2019tik, Getxoko (Bizkaia) San Nikolas ikastolako zuzendaria da Gaizka Arrizabalaga (Ibarrangelu, Bizkaia, 1978). Hura jaio zen urtean egin zen aurreneko aldiz Bizkaiko ikastolen jaia. Aurten bezala urte hartan ere, Getxon antolatu zuten. Eta, ordurako, San Nikolas ikastolak hamabost urte zeramatzan martxan. 1963an ireki zituen ateak, eta, ordutik, zuzendariaren ustez, ikastetxe «soil» ez, baizik eta «euskararen aldeko lanaren erreferente nagusi» izan da Getxo inguruan.
San Nikolas ikastolak hamabi ikaslerekin eta irakasle bakarrarekin abiatu zuen bere bidea. Orain, hirurogei urte geroago, zenbat ikasle dituzue?
Orain, 1.100 ikasle inguru daude ikastolan, eta 750 familia aktibo. Ez-aktiboekin, 2.500 familia bazkide baino gehiago ditugu, eta bi eraikuntzak osatzen dute ikastolaren azpiegitura. Udalerriko ikastetxerik handiena da, eta harreman sendoa dugu herriarekin. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osorik euskaraz, D ereduan, eskaintzen dituen ikastetxe bakarra gara Getxon.
San Nikolas ikastolak duela 22 urte antolatu zuen azkenekoz Ibilaldia. Zer aldatu da azken bi hamarkada horietan ikastolan eta herrian bertan?
Ikastola Getxoko Algorta auzoan dago, eta auzo horrek nortasun propioa du. Azken Ibilaldia egin zenetik, urbanistikoki, ez da izugarri aldatu. Hori bai, gizartea bera da pixkanaka aldatuz doana, eta, ondorioz, unean-unean ditugun arazoak eta aldaketak islatzen dira ikastolan.
Esaterako?
2002an, Ibilaldia antolatu zenean, teknologia berrien garapena abiatu berria zen. Horiekin geneukan menpekotasuna, onerako zein txarrerako, ez zen gaur egungoa bezalakoa. Aldaketa handia izan da, sare sozialekin, komunikazio bideekin, adimen artifizialarekin...
Batzuetan, mugak jarri behar izan ditugu. Ikasturte honetan, esaterako, Zarautzen abiaturiko ekinaldi bat jarri behar izan dugu martxan, ikasleei sakelakoa erosteko adina atzeratzeko. Izan ere, arazoak areagotu egin dira, menpekotasuna, jazarpena, eduki arriskutsuetarako sarbidea eta lo orduen murrizketa direla medio.
Bestelako aldaketarik ere izango zen, ezta?
Bai, alde politikoan ere izan dira aldaketak. Herri honek bizi izan duen gatazka politikoa puri-purian zegoen azkenengoz Getxon Ibilaldia egin zenean. Garai hartan, oraingoan bezala, ikastolak sentsibilitate ezberdinak batuz eraman zuen aurrera Ibilaldia. Bestalde, iaz, hezkuntza legea onartu eta ikastolak zerbitzu publikoaren barruan sartu ziren. Halere, oraindik ezinbestekoak gara, euskarak eta ikastolen elkartasun ereduak maila nazionalean orain arte bezala jarraitu dezaten. Ikastolak ezinbestekoak gara euskara ofiziala ez den lekuetan; eta EAEn ere bai, oraindik asko baitago egiteko, eta gure eredua ontzat jotzen baita hezkuntza komunitatearen elkarlanagatik eta esfortzuagatik. Beste ereduak ere errespetatzen ditugu; elkarrekin lan egin behar dugu, baita elkarri aitortza egin ere.
«Ikastola ingurua da Getxon euskara gehien entzuten den lekua, Soziolinguistika Klusterrak egindako azken neurketaren arabera»
Demografikoki ere izan dira aldaketak. Jaiotze tasak behera egin arren, gure ikastolak ondo eusten dio matrikulari. Gizartean, jatorri atzerritarreko ikasleen pisua handitu egin da, eta horrek aldaketak ekarri ditu matrikulazio prozesuan. Euskarari dagokionez, ezagutzak azken bi hamarkadetan gora egin duen arren, erabileran ez da oraindik asko nabaritzen. Edozein kasutan, ikastola ingurua da Getxon euskara gehien entzuten den lekua, Soziolinguistika Klusterrak egindako azken neurketaren arabera.
Ikastolatik kanpo, nolakoa da euskararen egoera Getxon?
Euskararen errealitate soziolinguistikoa konplexua da, eta auzo batetik bestera aldatzen da. Azken urteetan, ikastolaren eta euskalgintzako zenbait eragileren eskutik egin den esfortzuari esker, euskalduntze prozesua garatzen ari da. Oraindik gaztelania den arren hizkuntza nagusia, euskara nabarmen zabaldu azken hamarkadetan, bereziki belaunaldirik gazteenen artean.
Oraindik egiteko asko dagoen arren, San Nikolas ikastolak, euskalgintzako gainerako eragileekin batera, berebiziko garrantzia du euskararen normalizazio prozesuan eta erabileraren bilakaeran. Hazkundea, batez ere, gurasoen eta seme-alaben artean euskararen aldeko jarrera aktiboa dutelako gertatu da; baita ikastolatik egindako lanari esker ere.
Aurrera begira, zer proiektu ditu ikastolak ?
Alde pedagogikoan, egindakotik abiatuz eta horri balioa emanez, ikasleen gaitasunekin lotuago dagoen marko pedagogiko baterako pausoak sakondu eta bultzatu nahi ditugu, ikasleek hobeto erantzun diezaieten gizarteko aldaketei. Horretarako, gure azpiegitura eta eraikinak moldatu beharko ditugu.
