Espainiako Auzitegi Nazionaleko Hirugarren Zigor Salak arrazoia eman dio fiskaltzari, eta atzera bota du Manuel Garcia Castellon epaileak «ongietorrien» auziko instrukzioa luzatzeko hartutako erabakia. Epaimahaiak «oinarri juridikoen falta» argudiatu du, eta Garcia Castellonek urritik urtarrilera bitarte izandako «irizpide aldaketa erradikala» kritikatu du.
Urtarrilaren 29an, Garcia Castellonek erabaki zuen «ongietorrien» auziari lotutako instrukzioa berriz ireki eta uztailaren 29ra arte luzatzea, Sortuko eta Sare Herritarreko kideen Telegrameko txat batzuk ikertzeko helburuz, horietan euskal preso eta iheslariekin lotutako aferen inguruko «jarraibideak eta arauak» zabaltzen zirelakoan, epailearen esanetan. Zehazki, horien atzean nor zegoen zehaztu nahi zuen epaileak, Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako eta PPk babestutako helegiteari men eginda.
Auzitegiko fiskaltzak, baina, erabakiaren kontra egin zuen. Telegrameko kanalei erreferentzia eginda, adierazi zuen euskal presoekin lotutako afera oro ez dela delitua, eta epaileari leporatu zion «desegindako ETA talde terroristako presoen kolektiboarekin zerikusia duen ororen aurkako inkisizio orokor moduko batean» parte hartzea. Izan ere, fiskalaren iritziz, «existitzen ez den talde terrorista bateko presoen espetxe egoeraz eta haien interesen mesederako estrategiak planifikatzeaz mintzo diren euskal herritarrak dira» Telegrameko talde horietako kideak. Era berean, salatu zuen akusazioen eskaera «erabat garaiz kanpo» zegoela.
Hain zuzen, azken argudio horrekin bat egin du orain Hirugarren Zigor Salak. Epaimahaiak «harrigarritzat» jo du Telegrameko kanal horiei orain erreparatu nahi izana, Guardia Zibilak haien inguruan egindako txostena iazko otsailetik akusazioen esku egon baita. Zehazki, hark Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio euskal preso ohien sakelakoak zelatatuta eskuratu zuten haien inguruko informazioa.
Gainera, Hirugarren Zigor Salak adierazi du informazioa auziko parte direnen esku egonda Garcia Castellonek ez zuela hori ikertzeko «beharrik» ikusi instrukzioa itxi aurretik, eta adierazi zuela urrirako eginak zeudela beharrezko diligentzia guztiak. Are gehiago, salatu du Garcia Castellonek ez duela argudiorik eman zehazteko zergatik ez zen lan hori aurrez egin.
Auzia 2018an ireki zuten, eta ordutik jomugan dituzte 2016 eta 2019 bitartean euskal presoei egindako 95 «omenaldi» eta ustez haiek «antolatzeaz eta koordinatzeaz» arduratu zirenak. Auziaren instrukzioa bost aldiz luzatu zuten, iazko urriaren 29ra bitarte. Denera, hamabost lagun ikertu dituzte, baina fiskalak horietako sei auzipetzearen alde egin zuen: Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio. Horiei biktimak umiliatzearen delitua egozten die.