Auzoan elkartzeari isuna

Bilboko Udalak isuna jarri dio Zazpikaleetako Korrika Batzordeari, «esparru publikoa baimenik gabe hartzeagatik». Auzokideek diote ez dutela «inoren baimenik» behar auzoan elkartzeko.

Udalaren isuna salatzeko auzokideek egindako agerraldia, Bilboko Zazpikaleetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Udalaren isuna salatzeko auzokideek egindako agerraldia, Bilboko Zazpikaleetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Korrika Bilboko Zazpikaleetatik igaro baino pare bat egun lehenago, martxoaren 20an, zenbait auzokide elkartu ziren Santiago plazan, Korrika Batzordeak deituta, ibilbidea apaindu eta giroa berotzen hasteko. Euskal musika jarri zuten, pankartak egin, eta umeek bizkarrekoak margotu zituzten. Lau bat hilabete geroago, abuztuan, Bilboko Udalak jakinarazpena bidali zion Zazpikaleetako Jai Batzordeari: aipatutako ekitaldia baimenik gabe egin izana «arau hauste larritzat» jo, eta 1.500 euroko isuna ezarri zion.

Euskal Herriko gainerako herri eta auzoetan bezala, Zazpikaleetan ere eragile ugari bildu ziren Korrika Batzordea osatzeko, euskararen aldeko lasterketa handik igaroko zela iragarri bezain pronto: eskoletako guraso elkarteak, Bihotzean auzo elkartea, SOS Alde Zaharra, AZET etxebizitza sindikatua eta abar. Horietako bat jai batzordea izan zen, eta hari iritsi zaio isuna.

«Egun polita izan zen, eta egin genuena, oso xumea», azaldu du Zazpikaleetako Jai Batzordeko eta Korrika Batzordeko kide Iñaki Etxarrik. «Berrogei lagun inguru elkartu ginen: umeei bizkarrekoak eman genizkien margotzeko, kartelak eta pankartak prestatu genituen, eta Korrikaren ibilbidea apaindu genuen, leku guztietan bezala. Ez zen inolako arazorik egon, handik lau hilabetera isuna iritsi zitzaigun arte».

«Baimenik gabe esparru publikoa okupatu izana» egozten diete, eta hori «arau hauste larritzat» jo. Hala baieztatu dio Bilboko Udalak BERRIAri: «Ez zuten baimenik eskatu ekitaldia antolatzeko, eta ez da lehen aldia. Baimena eskatu izan balute, agerraldian bete beharreko baldintzak adieraziz, eman egingo zitzaien, hirian antolatzen den beste edozein ekitaldiri bezala».

«Turismoaren lobbyari ematen dizkioten erraztasun guztiak traba bilakatzen dira auzokideontzat»

IÑAKI ETXARRIBilboko Zazpikaleetako Jai Batzordeko kidea

Hala ere, Korrika Batzordeko kideentzat «mingarriak» diren hainbat kontu daude udalaren salaketa horretan. Alde batetik, aldez aurretik ohartarazi gabe isuna jarri izana txarretsi dute: «Gure telefono eta kontaktuak badituzte, guk gauza asko antolatzen ditugulako eta haiekin harremana izaten dugulako, baina nahiago izan dute isuna gutun ziurtatu baten bidez igorri».

Baina, batez ere, isunaren arrazoia egin zaie mingarriena: «Zer da ‘leku publikoaren okupazioa’? Gu plaza bateko bazter batean kartelak margotzen egotea ‘leku publikoa okupatzea’ al da? Erantzuna baiezkoa bada, orduan bai, arau hauste hori egin, egin dugu; baina egiten jarraituko dugu».

Izan ere, batzordekoek uste dute «kalean egoteko eta elkartzeko» auzokideek ez dutela inoren baimenik behar: «Ulertzen dugu badaudela ekitaldi batzuk baimena behar dutenak, ordutegia kontuan hartu behar delako, bidea ixtea dakartelako eta abar. Baina gu hemen bizi gara. Beste herrietakoek ere nork bere herrian egingo dute bizimodua, eta herriko plazara aterako dira, dantzatzera, jolastera edo elkartzera. Guk zergatik ez?».

Turismoaren zerbitzura

Auzokideen ustez, isunarena ez da anekdota hutsa; aitzitik, horren atzean Zazpikaleetarako diseinatuta dagoen estrategia dagoela pentsatzen dute: auzoa turismoaren zerbitzura jarri, eta auzoa bera «turistentzako produktu» bilakatzea.

Santiago plazan elkartzeagatik jarri diote Zazpikaleetako Jai Batzordeari isuna, eta, Etxarriren iritziz, plaza horretan gertatzen dena estrategia horren adibide aparta da: «Plazaren erdia jabe bakarrarenak diren bi tabernatako terrazek hartuta dago; beste erdia, turistentzako ibilbideek hartuta daukate; albo batean eliz ataria dago, auzoan dugun kaleko leku estali bakarra, itxita dagoena eta behin eta berriz eskatu arren auzokideoi inoiz uzten ez digutena. Eta hor gelditzen zaigun leku bakarrean elkartzea ‘toki publikoa okupatzea’ omen da, eta baimena eskatu behar dugu».

Etxarriren esanetan, Zazpikaleak «eremu ekonomikoa» dira Bilboko Udalarentzat, eta «ostalaritzarako eta turismorako produktu» bilakatu nahi dute. «Auzokideok traba egiten dugu produktu horretan. Guk hori argi ikusten dugu zerbait antolatu nahi eta udalarekin harremanetan jartzen garen bakoitzean: turismoaren lobbyari ematen dizkioten erraztasun guztiak traba bilakatzen dira auzokideontzat».

Baina auzoko elkarteak ez daude prest horretan amore emateko: «Auzoa azken bost urteotan asko aldatu da, gehiago aldatuko da datozen bost urteotan, eta, galga jartzen ez badiogu, ez dakigu orain ezagutzen dugun alde zahar honetatik zer geratuko den». Horregatik, erabaki dute ez dutela «biktimaren rola» hartuko: «Gu oso harro gaude egiten dugunaz, eta Zazpikaleetan sortzen ari den auzokideen sareaz, eta jarraituko dugu gustatzen zaiguna egiten, hau da, auzokideekin harremanak sortzen eta auzoan bizitzeko ekitaldiak antolatzen. Isun bategatik ez gara etxean geldituko; alderantziz, indar handiagoa ematen digu elkarrekin batzeko eta lanean jarraitzeko».

Auzotarren arteko sarea josten jarraitzeko logika horretan ulertu behar da abenduaren 1erako antolatu duten ekitaldia: auzoa zeharkatuko duen herri krosa. Bi ibilbide izango ditu, 1,5 kilometrokoa bata, eta 4,5 kilometrokoa bestea. Bukaeran, festa txiki bat egingo dute Txokolanda plazan: «Igandean izango da; beraz, dendak itxita egongo dira, eta, oinezkoentzako eremuan egingo denez, ez da trafikoa eten beharrik izango. Asmoa da auzokideok elkartzea, eta auzoa erabiltzeko eskubidea dugula umore onez aldarrikatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.