragiten dutela gazte mugimenduan: «Egoera honi eustea ez da batere erreza, baina ondo dakigu aurrera goazelako gertatzen dela hau».

Aurrera egin asmo dute, eta hargatik uste dute azaroaren 28an abiatuko duten bide judiziala ez dela epaiketa hutsa izango: «Hautu politiko bat da, eta epaiketa beste borroka eremu bat bezala ulertzen dugu». Maiatzean isunen berri eman zutenetik, hainbat ekinaldi eta mobilizazio egin dituzte, irailean Donostian egindako manifestazioa barne. Bide horretan, epaitegietan prozesu horren «beste kapitulu bat» zabaltzea dute xede, baina gazte mugimenduaren kontra jarritako isunez harago eraman nahi dute aldarrikapena. «Egoera bidegabe honen aurka gauden guztiok bat egiteko hitzordua ere izan behar du. Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko gizarte mugimenduen aurka etengabe darabilen jazarpen estrategiaren aurrean kontsentsu zabalak eraiki eta joera hau amaiarazteko indarrak batzeko unea izan behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.