EHU Euskal Herriko Unibertsitateko gobernu kontseilua gaur goizean batu da, eta unibertsitateko hauteskundeen egutegia zehaztu du: azaroaren 26an egingo dituzte EHUko errektorea aukeratzeko bozak.
Gaur-gaurkoz, ez dago hautagai ofizialik, baina, itxura guztien arabera, bi pertsonak aurkeztuko dute datozen sei urteetan EHU gidatzeko hautagaitza: Eva Ferreirak —egungo errektorea— eta Joxerramon Bengoetxeak. Aspaldian ez zen horrelakorik gertatu: hautagai bakarra izan da EHUko azken hiru hauteskundeetan.
egutegia
- Urriaren 9tik 29ra. Hautagaitzak aurkeztuko dituzte.
- Azaroak 7. Hautagaitzak behin betiko onartuko dituzte.
- Azaroaren 8tik 24ra. Hauteskunde kanpaina egingo dute.
- Azaroak 11. Klaustroaren bilkura egingo dute, hautagaitzak aurkezteko eta hautagaiek beren programak aurkezteko.
- Azaroak 26. Bozketa egingo dute.
- Abenduak 3. Errektorea behin betiko izendatuko dute.
Azaroaren 26ko hauteskundeen ostean beste itzuli bat egin beharko balitz —hautagaietako batek ere ez baditu lortzen lehen itzulian boto haztatuen erdiak—, abenduaren 3an egingo lukete bigarren bozketa, eta abenduaren 11n izendatuko lukete errektorea behin betiko.
Errektorea unibertsitateko agintari akademiko gorena da, eta unibertsitateko kideek aukeratzen dute, zuzenketako hautaketa eta sufragio unibertsal, libre eta haztatuaren bidez. Alegia, unibertsitateko kide guztiek dute aukera botoa emateko, baina guztien botoak ez du balio bera. Hauek dira unibertsitateko kolektiboak eta haien botoak duen balioa: lotura iraunkorreko irakasle doktoreenak, %56,3; irakasle ikertzaile ez-doktore iraunkorrenak eta lotura iraunkorrik gabeko irakasle ikertzaile doktoreenak, %8; beste irakasle ikertzaileenak, %1,6; ikasleenak, %22; eta teknikarienak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileenak, %12.