Iruñeko Udalari galdegin diote auzo guztietako haur eskoletan eskaintzea euskarazko murgiltze eredua

Iruñeko Euskalgintzak deituta, manifestazioa egin dute gaur iluntzean. Uste dute udalak Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren irizpideak bete beharko lituzkeela.

Iruñeko Euskalgintzak deitutako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko Euskalgintzak deitutako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko abenduaren 11
18:30
Entzun

Erdaldunen baldintza berberak nahi dituzte, eta horixe eskatu dute kalean. Iruñean gurasoek traba handiak dituzte seme-alabak euskara hutsezko haur eskoletan matrikulatzeko —eskola bakarrean ezarria dago murgiltze eredua—, eta eskaintza auzo guztietara zabaltzea galdegin diote udalari, behin baino gehiagotan. Egungo udal gobernuak ia urtebete darama agintean, baina Iruñeko Euskalgintza plataforman bildutako eragileek —AEK eta IKA euskaltegiak, Sortzen elkartea, EHE, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, LAB, ELA eta Steilas sindikatuak eta Administrazioan Euskaraz Taldea— ez dute aurrerabiderik sumatu. Are: salatu izan dute egoera «UPNren garaian baino okerragoa» dela. Hori dela eta, manifestazioa egin dute gaur Iruñean, eskatzeko auzo guztietako haur eskoletan ezar dezatela euskarazko murgiltze eredua.

Alde Zaharrean egin dute protesta. Sarasate pasealekuan abiatu da manifestazioa, eta Udaletxe plazan bukatu. Han, plataformako kideek adierazi dute euskarazko irakaskuntzak eta zerbitzuek «neurri bereziak» behar dituztela, eta udalak «baliabide egokiak» jarri beharko lituzkeela, euskarazko murgiltze eredua zabaltzeko. Hori dela eta, Iruñeko Udalari galdegin diote bat egin dezala Hizkuntza Gutxituen Europako Itunean jasotako printzipioekin eta, zehazki, bertan azaltzen diren hiru helburu bete ditzala. Bat, «euskara sustatzeko benetako ekintzak gauzatzea, berau babesteko asmoz»; bi, «euskara maila guztietan irakasteko eta ikertzeko baliabideak eskaintzea»; eta hiru, «euskaraz ez dakitenek ikasi ahal izateko baliabideak jartzea».

Helburu horiek lortzeko, euskarazko irakaskuntzak «sustapen eta ekitate» neurriak behar dituela nabarmendu dute plataformako kideek, besteak beste, «euskal hiztunen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna bultzatzea eta hiztun horien egoera berezia kontuan hartzea». Aurrea hartu nahi izan diete horrek guztiak zenbait sektoretan eragin ditzakeen kritikei, oinarritzat hartuta Euroitunak auzia horretaz dioena: «Hizkuntza gutxiagotuen aldeko neurriak sustatzea ez da hartuko hezkuntzarik hedatuenen hiztunen aurkako diskriminaziotzat». Horregatik uste dute «justiziazkoa» dela haur eskolak euskalduntzeko neurriak hartzea, ikastetxe horiek «ezinbesteko zutabe» baitira «Iruñeko etorkizuneko herritarrak euskaraz ere bizi ahalko direla bermatzeko».

Bigarren mailako herritar

Plataformako ordezkariek berretsi dute ez dutela aparteko abantailarik eskatzen, baizik eta «beren seme-alabak euskaraz ikastea nahi duten familien baldintzak ez daitezela izan hizkuntza hegemonikoetan ikasten dutenenak baino okerragoak». Eta horretarako, uste dute «ezinbestekoa» dela auzo guztietako haur eskoletan euskarazko eredua eskaintzea.

«Iruñeak konpromisoa berritu du Haurren Lagun den Hiria izateko 2027. urtera arte, eta hori baliatuta, garaia da haurren eskubide linguistikoez hitz egiteko, eta aintzat hartzeko euskaraz ikasi nahi duten haurrek duten zaurgarritasuna, estresa eta tratu bereizia. Hitz egin dezagun Haurren Lagun garen heinean, hartuko ditugun neurriez ere». Haur guztiak berdinak direla eta tratu berbera merezi dutela gaineratu dute, Udaletxe plazan irakurritako agirian. «Iruñea gobernatzen duten alderdi politikoek noiz arte legitimatuko dituzte gure hizkuntzaren aurkako gutxiespen neurriak eta jokabideak? Noiz arte izanen gara bigarren mailako herritar?», galdetu dute ekitaldiaren bukaeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.