Ez da salaketa berria: 1960ko hamarkadatik, ingurumena zaintzearen aldeko taldeek eta ekologistek itsasoetara eta ozeanoetara isurtzen den plastikoaz ohartarazi dute. Ez dakite hainbeste urtean zenbat pilatu den. Baina, oro har, zenbaketa gehienen arabera, ur azalean 5,25 bilioi plastiko zati daude; hau da, 268.940 tona inguru. 2015eko ikerketa batek dio 50 bilioi izan daitezkeela. Datu horretatik kanpo leudeke urpean eta hondartzetan daudenak. Zenbaki hori, dena den, arazoaren zati txiki bat baino ez da. Izan ere, urpean daude plastikoen %70.
«Gaur egungo gizartea plastikoz estalita dago, eta ozeanoak gure zabortegi bihurtu ditugu», salatu du Greenpeaceko Ozeanoen arduradun Elvira Jimenezek. Talde ekologistak zorrotz erreparatu dio arazoari, eta abuztuan argitaratu zuen gai horren inguruko azken azterketa. Oraingoan, mikroplastikoen arriskuaz ohartarazi dute: Plastikoak arrain eta itsaskietan du izena txostenak.
Mikroplastikoek honako ezaugarri hauek dituzte: bost zentimetro baino gutxiagoko diametroa, eta esfera edo filamentu forma. Bi modutara sor daitezkeela azaldu du AZTIko itsas kutsaduran aditu Oihane Cabezasek: «Itsasoak plastikoz beteta daude, eta horiek degradatzean sor daitezke mikroplastikoak. Baina gizakiok ere sortzen ditugu; adibidez, kosmetikoetan erabiltzen dira. Esate baterako, krema esfoliatzaileetan egoten dira, xanpuetan, gorputzeko xaboietan, umeentzako produktuetan... Azala garbitzen dugunean, uretan joaten da, eta araztegiak ez dira gai mikroplastikoak garbitzeko; beraz, ibaietara joaten da». Hainbat hortzetako pastatan ere egon daitezke.
Oro har, plastikoek kalte handia eragiten diote itsasoko faunari: animaliak harrapatzen dituzte, eta hainbatek irentsi ere egiten dituzte. Jimenezek azpimarratu du azken arazo hori larritu egiten dela mikroplastikoekin: «Jateko errazagoak dira, eta gehiago ugaltzen dira». Cabezasek azaldu du Ipar itsasoan aztertutako fulmarren %95ek dutela plastikoa. «Askotan, amek pentsatzen dute jatekoa direla, eta kumeei ematen diete. Urdailean pilatzen zaie, baina ez dira elikagaiak; beraz, pisua galtzen dute izugarri».
Cabezasen arabera, bereziki hegaztietan egin dira neurketak, baina azkenaldian arrainekin ere hasi dira hainbat herrialdetako zientzialariak. Greenpeacen txostenak azken horien bilketa bat egin du. Adibidez, 2015ean Portugalen egindako bat aipatu du: salgai zeuden 26 espezietako 263 arrain aztertu zituzten, eta %20k plastikoa zuten barruan. 2013an Mantxako kanalean arraste-arrantzan harrapatutako arrainen %37k zuten plastikoa.
Jimenezek azaldu duenez, itsasoko organismo txikiek mikroplastikoak irenstean kate trofikoan sartzen dituzte. «Ikerketa batean ikusi zuten Ozeano Barearen iparraldeko planktonarekin elikatu ziren arrainek plastikoa zutela. Beste arrain handiago batzuek planktonarekin elikatzen diren arrain txiki horiek jaten dituzte. Eta gero gizakiok jaten ditugu». Aitortu du oraindik ez dela ikertu gizakiengan zenbateko eragina izan dezakeen, eta, ondorioz, ezin direla zehaztu eragiten dituzten kalteak. Baina, Jimenezen esanetan, «ez da zaila asmatzen». Cabezasek esan du oso arriskutsuak direla. Izan ere, plastiko horien osagai kimikoak desegin eta animalien barruan geratzen dira. «PCB, PHB eta tankerako substantziak dituzte, eta oso toxikoak dira».
