Liburu berria argitaratu du Iñaki Lasagabaster (Gasteiz, 1953) legelari eta EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak: Parlamento, Tribunal Constitucional, separación de poderes (Parlamentua, Auzitegi Konstituzionala, botere banaketa; HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak argitaratu du). Auziaren alde teorikoa jorratzen du, baina, bereziki, arreta jartzen du Kataluniako Parlamentuaren eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren arteko liskarrean.
Beti esan ohi da botere banaketa funtsezkoa dela demokraziaren osasunerako. Hala da?
Botereen banaketa oinarrizko eskubideen bermea ere bada. Garrantzitsua da ez ahaztea demokrazia batek oinarrizko eskubideak eta botere banaketa errespetatu behar dituela, halakotzat hartu nahi bada.
Liburuan Kataluniaren auzia aztertu duzu. Zure ustez, zer jokabide izan du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak afera honetan?
Proces-aren kondena Auzitegi Gorenak ezarri du. Auzitegi Konstituzionalak aldez aurretik esku hartu du. Gogora dezagun Konstituzionalak [Kataluniako Parlamentuko presidente] Carme Forcadelli debekatu ziola parlamentuan Kataluniaren autodeterminazioari buruz hitz egitea. Forcadellek uste zuen ezin ziola hori agindu, ez zion men egin, eta Konstituzionalak salatu zuen ez obeditzeagatik. Gorenak gero interpretatu zuen Konstituzionalari ez obeditzea delitua dela.
Baina Auzitegi Konstituzionalak ba al du eskumenik parlamentu batean zer eztabaida daitekeen erabakitzeko?
Hori da funtsezko galdera. Eta erantzuna oso argia da, nire ustez. Auzitegi Konstituzionalak ezin dio legebiltzar bati agindu gai bati buruz ez hitz egiteko edo gai zerrendan puntu bat ez sartzeko. Ez du parlamentuen gaineko jurisdikziorik, ezin die ezer agindu, legebiltzarkideen eskubideak babesteko denean izan ezik.
Hori al da parlamentuen «bortxaezintasuna»?
Estatutuek diote parlamentuak bortxaezinak direla. Konstituzioak ere bai. Konstituzioak dio erregea bortxaezina dela. Erregearen bortxaezintasuna errespetatzen da, denok dakigun bezala. Orduan, zergatik ez da errespetatzen legebiltzarraren bortxaezintasuna? Azken hori, gainera, kualitatiboki garrantzitsuagoa da, demokraziaren bermea delako. Izan ere, zer demokrazia dago parlamentuko kideak gai bati buruz eztabaidatzeagatik auzipetu badaitezke?
Horretan ba al du zerikusirik Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoaren 2015eko erreformak?
Erreforma hori oso garrantzitsua da, horrekin areagotu egin baitira Konstituzionalaren botereak. Eta garrantzitsuena: Konstituzionalak berak zabaldu ditu bere eskumenak lege hori interpretatuz. Adibidez: legeak dio Auzitegi Konstituzionalak «erakundeetara» jo ahal izango duela. Ez dira parlamentuak aipatzen, baina Konstituzionalak interpretatzen du erakundeak terminoaren barruan parlamentuak daudela. Horrela, berak, Auzitegi Konstituzionalak, inongo estatu demokratikotan konstituzio auzitegiek ez duten boterea aitortzen dio bere buruari.
Aurretik, 2008an, Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarreko mahaiko kideak zigortu zituen Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik.
Orduan, pertsona batzuek Eusko Legebiltzarraren bortxaezintasuna errespetatzeko eskatu genuen, baina ez genuen lortu. Orain, egoera horren ondorioak ikus ditzakegu. Auzitegiak parlamentuen gainetik jarri dira, eta hori onartezina da ikuspuntu demokratikotik.
Zer iruditzen zaizu Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaia errepikatzea erabaki izana?
Lehenik eta behin, errekurtsogileei ezarritako zigorra da. Otegik eta bere kideek epaia baliogabetzeko eskatu dute, eta Auzitegi Gorenak epaia baliogabetzea eta prozesu berri bat egitera zigortzea erabaki du. Azken hori ezin du auzitegiak egin. Auzitegi Gorenak epaia betearazteko erabaki positiboa edo negatiboa baino ezin du hartu, eta ezin du erantsi erreklamatzaileek eskatu ez duten ezer. Eta errekurtsogileek, Otegik-eta, ez dute eskatu beste epaiketarik egiteko.
Ikuspegi juridikotik, ezin da pertsona bat bi aldiz prozesatu egitate berberengatik, salbuespenak badaude ere. Kasu horretan, berriz ere auzipetu ahal izango lirateke pertsona horiek, haiek hala eskatuz gero. Baina ez dute eskatu. Orduan, auzitegiak ezin du prozesu berri bat gauzatzera kondenatu.
Hori guztia aintzat hartuta, zure ustez, nolakoa da gaur egun Espainiako justiziaren egoera?
Egoera oso larria da. Konstituzionala zein Gorena parlamentuen gainetik jarri dituzte, eta beren kasa aritzen dira. Bateragune auzia, proces-aren epaia, adierazpen askatasunaren kontrakoak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren berriztatzea... Espainiako Estatuaren kalitate demokratikoa guztiz beheratuta dago, zero azpitik. Eta Europan esan egin diete jadanik. Espainiako Estatuaren ospe demokratikoa gaur egun ez da onena. Eta arazo handiena tribunaletan dago.
Iñaki Lasagabaster. Legelaria
«Auzitegiak parlamentuen gainetik jarri dira, eta hori onartezina da»
EHUko katedradunaren ustez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako auziaz hartutako erabakiek eta beste zenbait ebazpenek erakusten dute «zero azpitik» dagoela Espainiaren kalitate demokratikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu