Avanzako langileek bertan behera utzi dute Aste Santuko greba

Autobus zerbitzuen enpresak sindikatuei jakinarazi die ez zutela greba deialdia behar besteko aurrerapenarekin egin.

Avanzako langileen mobilizazio bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Avanzako langileen mobilizazio bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
jakes goikoetxea
2025eko apirilaren 16a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Avanza enpresako langileek bertan behera utzi dute bihartik aurrera hasi behar zuten greba. Ez, ordea, greba egitera bultzatu dituen eskaerak lortu dituztelako: greba jakinarazpena behar besteko aurrerapenarekin egin ez dutela esan die enpresak, eta legez kanpoko grebatzat hartuko zuela ohartarazi die sindikatuei. Hori dela eta, Avanzak eskaintzen dituen bidaiarien autobus zerbitzuek ohi bezala funtzionatuko dute egunotan.

ELA, LAB eta Aurrera sindikatuak deitu zituzten langileak grebara, bihartik hilaren 22ra. Avanza enpresaren autobus zerbitzuek lotzen dute Gipuzkoa Bilborekin eta Gasteizekin; Loiuko aireportura (Bizkaia) joateko zerbitzua ere eskaintzen dute; eta Debagoieneko garraio zerbitzua haien esku dago.

Sindikatuek «mehatxu» gisa hartu dute enpresaren jakinarazpena. Sindikatuei esan die greba ez dutela behar besteko aurrerapenarekin jakinarazi. ELAk gezurtatu egin du. Sindikatuaren iritziz, enpresak langileak «beldurtu» nahi ditu, eta grebari «boikot egin». «Enpresak bazuen langileen asmoen berri, are gehiago, enpresak berak greba egunen berri eman zien erabiltzaileei bere webgunean», azaldu du ELAk. Langileen oinarrizko eskubide bat urratzea egotzi dio enpresari.

Greba mugagabearen aukera

Sindikatuak zehaztu du grebaren legezkotasuna babestu dutela, baina LABek eta Aurrerak bertan behera uztea erabaki zutela, eta ELAk ere hala egitea erabaki zuela, «langileen artean zatiketa eta nahasmendurik ez sortzeko».

Aste Santuko greba bertan behera utzi dute, baina ELAk aurreratu du mobilizazio gehiago egingo dituztela —hemezortzi greba egun egin dituzte jada—, eta greba mugagabearen alde egingo duela. Greba deialdia egin zutenean jada aipatu zuten udan greba mugagabea egiteko aukera.

Apirilaren 8an jakinarazi zuten Aste Santuan sei eguneko greba egingo zutela. Orduan salatu zutenez, dagozkien baino ordu gehiago egiten dituzte, eta, lan ikuskaritzak enpresari eta langileen ordezkariei lanaldiari buruz negoziatzeko eskatu badie ere, «enpresak ez du inolako borondaterik lanaldiari buruz negoziatzeko». Urteko ordu kopurua hamar ordu gutxitzea proposatu die enpresak, sindikatuen arabera.

Eskaera Gipuzkoako Foru Aldundiari

Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bost urtez luzatu dio Avanzari gaur egun eskaintzen duen autobus garraioaren kontzesioa. ELA, LAB eta Aurrera sindikatuentzat, erabakia «onartezina» da, erabaki horrekin enpresa «saritu» egiten duelako, eta «aurrerantzean ere lanaldiaren araudiaren arloko gutxienekoak urratzeko aukera ematen diolako». Horrez gain, salatu zuten autobusen egoerak okerrera egin duela Avanzak Lurraldebusen kontzesio hori kudeatzen duenetik, eta lan baldintzak behar baino gutxiago hobetzen direla, «eta betiere grebek bultzatuta». Greba deialdia egin zutenean Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zioten gatazka konpon zezala.

Avanzako langileak doako eta kalitatezko garraioaren aldekoak dira, «baina hori ezin da langileen lan baldintzen eta autobusen narriaduraren bizkar izan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.