Erdizko proiektua

Azaroaren 20ko galdeketa bertan behera uzteko agindu diete Baztango alkateei

EH Bilduk jakinarazi duenez, atzo Guardia Zibilaren kuartelera deitu zituzten erabakiaren berri emateko. Astelehenean bilduko dira alkateak, egoera aztertzeko.

Legebiltzarreko parlamentarien bisita, Magnak meategia egin nahi duten lekura. NAFARROAKO PARLAMENTUA
Jon Ordoñez Garmendia - Mikel P. Ansa
2022ko azaroaren 12a
12:22
Entzun

EH Bilduk ohar batean jakinarazi duenez, Guardia Zibilak Baztango alkateak kuartelera deitu zituen atzo ostirala, eta jakinarazi zien bi eguneko epean bertan behera utzi behar dituztela azaroaren 20rako deituak dituzten galdeketak.

Magnesitas de Navarraren Erdizko proiektuari buruzko galdeketa bat da. Magnak udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa aurkeztu du egitasmoa, eta galdeketa alkateek antolatu dute, Baztango herri lurrak kudeatzeko ordenantzak baliatuta. Baztango hamabost herrietatik hamalautan dira egitekoak.

Alkateak aztertzen ari dira egoera, eta astelehenean egingo dute batzar bat. Ordurako eman behar dute erabaki bat. Zenbait herritan aztertzen ari dira herriko batzarrak biltzea ere, egoeraren berri emateko.

Hirugarren debekatua

Antolaketa administratibo berezia du Baztanek: herriko batzarrek onarpen juridikoa dute, eta haiek izendatzen dituzte herrietako alkateak, bi urtean behin. Herri guztiak udal bakarrean biltzen dira, eta hori da Baztango Udala. Juntak ere baditu ibarrak, eta haien bidez saiatu dira galdeketa egiten beste bi alditan. Bietan debekatu diete.

Bestela ezinda, udal bakoitzeko alkateak egin du azaroaren 20ko galdeketarako deialdia, Baztango ordenantzek horretarako aukera ematen dietelako. Almandozen ez gainerako herri guztietan egiteko asmotan ziren.

Baina Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak uste du herriek eta Baztango Udalak ez dutela eskumenik auzi honen gainean, Magnaren proiektua udalerriz gaindikotzat izendatu dutelako, bestez beste. Eta, horrenbestez, gai horri buruz galdeketa egiteko eskumena ukatu die.

Ordezkaritzak Guardia Zibilari bidali zion agindua; ostegunean jakinarazpenak bidali zituzten, eta atzo kuartelera joan behar izan zuten alkateek. Bi eguneko epea eman diete galdeketak bertan behera uzteko, eta epe hori astelehenean iraungiko da beraz.

EH Bilduren salaketa

EH Bilduk Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari leporatu dio herritarrei hitza kentzea. Koalizioak azpimarratu du galdeketa bat egitea ariketa demokratiko dela, «ibarrarenak diren lursail batzuei eman nahi zaien erabileraz herritarrek duten iritzia entzuteko».

Gaineratu du legediaren arabera herritarrek eskubide hori dutela. Kritikatu egin du, gainera, udalerriz gaindiko eragina duen plan gisara aurkeztu izana proiektua, «herri kaltetuen autonomiaren gainetik eta Baztango Udalari Erdizko lursailei eman nahi dien erabileraren gainean erabakitzeko aukera kenduz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.