Azaroaren 20an hasiko da berriz 'De Miguel auziko' epaiketa, ondorioekin

Akusatu nagusiek delituak ukatu dituzte, baina bi auzipetuk komisioak ordaindu eta jaso izana aitortu dute. Fiskalak zigor eskariak aldatuko ditu

Josu Izagirre Arabako fiskal nagusia, epaitegira sartzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Deklaratu dute akusatu guztiek. Estibalitz Arruti eta Gorka Errasti izan ziren atzo deklaratzen azkenak, eta eten egingo da De Miguel auziko epaiketa, azaroaren 20ra arte. Egun horretan, behin betiko ondorioak aurkeztuko dituzte aldeek. Auzipetuei leporatzen zaizkien delituetan eta haientzako eskatzen den zigorretan aldaketarik baden argituko da orduan. Josu Izagirre Arabako fiskal nagusiak iragarria du zenbait auzipeturekin akordioa egin duela —bederatzi izan litezkeela esan dute auzitegiko iturriek—, eta haientzako zigor eskariak murriztuko ditu. Ez da akordiorik izan, ordea, fiskaltzaren eta akusatu nagusien artean, eta azken horiek egozten zaizkien delituak ukatu dituzte.

Alfredo De Miguel EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi, Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohi eta auziko akusatu nagusia izan zen deklaratzen lehena. De Migueli legez kanpoko komisioak kobratzeko ustelkeria sare baten buru izatea leporatu dio fiskaltzak. Ukatu egin ditu akusazio guztiak, eta ziurtatu du ez zuela «inolako zerikusirik» izan kontratuen adjudikazioan. De Miguelek berretsi du inoiz ez duela «komisiorik edo ordainik» onartu edo eskatu kontratu publikoak ematearen truke. Fiskalak 27 delitu leporatzen dizkio, eta ia 55 urteko zigorra eskatzen du harentzat.

Defentsa estrategia berari jarraitu diote Aitor Telleria EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohiak eta Koldo Otxandiano EAJko kide ohiak ere. «De Miguel auzia asmakeria hutsa da», adierazi du Telleriak. Otxandianok nabarmendu du ez dagoela «dokumentuen babesik», legez kanpoko komisioak jaso zituztela frogatzeko. Eta esan du Ertzaintzak bere etxean aurkitutako koadernoa ez litzatekeela froga gisa onartu beharko. Ordainketa irregularrak izan daitezkeen zenbait datu azaltzen dira koaderno horretan. Fiskalak 32 urteko eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Telleria eta Otxandianorentzat.

Gurutz Larrañaga Juan Jose Ibarretxeren gobernuan Kultura eta Gazteria sailburuorde izan zenak argudiatu du berak ez zuela inolako ardurarik bere sailak 2006. eta 2009. urteen artean Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei zuzenean esleitutako kontratuetan. Horren ardura Gazteria zuzendaritzarena zela adierazi du. Haren esanetan, berak «orri soil bat» sinatu besterik ez zuen egiten, eta Gazteria zuzendaritza arduratzen zen beste guztiaz. Javier Sanchez Robles zen orduan Gazteria zuzendaria, eta 18 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak harentzat. Larrañagarentzat, berriz, 17 urteko espetxealdia.

Akusatu nagusiek ez bezala, bi auzipetuk aitortu dute komisioak ordaindu eta jaso izana. Josu Arruti Sidepur enpresako administratzaileak onartu duenez, De Miguelek eta biek Riera eraikuntza enpresako legez kanpoko komisioak jaso zituzten Zanbranan (Araba) industrialde bat sortzeko kudeaketa lanak egitearen truke. Arrutik azaldu du De Miguelek 2005ean proposatu ziola Riera taldeari 161na mila euro eskatzea, eta eskaera onartu egin zuela enpresako arduradunetako batek, Francesc Fernandez Jovalek.

Fernandez Jovalek berretsi egin du Arrutiren deklarazioa. Haren arabera, Arrutik komisioa eskatu zienean komentatu zion proiektua aurrera ateratzeko balioko zuela: «Esan zidan proiektua dinamizatuko zuela, hain garrantzitsua eta epe luzekoa den proiektu batean egon daitezkeen oztopoak gainditzeko eta administrazioarekin harreman ona edukitzeko, komenigarria zela ezagutzen zuen norbait izatea». Fiskalak zazpi urte eta erdiko espetxea eskatu du Riera eraikuntza enpresako arduradunarentzat eta 19 urte eta hamar hilabetekoa Arrutirentzat.

Atzokoak, azkenak

Estibaliz Arruti eta Gorka Errasti izan dira deklaratzen azkenak.Josu Arrutiren arreba da Estibaliz Arruti eta Sidepur enpresako langile bakarra. Atzoko saioan, ukatu egin zuen bere anaiak jaso zituen komisioen berri zuela.

Gorka Errasti Estibaliz Arrutiren senarra da, eta Zanbranako hirigintza operazioan parte hartu duten hainbat enpresarekin du lotura: Arle, Zerulur eta Nai Duenak. Azken horretako langile da Ainhoa Bilbao De Miguelen emaztea. Errastik adierazi du ez zitzaizkiola arraroak iruditu bere enpresek Riera eraikuntza enpresatik jaso zituzten ordainketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.