Horrez gainera, espezie exotikoak beste leku batzuetara garraiatzen dituzte itsasora botatzen diren hondakinek. «Plastiko handien gainean, errazago; baina mikroplastikoetan ere joaten dira, eta hori oso arriskutsua da, ekosistema bati dagozkion espezieak beste ekosistema batera sartzea esan nahi duelako».
Arazoa gero eta larriagoa izango da, plastiko kopurua ugarituz doalako. Gobernuek, ordea, ez diote konponbiderik ematen. Urtero, batez beste, zortzi milioi tona isurtzen dira. Eta uretan lehorrean baino denbora gehiago behar dute desegiteko. Gainera, ez da erabat desegiten: osagaiek iraun egiten dute. «Eta substantzia horiek ez dira itsasoetako elikagaien ziklo naturalaren parte», ohartarazi du Jimenezek. Hala, itsaso eta ozeanoak eurentzat erabat arrotzak diren produktu kimikoak jasotzen ari dira; gero animalien eta pertsonen gorputzetan bukatuko duten substantziak, hain zuzen.
Prebentzioa eta garbiketa
Jimenezek neurriak hartzeko premiaz ohartarazi du. Uste du lehenik hondakinen kudeaketa egokia behar dela. Edukiontziak eta poltsak botatzeko joera hautsi behar dela iruditzen zaio, plastikoa %100ean birziklatuta. Cabezas ere bat dator eredua aldatu egin behar dela esatean. Azaldu du, gainera, itsasora iristen diren plastikoen %80 lehorretik botatakoak direla. «Itsasontzietatik ere botatzen dute zaborra uretara; baina gehiena guk botatzen dugu lehorretik».
Gainera, mikroplastikoak debekatzeko eskatu du Jimenezek. Cabezasek esan du herrialde batzuek dagoeneko egin dutela lehen urratsa. AEBetan, kasurako, datorren urtetik aurrera kosmetikoak egitean ezingo da mikroplastikorik erabili. Eta 2018an gogortu egingo dute debekua: ezingo dira saldu mikroplastikoekin egindako kosmetikoak. Erresuma Batuak ere antzeko neurria hartu du berriki. «Prebentzioa da garrantzitsuena».
Mundu osoko itsasoetan daudela ohartarazi du, gainera. «Guk ikusi ez arren, euskal kostaldeko uretan ere badaude». Cabezasen esanetan, bildu egin daitezke. Adibidez, itsaslasterrek sortutako plastiko zopa edo uharteetan, hondakinak batzeko programak daude. Azaldu du plastiko handiekin batera mikroplastikoak ere jaso daitezkeela. Eta, etxean bertan, AZTIk Gipuzkoako eta Lapurdiko itsas uretan hondakinak biltzeko proiektua ipini du martxan berriki, Europako Batasunaren Life egitasmoaren barruan.
Ur gaineko zaborra jasotzeko eta kudeatzeko zerbitzu adimendun bat ezartzea da helburua. Bi arrantza ontzi eta hiru garbiketa ontzi erabiliko dituzte. Besteak beste, ur gaineko hesi bat jarriko dute Deba ibaiaren ahoan (Gipuzkoa), itsasoko zaborra metatzeko. Era berean, Aturri (Lapurdi) eta Oria (Gipuzkoa) ibaien ahoetan kamera bana ipiniko dute, porturatzen diren zaborrak monitorizatzeko. Lanak 2019ko irailaren 1erako amaituko dira. Europako Itsas Estrategiaren zuzentarauak estatu kideei helburu gisa ipini die 2020a baino lehen euren itsasoetako ur guztiak egoera onean egotea.
Azaletik hesteetara
Itsaso eta ozeanoetan sakabanatuta dauden mikroplastikoez ohartarazi dute zientzialariek. Kosmetika produktuetan dauden plastikozko esfera txikiak dira. Arrainek eta hegaztiek jaten dituzte, eta, kate trofikoaren bidez, gizakien urdailera irits daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu