Auzitegi Nagusiak Zarauzko Udalari agindu dio udaltzainak su armaz hornitzeko

ERNE sindikatuak eskatu zuen udaltzainak su armaz hornitzeko, eta udalak helegitea jarri zuen.

GASTEIZKO UDALTZAINAK
Bi udaltzain, Gasteizen. GASTEIZKO UDALA
2024ko urtarrilaren 10a
16:00
Entzun

ERNE sindikatuak egindako eskaerak bere bidea egin du. EAEko Auzitegi Nagusiak Zarauzko Udalari (Gipuzkoa) agindu dio udaltzain guztiak su armaz hornitzeko «behar diren neurriak hartuz arma egokiak eskuratzeko, armategi homologatuak izateko, eta horiek behar den bezala zainduak egoteko instalazioak edukitzeko». Prozedura judizialaren gastuak ere udalak ordaindu beharko ditu.

Auzitegiak atzera bota du Zarauzko Udalak jarritako helegitea, eta aintzat hartu du ERNE sindikatuaren eskaera. Epaiaren arabera, «su armen erabilera beharrezkoa da herritarren segurtasuna mantentzeko eta ezartzeko». Ez da horrela ebazten duen lehen aldia. Eibarko Udalak ere (Gipuzkoa) uko egin zion udaltzainek su armak modu orokortuan erabiltzeari, eta ERNEk kasazio helegitea jarri zuen erabaki horren aurka. Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen helegitea, eta udaltzainak su armaz hornitzera behartu zuen Eibarko Udala ere.

ERNEk txalotu egin du auzitegiaren erabakia: «Mugarri bat da udaltzainen armen erabilerari buruzko eztabaidan». Uste du auzitegiak irizpide teknikoak eta herritarren segurtasuna hartu dituela aintzat gai honi buruz erabakitzeko orduan.

Iaz jorratu zuten udaltzainek armak erabiltzea arautzen duen dekretua. Izan ziren alderdien arteko desadostasunak eztabaidan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaltzainen jarduna EAEko Poliziaren Legeak arautzen du, eta, haren arabera, agenteek armak erabiliko dituzte «polizia zerbitzuetan, bide publikoetako segurtasuna babesteko eta segurtasun eta zaintza zerbitzuak egiteko». Halere, alkateek erabaki dezakete «zer zerbitzu emango den armarik gabe», betiere «funtzionarioen edo hirugarrenen bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larririk ez badago». Zirrikitu bat uzten zien legeak udalei, armen erabilera arautzeko. Eusko Jaurlaritzaren dekretuak, ordea, zirrikitu hori murrizteko bidea ireki dezake. Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, lehen hiru hileko honetan onartzea espero da. Bertan «udaltzaingoek erabili behar dituzten arma, nahiz bestelako defentsako baliabide eta bitarteko tekniko motari eta horien erabilerari buruzko guztia» arautuko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.