Auzitegi Nazionala Blancoren hilketaren auzia berriz irekitzearen alde agertu da

Garcia Castellon epaileak tramiterako onartu du Dignidad y Justiciaren salaketa bat. Bederatzi lagun auzipetu nahi dituzte garai hartan ETAko buruzagitzako partaide izatea egotzita: besteak beste, Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu.

Marixol Iparragirre, artxiboko irudi batean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
2022ko martxoaren 17a
12:16
Entzun

Dignidad y Justicia elkarteak bederatzi euskal herritarren aurka aurkeztutako salaketa tramiterako onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zehazki, Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzi Miguel Angel Blancoren hilketaren erantzule izatea egotzi die elkarteak Iñaki Graciari, Marixol Iparragirreri, Asier Oiartzabali, Juankar Iglesiasi, Mikel Albisuri, Vicente Goikoetxeari, Jokin Etxebarriari, Josetxo Arizkureni eta Carlos Ibargureni. Hilketaren «egile intelektualtzat» jo dituzte, hura gertatu zenean ETAren buruzagitzaren parte zirelakoan.

Manuel Garcia Castellon epailea kasua berriz irekitzearen alde agertu da, ikertzeko ea «ETAren batzorde exekutiboko kideek» Blanco hiltzeko agindua eman ote zuten edo omisioz bide eman zuten horretarako. Hori argudiatzeko, epaileak azaldu du gutxienez 48 ordu izan zituztela ekintza geratzeko, eta, beraz, posible dela «haien erantzukizuna zenbaterainokoa den zehazteko ikerketa bat hastea». Hala, Guardia Zibilari «inteligentziako peritu txosten bat» egiteko eskatu dio, hilketa haren garaian norainoko ardura zuten zehazteko.

Epaileak gaineratu du badela Arizkurenen aurkako auzi bat irekita Blancoren heriotzagatik. Zehazki, hilketaren eragile izatea leporatzen diote. 2016an hark ustez ETAren Bizkaia komandoko kideei bidalitako bi gutun ditu oinarri akusazioak. Epailearen hitzetan, erakunde armatuak une hartan zuen jarduteko moduaren berri ematen da haietan, eta Blancoren hilketak bat egiten du azaltzen denarekin.

Dignidad y Justiciaren kereila «koherentea» dela uste du epaileak, bat egiten duelakoan orain arteko ikerketekin. Blancoren heriotzagatik, Javier Garcia Gaztelu, Irantzu Gallastegi eta Ibon Muñoa zigortu zituzten 2006an. Garcia Castellon bera izan zen, gainera, duela 25 urte kasuaren instrukzioa zuzendu zuena. Hori «abantailatzat» jo du epaileak berak, argudiatuta gertakariak «zuzenean ezagutzen» duela.

Salatutako gehienak espetxe zigorrak betetzen ari dira beste auzi batzuengatik. Gainerakoentzat, berriz, estatutik ateratzeko debekua eskatu zuen Dignidad y Justicia elkarteak. Baina, autoaren arabera, ez da haien aurkako neurririk hartuko. Era berean, bederatziek ez dute oraingoz epailearen aurrean deklaratu beharko.

Azken erabaki horrekin, lau dira ETAko buruzagi ohien aurka irekita dauden auziak. Biktimen elkarteek jarritako salaketak direla medio, Barajas aireportuko 2006ko atentatuan, eta Gregorio Ordoñez legebiltzarkidearen eta Francisco Querol epailearen hilketetan izan zuten ustezko parte hartzea ikertzen ere ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.