Axier Lopez 'Argia'-ko kazetariari isuna kendu dio Espainiako Gobernuak

Poliziei irudi bat ateratzeagatik epaitzekoak ziren Lopez. Astekariaren arabera, 'mozal legearen' «edukiaz» hitz egitea saihestu du Madrilek

Lopezen aldeko elkarretaratzea, iaz, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel rodriguez
2017ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuak atzera egin du: Argia-k irabazi du mozal legea-ren auzia». Izenburu horrekin jakinarazi zuen Argia astekariak atzo Axier Lopez kazetariari isuna bertan behera utzi izana. 601 euroko isuna paratu zioten iaz, Naroa Ariznabarretaren atxiloketako irudiak zabaltzeagatik. Epaiketa egiteko egun batzuen faltan, Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak erabaki du Lopezi isuna kentzea. Zigorra paratzean egindako «forma okerra» arrazoitu du De Andresek, baina, Argia-ren arabera, «forma arazoak argudiatuz, isunaren edukiaz hitz egitea saihestu dute».

Hain zuzen, isunaren edukia mozal legearen 26.23 artikulua da. Artikulu horrek 601 eta 30.000 euro arteko isuna paratzeko aukera ematen du polizien irudiak edo datu pertsonal edo profesionalak zabaltzegatik, «Poliziaren edo haren senideen segurtasuna arriskuan jarriz gero». Poliziak du isuna paratzeko ahalmena, epaileen edo bertze inoren esku hartzerik gabe.

Legea indarrean sartu zenetik, Lopez izan zen zigortu zuten lehenbiziko herritarra. 2016ko martxoaren 3an Ariznabarreta atxilotu zuten Eibarren (Gipuzkoa), epaiketa batera agertu ez zelako —2007an Zarautzen (Gipuzkoa) A-8 autobidea itxi zutelako epaitu behar zuten bertze lagun batzuekin batera—. Lopezek atxiloketa grabatu zuen: kaleko jantzitako poliziak ikusten dira Ariznabarreta eramaten, eta aurpegiak ez ziren ageri, ezta aurrez aurre ere. Hala ere, Espainiako Gobernuak arau hauste larritzat jo zuen.

PPren ekinbide nagusietako bat izan da mozal legea, eta aurkako erreakzio anitz sortu ditu, adierazpen askatasuna mugatzeko helburua duela uste baitute talde anitzek. Lopezek kazetari elkarteen eta bertzelako eragileen babes zabala jaso du, eta Soledad Becerril Espainiako arartekoak ere eskatua zuen zigorra kentzeko, hura paratzeko «motibazio nahikoa» ez zegoela iritzita.

«Aurrekari garrantzitsua»

Argia-ren ustez, Lopezekin hartutako erabakia «aurrekari garrantzitsua» izango da, «berresteko herritar eta kazetari guztien eskubidea dela poliziak lanean grabatzea». Astekariak uste du Espainiako Gobernuak «amore» eman duela, epaiketara joan aitzinetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.