Igandeko goizeko hamarretan hasiko dira auzolanean Iraultza Txikien Akanpada atontzen, Artean (Bizkaia). Posible duenak lanabesak eraman ditzala eskatu dute. Basoa aukeratu dute kanpaldia egiteko gune, eta, antolakuntzak jakitera eman duenez, sasiak garbitzeko makinak ere behar dituzte. Hilaren 22an egingo dute berriz ere auzolana.
Abuztuaren 25etik 29ra bitartean egingo da aurtengo Iraultza Txikien Akanpada, Piztuko dugu sua? lelopean. Herri mugimendua saretzea da ekinaldiaren xedea. Hitzaldiak eta tailerrak egongo dira kanpaldian, besteak beste, ekologismoari, feminismoari eta etxebizitzari buruzkoak, hiru bloketan antolatuta: elkarrekin borrokatu, elkarrekin gogoetatu eta elkarrekin eraiki. 25ean hasiko da kanpaldia, eta egun horretan bertan Bilgune Feministak hitzaldia emango du: Erronka eta praktika feministak: gure arrazakeriaren ardura hartzen izenburupean.
Hurrengo egunean, Josebe Iturrioz arituko da hizlari Trans borroka: teoriatik praktikara jardueran. Arratian (Bizkaia) bizi diren sahararrek hitzaldia egingo dute 27an, Saharako gatazkaren historiari buruzkoa. 28an, Euskal Herriko komunikabide alternatiboen inguruan jardungo dute Arrosa Sarea, Argia, Hordago, Ekintza Zuzena eta Gure Irratia hedabideek. Egun berean izango da Nola eraiki komunitate euskaldun eta feminista hitzaldia, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre hizlari direla. Azken egunean, ibilaldia egingo dute eukaliptoa landatzearen aurka.
Umeentzako jarduerak ere izango dira Iraultza Txikien Akanpadan, egun guztietan. Idoia Eizmendiren gidaritzapean, txi kung eginez hasiko dituzte goizak kanpaldian, gosaldu baino lehen. Bazkaloste eta afalosteetan, kultur ekitaldiak egongo dira, hala nola Saioa Alkiza, Miren Artetxe eta Onintza Enbeitaren bertso saioa, abuztuaren 27ko afalostean, eta Nerea Arriolaren bakarrizketa, hurrengo eguneko bazkalostean.
Hiru urteren ostean
2018an egin zuten lehenengoz Iraultza Txikien Akanpada, Zubietan (Gipuzkoa). Bi urtean behin egiten jarraitzea zen antolatzaileen asmoa, baina, pandemia dela eta, 2020an ezin izan zuten egin, eta nahi baino urtebete geroago egin behar izango dute kanpaldia. Bigarren edizio honetan, lo zakuaz gain musukoa ere eramatea galdegin du antolakuntzak.