Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi du Telegram blokeatzeko agindua

Santiago Pedraz epaileak baliogabetu egin du ostiralean hartutako erabakia, argudiatuta mezularitza zerbitzua blokeatzeko neurria «gehiegizkoa» litzatekeela.

Telefono bat, artxiboko irudi batean. PAUL BRAVEN / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko martxoaren 25a
11:30
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak iritzia aldatu du, eta oraingoz ez du bertan behera utziko Telegram komunikazio aplikazioa. Santiago Pedraz epaileak berak baliogabetu du iragan ostiraleko bere autoan emaniko agindua. Lehenbizi, aplikazioaren ezaugarriei eta hura bertan behera uzteak izango lukeen eraginari buruzko txosten bat eskatu dio Espainiako Informazio Komisariari, eta ikerketaren ondorioak jakitean aztertuko du zein den neurririk aproposena. Baina beste erabaki bat hartu du arratsaldean: neurri hori indargabetzea, argudiatuta ez litzatekeela proportzionala, «gehiegizkoa» baizik.

Pedrazek justu kontrakoa zioen duela hiru egun: badaezpadako neurri gisa agindu zuen mezularitza zerbitzua eteteko, argudiatuta erabaki hori «beharrezkoa, egokia eta proportzionala» dela eskubide horien urraketa denboran luzatu ez dadin.

Mediaset, Atresmedia eta Movistar Plus komunikazio enpresek Telegramen aurka jarritako salaketa baten ondoren agindu zuen Pedrazek hura bertan behera uztea behin-behinean. Telekomunikaziorako eta Interneterako sarbidea ematen duten operadoreei zuzenduriko agindua zen, eta, ondo bidean, larunbateko 18:00ak arteko tartea zuten hura betetzeko. Aginduak, baina, ez zuen eraginik izan, eta asteburuan normal-normal erabili ahal izan da mezularitza aplikazioa.

Telegram 2013an sortu zuten Nikolai eta Pavel Durov anaiek, Whatsapp mezularitza aplikazioaren alternatiba gisa, eta haren segurtasun irizpideek-eta eragin zuten zabalkunde handia izatea munduan: 900 milioi erabiltzaile ditu egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.