Eneko Compains. Torturak salatu dituen euskal herritarra

«Auzitegiek ez dut uste, baina historiak arrazoi emango digu torturatuoi»

Iruñeko Auzitegian deklaratu aurretik, Compainsek gogorarazi du zigorgabe geratu ohi direla tortura salaketak. Istanbulgo Protokoloa egina du, eta, haren arabera, egia izateko zantzu guztiak ditu bereak.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2017ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Tortura salaketa jarri eta ia zazpi urtera, atzo hartu zioten ahozko deklarazioa Eneko Compainsi (Iruñea, 1981). 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, beste bost lagunekin batera. Guztiek salatu zituzten torturak, baina Sandra Barrenetxearena bakarrik iritsi zen epaiketara, eta, apirilean, epaitutako lau guardia zibilak absolbitu zituen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Compainsen kasua artxibatu egin zuen Iruñeko lehen instrukzio auzitegiak, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hura berriz ikertzeko agindu zion hilaren hasieran. Hainbat herritarren babesa jaso zuen Compainsek atzo Iruñeko auzitegian; elkarretaratzea egin zuten, Inpunitaterik ez lelopean. Auzitegira sartu aurretik erantzun zituen BERRIAren galderak.

Zer esan nahi du zuretzat deklaratzeko pauso honek?

Berri ona da, badirudielako Auzitegi Konstituzionalak aintzat hartu dituela azken urteotan Estrasburgotik eman dizkioten zaplazteko juridikoak, eta agindu duelako, behingoz, nire kasuan benetako ikerketa bat egin dadin. Hori esanik, azpimarratu nahi dut ez dudala batere konfiantzarik auzitegietan; aurrekariei begiratu besterik ez dago. Milaka eta milaka tortura salaketa egon dira, eta absoluzioekin bukatu dira %99, eta, bestela, indultuekin. Aurrekaririk gertukoena ere hor dago, Sandra Barrenetxearena. Ahozko epaiketan hiru torturatzaile seinalatu zituen, eta absolbitu egin zituzten. Ia zazpi urteren ostean, deklarazioa hartuko didate, baina ez dut ahazten zein diren aurrekariak.

Salaketa jarri ondoren, hartu al zizuten deklaraziorik?

2010eko irailean kuarteletik pasatu eta torturak pairatu ostean, salaketa jarri nuen urrian. Baina espetxean nengoenez, idatziz eman behar izan nuen testigantza. Abokatuak une hartan bertan eskatu zituen hainbat diligentzia; tartean, niri deklarazioa hartzea. Ez zuten egin. Imajinatu bortxaketa bat jasan duen neska batek salaketa bat jartzen duela, eta epaileak zazpi urtera hartzen diola deklarazioa. Hori gertatu da torturatu askorekin; bidegabekeria itzela da, eta agerian uzten du Espainiako sistema juridikoa.

Barrenetxearen auzian, epaileek ebatzi dute Istanbulgo Protokoloa ez dela nahikoa froga. Zeure kasuan, nolako jarrera izan dute tresna horrekiko?

Paco Etxeberriak ikertutako kasuetako bat da nirea. Atxilotu nindutenean, Donostian bizi nintzen, eta EAEko kasuetan sartu ninduten. Orain bi urte pasatu nuen Istanbulgo Protokoloa, eta auzian sartzeko asmoa dugu, argi uzten baitu, adituen esanetan, nire salaketak egia izateko zantzu guztiak dituela. Abokatuak aspaldi eskatu zuen txosten psikologikoa. 2012an, espetxetik atera eta auzi psikologo batengana eraman ninduten, baina hark ez zidan protokoloa aplikatu. Esan zidan ez zegoela bitartekorik torturatu baten testigantza egiazkoa ote den ebazteko. Hori ere salatuko dut epaile aurrean, tresna hori bazegoelako: Istanbulgo Protokoloa. Kontua da ez dagoela borondaterik ofizioz eta Espainiako auzitegietatik aplikatzeko.

Barrenetxeak adierazi zuen ez zeukala konfiantza askorik auzitegietan, baina epaiketak balio behar zuela gaia mahai gainean jartzeko. Gizartearen inplikazioa garrantzitsua da?

Ez dut uste arrazoi juridikorik emango digutenik auzitegiek, baina konbentzituta nago arrazoi historikoa gure alde dagoela, eta historiak arrazoi emango digula milaka torturatuoi, Euskal Herrian herri bat dagoelako torturaren aurka konprometitu dena, salatu duena, egoera gordin hau mahai gainean jarri duena. Herritarrek etxeko lanak egin dituzte, eta euskal erakundeetan aintzat hartu behar dute hori. Gaur, Nafarroako Gobernua interpelatu nahi dut, Eusko Jaurlaritzak bezala, Nafarroan ere azterketa sakon bat egin dadin, torturaren egia itzaletik argitara ekartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.