Auzitegi Nazionalak 30 urteko espetxe zigorra ezarri dio Mikel Karrerari

Gimenez Abad PPko politikaria hiltzea egotzi dio epaimahaik, De Prada epailearen boto partikularrarekin; absoluzioaren alde egin du. Auzi berean, Itsaso Zaldua absolbitu dute. 

Mikel Karrera eta Itsaso Zaldua, haien aurkako epaiketan. FERNANDO VILLAR / EFE
2023ko irailaren 22a
15:01
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak 30 urteko espetxe zigorra ezarri dio Mikel Karrera Sarobe euskal presoari, Aragoiko PPko presidente Manuel Gimenez Abaden hilketa egotzita. Ebazpena, baina, ez dute aho batez onartu. Jose Ricardo de Prada epaileak Karreraren absoluzioaren alde egin du, haren aurkako frogen «oinarri» faltagatik. Auzi berean, epaimahaiak Itsaso Zaldua absolbitu du.

Fiskaltzak zein akusazio partikularrak eskatutako zigor eskaerarekin bat egin du epaimahaiak, eta, Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, espetxealdiaz gain, bost urtez Zaragozara (Espainia) hurbiltzeko debekua ere ezarri diote, kalte ordainaz gain.

ETAk 2001eko maiatzaren 6an hil zuen Gimenez Abad. Auzia hainbat urtez itxia egon zen, 2014an politikariaren semeak adierazi zuen arte Karrera izan zela egilea, haren argazki bat ikusi ostean. Haren esanak izan dira Karrera Saroberen aurkako frogen muina, polizia txostenekin batera.

De Pradak, ordea, bere boto partikularrean azaldu du Poliziaren txostenak «iritzi judiziala orientatzeko» erabili daitezkeela, baina ez hura ordezkatzeko. Lekukoek egindako identifikazioei dagokionez, adierazi du ez direla izan «behin betikoak», ezta Gimenez Abaden semearena ere; besteak beste, «hamahiru urte beranduago» egina delako. Ordurako, zenbait hedabidek Karrera Saroberi egotzia zioten hilketa, poliziak zabaldutakoan oinarrituta, «kontrol judizialik gabe, eta akusatuaren defentsaren presentziarik gabe».

Karrerak, berriz, ukatu egin du ekintza hartan parte hartu izana, argudiatuta egun hartan Senperen (Lapurdi) eginiko Herri Urrats jaialdian izan zela. Zenbait testiguk hark esanak baieztatu zituzten epaiketan, baina epaimahaiak ez ditu sinesgarritzat hartu, besteak beste, «akusaturekin lotura bat» dutelako eta haren «inguru erradikal berekoak» direlako.

Zalduaren kasuan, epaimahaiak ebatzi du haren kontrako frogak ez direla «nahikoa», eta testigu batek eginiko identifikazioak «zalantza handiak» utzi dituela. Era berean, azaldu dute ez dagoela baieztatzerik ETAren Basajaun komandoko kide zenik, ezta komando hark gauzatu zuenik ere ekintza hura.

Karrera bizi osoko espetxe zigorra betetzen ari da Lannemezango espetxean (Okzitania). Zaldua, berriz, epaiketa amaitzearekin batera utzi zuten aske. Ebazpena errekurritu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.