Auzitegi Nazionalak auzipetutako Leitzako hiru lagunak babestu ditu Bilduk

Festetako txupinazoan presoen alde egiteagatik daude auzipetuta Oier Eizmendi alkatea eta Juantorena eta Iraola

Bilduko Bakartxo Ruiz eta Koldo Amezketa, izkinetan, Leitzako alkate eta alkateordea «babesten». IÑIGO URIZ / ARP.
Iruñea
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
«Terrorismoa goratzeagatik» inputatuta daude Leitzako alkate Oier Eizmendi eta Lurdes Juantorena eta Saioa Iraola herritarrak, eta Bilduk babesa eman die. Koalizioak inputazioa bertan behera uzteko eskatu du: «Euskal Herrian egoera berri baten atarian gaude, eta alde guztiek hartu behar dute erantzukizuna prozesu horretan». Espainiako Auzitegi Nazionalak abuztuaren 10ean Leitzako jaietako egitarauan euskal presoen aldeko topa antolatzeagatik inputatu du Eizmendi. Juantorenak eta Iraolak ere deklaratuko dute gaur goizean Auzitegi Nazionaleko Madrilgo egoitzan. Azken biei «terrorismoa goratzea» egozten diete, txupinazoan herriko preso baten irudia zuen kamiseta bana jantzita eraman eta presoen aldeko mezuak helarazteagatik. Bilduko kideak epaiketan egonen direla iragarri dute, «inputatuei babes osoa emateko».

Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak erantzukizuna eskatu die Nafarroako eta EspainiakoGobernuei: «Nafarroako Gobernuak bere ekarpena ere egin behar du herri honen normalizazioan». Ruizen arabera, «gizartean euskal presoek gero eta babes handiagoa daukate, eta, gainera, haien eskubideak aldarrikatzea ez da delitua». Bilduko kide Koldo Amezketak Leitzako hiru lagunen inputazioa «interes politikoz eta mediatikoz zipriztinduta» dagoela salatu du.

Amezketaren ustez, «Bilduren aurkako ehiza eta jazarpena bertze behin ere argi gelditzen da». Bera txupinazo egunean bertan zela onartu du: «Balkoira atera ez nintzen arren, ez nuen ezohiko deus ikusi». Leitzan jazotakoak iaz Berriozarren edo Atarrabian gertaturikoaren antza daukala ohartarazi du. Gainera, gogorarazi du ez dela ia ondoriorik izan prozesu judizial horiek guztiak jasan dituzten inputatuentzat. Horregatik, interes politikoen menpe dagoen gai bat dela berretsi du.

Oier Eizmendi Leitzako alkateak aurtengo festak normal igaro zituztela azpimarratudu. «Oraindik ez zaizkit hurbildu txupinazo egunean minduta sentitu ziren herritarrak; jakin dezatela Leitzako Udala guztientzat irekita dagoela».

Aralarren babesa

Aralarrek ere babesa agertu die Leitzako alkateari eta gainontzeko inputatuei. Nafarroako Gobernuak Foruzaingoa «Bildu kontrolatzeko eta jazartzeko» erabiltzen duela salatu du Aralarrek. Patxi Zabaletak Yolanda Barcinaren jarrera kritikatu du: «Nafarroako presidenteak konfrontazioa eta jazarpena elikatzen jarraitu nahi du, baita epaileen erabakien gainetik ere». Hiru auzipetuen aurkako salaketa kentzeko eskatu du Zabaletak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.