Eider de Dios. Historialaria

«Auzoetan orain baino handiagoa zen komunitate sentipena»

Emakumezkoak ezinbestekoak izan ziren frankismo garaian sortu ziren auzoak bizigarri egiteko, De Diosen arabera. Adierazi du etxean eta etxetik kanpo lan egiteaz gainera familiak eta auzoa bera sostengatu zituztela.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Eider de Dios historialariak (Barakaldo, Bizkaia, 1985) frankismo garaian emakumeek etxean eta etxetik kanpo betetzen zuten tokia aztertu zuen bere doktore tesian, 2016an. Arrakastaz egin ere: XXVII. Victoria Kent Ikerkuntzako Nazioarteko Saria eta VIII. Miguel Artola Saria eman zizkioten hurrengo urtean. Horixe da ordutik bere ibilbide profesionalean sakonen ikertu duen arloa ere. Orain aste bi, Auzoa femeninoan: Auzoen iragana, oraina eta etorkizuna hitzaldia eman zuen Bilbon, eta diktaduran sortu ziren auzoetan andreek izan zuten garrantziaz aritu zen.

Nola definituko zenuke auzoa?

Galdera zaila da. 40ko eta 50eko hamarkadetan sortu ziren auzoak ikertu ditut nik, eta, hortik abiatuta, eraikuntza sozial bat balira bezala ikusten ditut. Etxebizitzak eraikitzen zituzten bitartean, jendeak hobeto bizitzeko harremanak sortzeari ekin zion. Eraikinak altxatu zituztelako, baina elkarren arteko harremanik ez zutelako. Ez zegoen eskolarik, ez zegoen baliabiderik, eta haiekegin behar izan zuten auzoa.

Hitzaldian esan zenuenez, emakumeek egin zuten, bereziki, auzoa eraikitzeko esfortzua?

Bai. Gizonen eginbehar ofiziala lan egitea zen. Horrek ez du esan nahi emakumeek lanik ez zutenik egiten, baina haien baldintzak latzagoak ziren. Askok orduka egiten zuten lan, eta seme-alaben eskolako ordutegiarekin bateratzen zituzten lanordu horiek. Gizonek ez zuten horrelakorik egiten. Emakumeek, beraz, etxean egin beharreko zaintzaren arabera antolatzen zuten haien egunerokoa, eta horregatik zekiten auzoak zer behar zituen.

Langile klaseko auzoetan gertatu zen mugimendu hori?

Bai. Auzo burgesetan ere izan ziren mugimendu asoziatiboak, arazo jakin batzuen aurrean. Ordea, ezerezetik sortzearen ideia eta auzoa pertsonek sortzen duten sentimendua langile klasearen artean gertatu zen nagusiki. Elkarrekiko dependentzia ere garatu zuten: «Gaur zuregatik eta bihar niregatik».

Auzoak auzo izango lirateke emakumeak hor egon ez balira?

Nik ezetz uste dut, ezinezkoa dela. Auzoetan lan fisikoak egiten zituzten pertsona gehienak emakumeak ziren. Udalak emakume erizainak bidaltzen zituen, eskoletako irakasleak ere emakumeak ziren, eta auzoko dendetako langileak, zer esanik ez.

Emakumeek jarraitzen dute oraindik egiteko horietan?

Parkeetan umeekin jolasten duten gizon gehiago daudela irakurri nuen orain dela gutxi egunkari batean. Egia da aldaketak egon direla, egoera parekideagoa dela gaur egun, eta iraganean emakumea zela umea eskolara eraman behar zuena. Baina: zergatik daude orain parkeetan umeekin jolasten duten gizon gehiago? Agian, emakumeek etxeko gauzak egiten jarraitzen dutelako, eta gauzarik atseginena aitek egiten dutelako.

Nola bihurtu dira ikusezin emakumeen hain ageriko lanak?

Arraroa egiten zait niri ere. Agerikoak ziren oso haiek egiten zituzten lanak. Emakume askok, adibidez, Portugaleten Bizkaiko Zubia gurutzatzen zuten egunero, eta lanera joaten ziren. Nola da posible lanik egiten ez zutela esatea egunero lanera joaten ikusten bazituzten? Egungo eta garai hartako sistemaren diskurtsoari komeni zaiolako, batez ere. Batetik, emakumeek lan egiten ez zutela esatean, etxe barruan egiten zuten lana bera ere ukatzea lortzen zuten. Bestetik, sistema matxistarentzat mesedegarria da emakumeek egindakoari indarra kentzea.

Zuk esan duzunez, euskal emakume indartsuaren ideia oso zabalduta zegoen. Zergatik?

Ameriketara migratzea ohikoa zen, eta gizonek bakarrik egiten zuten bidaia. Emakumea zen etxeko soro eta abereak zaintzearen arduraduna. Kostako eremuetan, berriz, arrantza zen jarduera nagusia, eta emakumeak egiten ziren ziren etxearen kargu. Dolores Ibarrurik azaldu zuenez, emakumea eta komunista izatea nekagarria zen. Etxean eta etxetik kanpo egin behar zuten lan, eta familiaren sostengu emozionala ziren. Zirgariak dira horren adibide nagusia: haiek ekartzen zituzten barkuak portura, gerrian soka bati loturik tiraka.

Zer eragin izan du iragan horrek egungo emakumeengan?

Askok langile gisa identifikatzen dute beren burua, baina beste askok ez. 40ko eta 50eko urteetan jaiotako emakumeei elkarrizketak egiten dizkiedanean, esaten didate haien amak etxekoandreak zirela. Ez dira jabetzen egiten zuten lanaz, eta garrantzitsua da nondik datozen ez ahanztea. Frankismo garaian zabaldu zen diskurtsoa da horren arazo nagusia: emakumea etxekoandrea zen, eta kito. Guk badakigu, adibidez, emakume baserritarrak ere izan zirela, baina soroak gizonenak ziren legez.

Emakume langileen irudia nola hasi zen indarra hartzen?

Bakarrik migratzen hasi zirenean, lan merkatutik ez ateratzea erabaki zuten askok. Gainera, 60ko hamarkada aldera, ekonomiak hobera egin zuen, eta langile klaseetako familietan soldata bakar batekin konpon zitezkeen bizitzeko. Garai hartan, hala ere, diktaduraren alde zeuden andre askok ere ez zuten etxekoandre izaten jarraitu nahi. Zerbait gehiago izan nahi zuten, eta ez bakarrik dirua irabazteagatik, baizik eta etxetik kanpo lan egin nahi zutelako. Orduka garbitzaile lan egiteaz harago, besteek ere lanean ari zirela ikustea nahi zuten.

Zer egoeratan daude auzoak egun? Asko aldatu al dira?

Auzoaren araberakoa da. Badaude mugimendu polit asko dituzten auzoak, baina gehienak ez dira batere ezagunak. Bilbon, adibidez, badaude auzoak, Zorrotza esaterako, gertatzen diren gauza txarrengatik soilik agertzen direnak komunikabideetan. Baina, oro har, ekintza anitz sustatzen dituzte: tuper solidarioak, kaleko katuak zaintzeko elkarteak...

Auzokideen arteko harremanak aldatu al dira?

Asko. Zurbaranbarriko auzo mugimendua, adibidez, handia da oraindik ere, eta jende gazte asko dago inplikaturik. Zaharrenek, baina, belaunaldi erreleborik ez dagoela esaten dute beti. Alde batetik egia da, eta beste alde batetik, ez. Orduan, auzoetan orain baino handiagoa zen komunitate sentipena. Nire amona lanetik berandu heltzen zenean, amak auzokoaren etxean bazkaltzen zuen. Nik ez dut horrelakorik ezagutu. Galizian horretarako izen bat dute: rueiro. Kaleak hezten eta zaintzen zaituenean.

Auzoetako harremanak ehuntzeko prozesuetan emakumeen rola lehengoa al da oraindik ere?


Hein handi batean, bai. Auzo elkarteetako kide asko emakumeak dira gaur egun ere. Haiek dira benetako arazoak konpondu nahi dituztenak, eta haiek dira arazo horiek konpondu diren ala ez egiaztatzera joaten direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.