Auzibideak

Auzitegi Nazionalak uko egin dio Otegi ikertzeari

Diginidad y Justicia elkarteak eskatu zuen Miguel Angel Blancoren hilketarekin lotuta ikertzeko.

Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellon. SERGIO PEREZ / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 29a
17:17
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek uko egin dio EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi Ermuko PPko zinegotzi Miguel Angel Blancoren hilketarekin lotuta ikertzeari. Hala, atzera bota du Dignidad y Justicia elkarteak egindako eskaera.

Efe albiste agentziak baieztatu duenez, Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak atzera bota du Blancoren bahiketaren eta hilketaren garaian Otegiri buruz jaso zuten informazioa aztertzea. Dignidad y Justiciak hilketaren garaiko informazioa aztertzeko eskatu zion epaileari, eta, behar izanez gero, EAEko Auzitegi Nagusira jotzeko. Elkarteak argudiatu zuen etakide baten emazte ohiak Otegi ikertzeko eskatu zuela garai hartan, eta 1997ko uztailaren 11n hura ikertzeko agindua eman zela.

Kasu berari lotuta, aurreko astean epailearen aurretik pasatu ziren Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre; uko egin zioten deklaratzeari. Haiekin batera, Josetxo Arizkuren ere ikertzen ari da auzitegia, ETAren zuzendaritzako kide gisa Blancoren hilketan izan zuten ustezko ardura argitzeko. Horretarako, Guardia Zibilaren txosten bat du oinarri epaileak. Eferen arabera, baina, fiskaltzak zalantza adierazi du kasuaren inguruan, oinarri bakarra Poliziaren txosten bat delako, eta delituak preskribatuta daudela uste duelako. Izan ere, Iñaki Graciaren kasuan, epaileak bai, adierazi du delituak preskribatuta daudela, nahiz eta hura ere ustezko arduradunen artean aipatu zuen.

Blancorena ez da kasu bakarra. Dignidad y Justicia elkarteak ETAren zuzendaritzari beste zenbait ekintza esanguratsu ere egozteko salaketak jarri ditu. Horietako bat da Gregorio Ordoñez legebiltzarkidearena. Kasu hartan, Gracia, Albisu eta Arizkuren ikertzen ari da Auzitegi Nazionala. Atzo, berriz, Jon Olarra Guridi, Ainhoa Mugika, Iñaki Esparza, Albisu, Iparragirre eta Ramon Sagarzazu deitu zituen ikertu gisa, 2002an ETAk Santa Polan (Herrialde Katalanak) egindako atentatu batekin lotuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.