Ikastolan, leku beharrak urgenteak dira. 2005. urtean, 750 ikasle zeuden, eta, orain, berriz, 1.100; guztiak bi eraikinetan. Ezinbestekoa da beste eraikin bat sortzea, hirugarrena, irisgarritasuna hobetzeko eta espazio masifikatua orekatzeko. Horregatik, Haur Hezkuntzako eraikin berria egitea aurreikusten dugu. Gune berri horrek naturarekin kontaktua izatea da xede nagusietako bat, eta eraikin nagusiaren antolaketa ere optimizatuko dugu, balio anitzeko eremu berriak sortuz eta jantokiko zerbitzua hobetuz. Beraz, eraberritzeak berrikuntza pedagogikoak egitea eta zerbitzuen eskaintza hobetzea izango du helburu.
Proiektu horiek aurrera eramateko asmoz antolatu al duzue Ibilaldia?
Gure eraldaketa pedagogiko eta arkitektonikoak laguntza behar du, eta gure ikastolak Euskal Herriko eredu kooperatibo eta elkartasunezkoaren adibide izan nahi du aurrerantzean ere. Horregatik, San Nikolas ikastolak ezinbestekoa du Ibilaldiaren diru ekarpenaren bultzadatxoa. Era berean, gogorarazi nahi dugu ikastolak izango dituen irabaziak Elkartasun Kutxara ere joango direla eta Euskal Herriko beste Ikastola batzuentzat eta euskalgintzako eragileentzat ere izango direla.
«Ikastolan, leku beharrak urgenteak dira. 2005. urtean, 750 ikasle zeuden, eta, orain, berriz, 1.100»
Proiektu hori sendotzeaz eta finantzatzeaz gain, Ibilaldiaren xedeen artean garrantzitsuenetakoa izango da herriko eragileekin lotura sendoagoa lortzea. Zenbait elkarterekin dugun harremana sakonduko dugu. Bertsolari eskolekin eta herriko merkatariekin elkarlanean aritu gara, zenbait kirol taldek gure bideoklipean parte hartu dute, herriko hiru dantza taldeak Ibilaldian izango dira, artisauak ere bai, herriko musika taldeak, menpekotasunen bat dutenen kirol elkarteak, errefuxiatuen elkarteak...
Ibilaldia partaidetza ariketa erraldoia da, milaka pertsona inplikatzen dituena eta Bizkaiko gainontzeko Ikastolen laguntza dakarrena. Gure kooperatiba ereduarekin bat egiten du, eta gai ekonomikoaz harago, balioa eman nahi diogu eredu horri. Auzolanean, herria egitean da; eta ikastola, eragile moduan, erdigunean dago.
Ibilaldia dela eta, zenbait ekitaldi antolatu dituzue urte osoan.
Iazko udan Ibilaldia aurkeztu zenetik, batzorde ugari sortu ditugu ikastolan: arropa batzordea, komunikazioa, ekonomia, azpiegiturak, publizitatea, diseinua…. Diseinu taldeak sortu ditu leloa eta logoa. Bestalde, arropa batzordeak denda ibiltaria izan du martxan Bizkaia osoan zehar. Online dendaz eta Algortan jarritako saltokiaz ere haiek arduratzen dira.
Horrez gain, gurasoek eta langileek osatutako batzordeek, kulturakoak esaterako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte osoan. Gabonen aurretik, Hezetasuna auzoko jaietan parte hartu genuen, kirol erronka antolatuz. Martxoan, abesti batzordeak Ibilaldiko abestia eta bideoklipa aurkeztu zituen. Horren ostean, apirilean, ikasle ohien bazkaria egin zuten, eta, maiatzean, berriz, Txonbo Eguna. Gainera, Txonbosolasaldiak ere antolatu ditugu zenbait gai lantzeko; besteak beste, filosofia, musika, kirola eta zientzia.
Berrikuntzarik izango al du gaurko Ibilaldiak?
Bai. Gure ikastolako irakasleek sortu dituzten Ikasle Topaguneak, esaterako, berriak dira. Orain arte, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleentzat baino ez ziren antolatzen; aurten, ikastolako ikasle guzti-guztiek parte hartuko dute erronka horietan. Ibilaldia Erronka Berdea izendapenarekin antolatuko dugu, berresteko ikastolak ingurumenaren eta garapen jasangarriaren alde egiten duela apustu.
Eguna iritsi da. Prestakuntza lanak ondo joan dira?
Bai, ikastolan oso ondo funtzionatu du partaidetzarako deialdiak. Langileak eta familiak ia batzorde guztietan inplikatu dira, baita ikasle ohiak eta herriko elkarteak ere. Algortako dendek Ibilaldiko logoarekin eta irudiekin apaindu dituzte erakusleihoak. Oso ederra izan da hori guztia ikustea. Hezkuntza komunitateak eta herriak erantzun dute.
Ibilaldiko txanda eta eginbeharretarako, mila pertsona inguruk auzolanean jardungo dute: txosnetan, aparkalekuetan, tailerretan, ikasleen erronketan, txarteldegietan, garbiketan, segurtasunean, muntatze lanetan, irratian, komunikazioan... Biharko ere prest daude langileak, desmuntatze lanetan laguntzeko.
Bestalde, Ikastolen Elkartearen laguntza ere azpimarratu nahiko nuke. Ibilaldiaren urteroko koordinatzailea eta ikastolak aukeratu duen dinamizatzailea ezinbesteko figurak izan dira lantaldeen dinamizazioan. Udalak ere aipatutako ekinaldi guztiak antolatzen lagundu digu. Guztiei, beraz, gure eskerrik beroenak.