Azaroaren 16an Palestinaren aldeko eguna egingo dute Makean

'Ibaitik itsasora, Palestina libre!' leloaren inguruan ardaztuko dute, eta egunaren xedeetako bat izango da, hain justu ere, usu boteretik «desitxuratu» nahi izaten den aldarri horren «oinarrizko zentzua» berreskuratzea.

Egunaren aurkezpena, gaur. PATXI BELTZAIZ
Egunaren aurkezpena, gaur. PATXI BELTZAIZ
arantxa iraola
2024ko urriaren 12a
13:30
Entzun

Gaur egin dute aurkezpena jakinarazteko Makean (Lapurdi) Palestinaren aldeko eguna egingo dutela, azaroaren 16an. Ipar Euskal Herrian lekuan lekuko hainbat kolektibo aspaldi ari dira Palestinaren aldeko elkartasun ekintzak sustatzen, iazko urrian Palestinaren kontrako erasoek gordintzera egin zutenetik ugaritu egin dira elkartasun keinu horiek, eta horien atzean dabiltzan kolektiboak elkartu egin dira propio egun hau antolatzeko. Ibaitik itsasora, Palestina libre! leloaren inguruan ardaztuko dute egitarau osoa, eta egunaren xedeetako bat izango da, hain justu ere, usu boteretik «desitxuratu» nahi izaten den aldarri horren «oinarrizko zentzua» berreskuratzea.

«Ezin dira parekatu herri zapaldu baten erresistentzia eta estatu kolonial baten bortizkeria», azaldu dute gaurko aurkezpenean. Israelek Palestinako gatazkan duen jarrera gogor gaitzetsi behar dela nabarmendu dute: «Estatu espantsionista eta supremazista, apartheid erregimena eta lurren konfiskazioak eten behar dira orain». Eta gogor mintzatu dira Europako Batasuneko herrialdeen aurka ere. «Israelen eta haren genozidioaren konplize dira».

Azaroaren 16an, helburu nagusietako bat izango da Addameer elkartearentzat dirua lortzea. Berebiziko garrantzia duela nabarmendu dute: «Eragile honek, Zisjordanian zein Gazan diren palestinar preso politikoak juridikoki laguntzeaz gain, jasaten dituzten eskubide urraketak dokumentatu, nazioartean ezagutarazi eta hauek geldiarazteko presioa egiten du».

Egitaraua beren-beregi prestatu dute, baita ere, gatazkaren gaineko «mezu argiak» mahai gainean jartzeko. «Bizipenetan eta borrokan oinarritutako informazio gorpuztua» jaso ahal izango dela jakinarazi dute: «Bitartekaririk gabe transmititua».

Hizlariak

Goizean izango den hitzaldian solaskide ariko dira Mays Qaisi palestinar erbesteratua, Bakearen Aldeko Frantziako Batasun Judua elkarte laikoko kide Geraldine Hornberg eta Omar Alsumi ekintzaile palestinarra. Arratsaldean, berriz, hainbat tailer egingo dituzte. Batean palestinar nekazarien kontrako gerra estrategiaren berri emango dute; bigarrenean LGTBI eskubideen harira Israelek Palestinaren kontra egiten duen «manipulazioa» aztertuko dute; hirugarrengoan kolonialismoaren aurreko erresistentziaz hitz egingo dute; eta laugarrengoan bereziki erreparatuko diote Frantziak Israeli armak saltzeko orduan duen «rol aktiboari».

Gaurko agerraldian eskertu egin dute egunaren antolaketan parte hartzen ari diren guztien ekarpena.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.