Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek egindako eskaerei buruzko eztabaida «faltsua» da. «Nahasmena» besterik ez du eragiten, eta ez da zuzena. Argi du hori Alfontso Zenon abokatuak. Kalte besterik ez duela egiten dio; eztabaida sustatu dutenak, gainera, nahasmena «nahita» eragiten ari direla. «Sakabanaketa amaitzeko eskaerak eginda daude», ziurtatu du. Eta ohartarazi du ez dela inolako baldintzarik bete behar gerturatzeak galdegiteko: «Presoek etxetik hurbilen dituzten kartzeletan egon behar lukete, legez; beraz, hori betetzeko, ez da behar inolako baldintzarik».
Hala ere, ziurtatu du presoek eginak dituztela eskaerak, horietako askok erantzunak ere jaso dituztela; ezezko erantzunak. Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako epaileak aurreko astean esan eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak errepikatu duen argudioa entzunda, haserretu egin da abokatua: «Lehen pausoa eman dute, eta hori, logikoa denez, espetxe administrazioan egiten da; bakoitzak bere espetxean egin du eskakizuna».
Castrok esan zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak ez duela jaso preso bakar baten gerturatze proposamenik. Erkorekak adierazpen horiek jarri ditu EPPK-ko kideei leporatzeko ez direla betetzen ari «hartutako konpromisoak». Abokatuaren ustez, ordea, iruzur egiten ari dira, bai bata, bai bestea. Lehenengo ezezkoa jaso ondoren, Auzitegi Nazionalera igorri beharreko eskaerak prestatzen ari dira abokatuak. Castrok azaldu du «aste batzuetan» izango dituela mahai gainean.
Abokatuak sinetsi nahi du epaileak onartuko dituela Zaballako kartzeletara eramateko proposamenak. Hala behar lukeela dio: «Bat egiten dugu Castro epaileak dioenarekin: etxetik gertuko kartzeletan egotea ez da espetxe onura; eskubidea da». Horixe adierazi zuen Zaintza Epaitegiko epaileak aurreko astean. Baina abokatua ez da fio: «Sarritan, gauza bat esaten du, baina gero kontrakoa egiten du», ohartarazi du. «Laster edukiko du gaia mahai gainean, eta ikusiko dugu zer egiten duen, baina hark ere aitortzen du eskubide batez ari garela, ez direla espetxe onurak, legediek eta nazioarteko hitzarmenek jasotzen dutela presoek etxetik hurbilen dituzten kartzeletan egon behar dutela eta beraz, ezin dela baldintzatuta egon».
Auzitegi Nazionalak ere ezezkoa emango balio eskaerari, abokatuek apelazio helegitea aurkeztuko lukete auzitegi berean. Orduan ere ez baliete arrazoirik emango, Auzitegi Konstituzionalera joko lukete, eta azkenik, Estrasburgora.
Baldintzapeko askatasunak
Erkorekak beste argudio bat erabili zuen esateko presoak ez direla ari urratsak egiten: Asier Arronategi presoak baldintzapeko askatasuna jaso izana. Arronategik ETA gaitzetsi, damua azaldu, barkamena eskatu eta justiziari laguntzeko konpromisoa hartu zuen, eta Langraitz bideari helduta ibili da. Notario aurrean egin zuen hori, eta epaileak baldintzapeko askatasuna eman zion. Zenonek azaldu du eztabaida hori ez dela nahastu behar presoak gerturatzearekin.
Zigor osoak betetzeari begirako 7/2003 Legea indarrean jarri zenetik, damuarekin lotutako hainbat baldintza ezartzen zaizkie euskal presoei. «Presoek inoiz ez dute onartu salbuespeneko lege hori», zehaztu du abokatuak. «Beste gauza bat da prozesuak aurrera egiten duen heinean, etxeratzeko prozesu batean, presoak prest daudela legeak eman ahal dizkien aukerak aztertzeko; salbuespen neurriak kentzeko eskatzearekin batera, hori adierazi zuten abenduan».
Sortuk ere hizpide hartu du eztabaida, buruzagi jeltzaleen jarrera gaitzesteko. Erkorekari leporatu dio «gezurretan» aritzea eta «gaizto» jokatzea. «Badaki Zaballarako lekualdatzea ukatzen ari zaiela [presoei] ilegalki».
Auzitegi Nazionalak aurki jasoko ditu presoak hurbiltzeko eskaerak
Zenonek Erkorekari egotzi dio EPPKren inguruan nahasmena eragitea.Espetxeetako ezezkoen ondoren, «datozen asteetan» igorriko dituzte eskakizunak Espetxe Zaintzara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu