Azken bi urteetan espetxe politikan izandako aurrerapenen balantzea aurkeztu du Foro Sozial Iraunkorrak gaur. Bizkaiko Abokatuen Elkargoan mintzatu dira Nekane Altzelai, Nazario de Oleaga eta Agus Hernan konfinamendu ostean emandako pausoen inguruan. Espetxe politikari dagokionez, bi ikuspegi kontrajarri daudela baieztatu dute. Alde batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalaren «ikuspegi zigortzailea», eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren «birgizarteratze politika».
Espetxe politika «humanizatzeko» hainbat urrats egin direla esan du Altzelaik. 30 urtez, urruntzea, dispertsioa, lehen graduan mantentzea eta bakartzea izan dira euskal presoekin aurrera eramandako politikaren enborrak; baina, Foro Sozialaren arabera, politika hori gaur egun gaindituta dago. Hein handi batean, espetxeen arloko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu direlako. Izan ere, egun 102 preso daude Euskal Herriko espetxeetan, eta beste 65 «periferikoetan». Horietatik 22 hirugarren graduan daude, eta gainontzekoak, bigarren graduan. Horrez gain, «bakartzeak amaitzean eta gaixotasun larriak dituzten presoen tratamenduan» aurrerapausoak eman direla azpimarratu du Altzelaik.
Halere, euskal presoak Euskal Herrira mugitzeko prozesuarekin jarraitzeko exijitu du, eta hori «arrazoizko epe batean» egiteko eskatu. Urrats hori «bizikidetza demokratikorako ekarpena» izango litzateke, haren esanetan. Hala, «salbuespenezko politikaren» zenbait ondorio atzean geratuko lirateke, Hernanen ustez; hala nola 70 urtetik gorako presoak eta gaixo daudenak etxean mantentzea, eta komunikazioen jazarpena etetea.
Hernanen iritziz, oraindik «oztopoak eragiten dituzten elementu» gehiago ere badaude. Hori dela eta, orain arte egindako urratsak ontzat jo arren, haren ustez «ez dira nahikoa arazoa konpontzeko». Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak euskal presoen gradu aldaketen eta baimenen inguruan aurkeztutako errekurtsoen atzean «interes politikoak» daudela baieztatu du Hernanek. «Biktimen elkarteek edota Guardia Zibileko hainbat sektorek» Auzitegi Nazionalean egiten duten presioaren helburua «jada martxan dauden aurrerapausoak oztopatzea» dela azaldu du Foro Sozialak.
Izan ere, duela gutxi arte arazo ez ziren gaiak arazo bihurtu dira azkenaldian. Euskal preso batzuk, jada hirugarren gradua zutenak, bigarren gradura itzuli dira fiskaltzaren errekurtsoak direla eta. Foro Sozialak eskaera argi bat du horren inguruan: «Espetxeratu guztiei erregimen berdina ezartzea».
Etorkizunerako helburuak
Arazo horiei aurre egiteko eta oraindik ebazteke dauden hurbilketak gauzatzeko, Hernanek argi du konponbidea: espetxe politikaren inguruko adostasuna Espainiako Gorteetarako hurrengo hauteskundeen aurretik egonkortzea. «Duela 11 urte amaitu zen terrorismo baten aurkako borrokaren testuinguruan ezarritako neurriak gaur egun mantentzeak ez duelako zentzurik».
Etorkizun hurbilari begira, Foro Sozialak hainbat helburu proposatu ditu. Batetik, Eusko Jaurlaritzak aurrera daraman espetxe politikarekin jarraitzea; haien ustez, «humanoagoa» da. Gainera, politika horrek Europako Batasuneko bestelako herrialdeen politiketara gerturatzen du Euskal Herria.
Espetxe horietan dauden presoei dagokienez, Jaurlaritzak berak gogoratu du irekita dagoela datozen urteetarako estrategia ezartzeko dokumentuari ekarpenak egiteko epea, eta Euskal Herriko zein nazioarteko eragileak bertan parte hartzen ari direla azaldu. «Inplikatutako aktoreek borondate politikoa dutela egiaztatu dugu», adierazi du Hernanek: «Garaia da justizia errestauratiboan ezarri beharreko politikaren oinarriak eta edukiak adosteko, nahi duten presoek bide hori egin dezaten».
Bestetik, 7/2003 legea indargabetzea. Azken hori gai «konplexua» dela aitortu du Hernanek, baina akordioen bidez bidea irekitzea ezinbestekotzat jo du.
Azkenik, Europako Batasuneko beste estatu batzuetan betetako zigorrei dagokienez, nazioarteko araudiak eta ebazpenak errespetatzeko eskatu du. Hernanek uste du eztabaidan «leku bat» egin duela afera horrek, eta konponbiderako urratsak egiteko garaia dela.
Foro Sozial Iraunkorrak adierazi du presoen auziari behin betiko konponbidea emateko ekarpenak egiten jarraituko duela; betiere, adostasunean, biktimekiko errespetuan eta espetxe politika arruntaren aplikazioan oinarrituta. Izan ere, bake prozesua indartzeko Foro Sozialak helburu argi bat du: «Bizikidetza demokratikoari ekarpena egitea».