Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidentea eta Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidentea Matignonen (Paris) izan ziren atzo. Philippe Yvin Jean-Marc Ayrault Frantziako lehen ministroaren aholkulariarekin bildu ziren, Ipar Euskal Herriarentzako lurralde kontratuaz hitz egiteko. Lasserren hitzetan, «biziki ongi» pasatu zen bilkura. Hala ere, ez zuen zehaztasunik eman nahi izan. Balorazioa eta ondoko egunetako agenda Etxetorekin batera adosturik, gaur plazaratuko dute analisi bateratua, agiri baten bidez.
Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko ordezkarien eta lehen ministroaren artean izandako gutun trukearen emaitza izan zen atzoko bilera. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriaren partetik dagoen eskaera instituzionalari erantzuteko galdetu zioten Ayraultei urriaren 3an igorri gutunean: «Galde politiko horri buruzko erantzun politiko bat itxoiten dute Euskal Herriko eragileek; gobernuko buru gisa, zure ardura da eskaera legitimo hori kontuan hartzea». Elkarte estatutu pean diren Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseilua lurraldearen beharrei erantzuteko egitura «ahulegiak» direla ohartarazirik, lurralde elkargoaren beharra azaldu zioten. Azaroaren 20an iritsi zitzaien lehen ministroaren erantzuna. Elkarrizketarako irekia zela jakinarazi zien Ayraultek, eta Yvin haiekin biltzeko prest zela esan. Parisen postura berretsi zien, hala ere: Gaur egungo lanabes juridikoak nahikoak dira Ipar Euskal Herriaren beharrei erantzuteko. Sindikatu mistoa edota hiri-herri elkargoen batzea aipatu zituen.
Bilera proposamenari baikorki erantzun zioten Lasserrek eta Etxetok. «Hitzarmen mamitsua egitea eta Euskal Herriaren berezitasunak kontuan hartzea galdetuko diogu», esan zuen Lasserrek bilkuraren berri ukan zuenean.
Ayraulten aholkulariarekin bildu dira Parisen Lasserre eta Etxeto
Lurralde hitzarmenari buruzko bilera «biziki ongi» pasatu dela esan du Hautetsien Kontseiluko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu