ustelkeria

Auzitegiak 72 ordu eman dizkie De Migueli eta Otxandianori kartzelan sartzeko

Autoaren arabera, kartzelan sartu ezean, Poliziari aginduko diote EAJko bi kide ohiak «atxilotzeko eta espetxeratzeko».

Alfredo de Miguel (eskuinean), bere abokatuarekin, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko uztailaren 3a
14:24
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak urtarrilean berretsi zituen De Miguel auziko zigorrak, baina, alegazioak tarteko, EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi Alfredo de Miguelek eta Koldo Otxandianok sei hilabete atzeratu dute espetxeratzea. Orain, Arabako Probintzia Auzitegiak 72 orduko epea eman die bi lagunei kartzelan sartzeko, eta ohartarazi die esana bete ezean «beharrezko aginduak» emango zaizkiela segurtasun indarrei bi kideak «atxilotzeko eta espetxeratzeko».

EAJk gobernatutako zenbait administrazioren kontratu publikoetan iruzurra egitea eta komisioak kobratzea helburu zuen sare bateko buru izatea egotzi zioten De Migueli, eta hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten horregatik, nahiz eta gehienez ere bederatzi urte bete beharko dituen. Otxandianok, berriz, zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra du.

Zigor horiek urte hasieran berretsi zituen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta martxoan helarazi zion erabakia Arabako Probintzia Auzitegiari. Auzitegi hark 24 orduan argitaratu zuen epaia irmo egiten duen autoa, eta hamar eguneko epea ezarri zien De Migueli eta Otxandianori kartzelan sartzeko. Gauza bera agindu zien Aitor Telleria EAJko kide ohiari eta Javier Sanchez Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazte eta Ekintza Komunitariorako zuzendari ohiari ere.

Halere, Sanchez da oraingoz espetxean sartu den bakarra, zazpi urte eta hilabete bateko zigorra betetzeko. Gainerakoek, ordea, alegazioak aurkeztu zituzten kartzelaratzearen kontra, eta indultu eskaerak egin. Telleriaren kasuan, kartzelaratzearen aurkako txosten bat aurkeztu zuen, osasun arrazoiak tarteko, eta haren egoeraren inguruko azken erabakia hartzeke du auzitegiak —bost urteko zigorra du—. De Miguelen eta Otxandianoren eskaerak, ordea, atzera bota zituzten, eta hamar eguneko beste epe bat eman zieten kartzelaratzeko, maiatzean.

Agindua betetzeari muzin egin zioten bi kideek, eta horrek behartu du auzitegia beste auto bat plazaratzera. Oraingoan, hiru egunekoa da epea, gaurtik hasita. Izan ere, De Migueli eta Otxandianori gaur goizean eman dizkiete eskura autoak, eta orduantxe jarri da martxan atzerako kontaketa.

Bi lagunek nahi duten espetxean aurkezteko aukera dute datozen egunetan, baina, hala egiten ez badute, auzitegiak adierazi du Poliziari aginduko diola haiek atxilotzeko eta espetxeratzeko. Autoetan, auzitegiak kasuaren «larritasuna» nabarmendu du, eta adierazi ezarritako zigorrak luzeak direla. Era berean, indultu eskaeren kontra egin du, uste baitu ez dagoela arrazoirik pentsatzeko De Miguelen eskaera kontuan hartuko denik. Otxandianori dagokionez ere, auzitegiak uste du «zaila» dela indultu eskaerak aurrera egitea.

Hamabost zigortu

Arabako Probintzia Auzitegiak 2019an ebatzi zuen epaitutako 26 lagunetatik hamabost zigortzea. Helegiteen ostean, aferak Auzitegi Gorenean bukatu zuen, eta hark zigor handienak berretsi zituen urtarrilean —Julian Sanchez absolbitu zuen—. Denera, bost laguni ezarri zizkieten espetxe zigorrak, baina Leioako Kultura zinegotzi ohi Iñaki San Juan (EAJ) ez da kartzelan sartuko.

Epaiak frogatutzat jo zuen hiru akusatu nagusiak —De Miguel, Otxandiano eta Telleria— ABBko buruzagi gisa zuten «influentzia politikoaz» baliatu zirela obrak esleitzeko, hainbat komisioren truke. Hala, besteak beste, eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea egotzi zieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.