Auzibideak

Auzitegi Nazionalak Espainiatik ateratzeko debekua ezarri dio Mikel Albisuri

Albisuk eta Sagarzazuk gaur deklaratu dute epailearen aurrean. ETAk 2002an egindako atentatu batengatik sei euskal herritar ikertzen ari dira.

Mikel Albisu, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
2022ko urriaren 3a
16:49
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak uko egin dio Mikel Albisu eta Ramon Sagarzazu euskal herritarrak behin-behinean espetxeratzeari, baina Espainiako estatutik ateratzeko debekua eta hilean behin epaitegietan aurkezteko betebeharra ezarri dizkio Albisuri. Epailearen aurrean deklaratu dute biek, ETAk 2002an Santa Polan (Herrialde Katalanak) egindako atentatu batekin lotuta. Bi euskal herritar horiez gain, auzitegia Jon Olarra, Ainhoa Mujika, Iñaki Esparza eta Marixol Iparragirre ere ikertzen ari da.

Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek Albisu eta Sagarzazu behin-behinean espetxeratzeko eskatu zuten, baina, Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegi Zentraleko seigarren aretoko epaile Manuel Garcia Castellonen arabera, ez dago horretarako beharrik. Ebatzi du ez dagoela aukerarik frogak ezabatzeko edo delitua berriz egiteko, atentatua duela hogei urte egin zelako eta ETA deseginda dagoelako. Gainera, Sagarzazuren kasuan, ebatzi du hark estatutik ihes egiteko arriskurik ere ez dagoela.

Epailea ikertzen ari den gainerako herritarrak espetxeratuta daude egun. Iparragirre, Olarra eta Mujika, Zaballako kartzelan (Araba), eta Esparza, Lannemezanen (Okzitania). Iparragirre gaur zen deklaratzekoa, baina, azkenean, ez du egin. Olarrak eta Mujikak uko egin diote, eta Esparza, berriz, ez dute deitu, Frantziak baitu preso.

Garcia Castellonek martxoan erabaki zuen ETAk 2002ko abuztuan eginiko atentatuari buruzko ikerketa berriro zabaltzea, sei euskal herritarrek harekin loturarik izan ote zuten ikertzeko. Horretarako, txosten bana eskatu zien Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari. Azken horren arabera, «litekeena da» atentatua «Batasuna legez kanporatzeko prozesuari aurre egiten saiatzeko presio neurri bat izatea», eta hura ETAren buruzagitzak agindu izana. Era berean, ebatzi du sei kideak zuzendaritza haren parte zirela.

Erasoa 2002ko abuztuaren 4an egin zuen ETAk Guardia Zibilaren kuartel baten aurka, eta bi pertsona hil ziren: gizonezko bat eta haur bat. Auzia ikertu zuten, eta bi lagun kondenatu zituzten, baina epaileak ebatzi du auzia berriro irekitzea dagokiola; Olarra, Mujika, Esparza, Albisu, Sagarzazu eta Iparragirre garai horretan ETAko zuzendaritzan zeudelakoan, horiek izan dezaketen erantzukizuna ikertu nahi du epaileak.

Hain justu, azken hilabeteetan Auzitegi Nazionalak abiatutako prozedura da ETAren atentatu batzuen ikerketa berriro zabaltzea, horien egiletza intelektuala eta garai horietan ustez ETAren zuzendaritza osatzen zutenen erantzukizuna argitzeko. Hala egin dute Miguel Angel Blanco eta Gregorio Ordoñez PPko kide zirenen hilketekin, eta baita Francisco Querol magistratua zenarenarekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.