Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Bateragunekoen helegitea

Aitzinago ebatziko du helegitea aztertu artean epaiketaren prozedura eten ala ez. Kasuak «transzendentzia konstituzional berezia» du, auzitegiaren arabera

Iñigo Iruin abokatua, aitzinean, eta Miren Zabaleta eta Arnaldo Otegi auzipetuak, gibelean, joan den abenduan Donostian egindako agerraldian. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Bateragune auziko defentsak joan den otsailean jarritako babes helegitea, eta, hala, aztertu eginen du Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiketa berriz egiteko emandako ebazpenak urratzen ote duen auzipetuek benetako babes judizialerako duten eskubidea. Helegitea ebatzi artean epaiketaren prozedura eteteko eskatua zuten auzipetuek, baina horri buruz aitzinago ebatziko du Konstituzionalak.

Auzitegiak jakinarazi duenez, auzipetuen defentsak jarritako babes helegiteak «transzendentzia konstituzional berezia» du, «gaiak arazo bat planteatzen duelako edo eragiten diolako oinarrizko eskubide baten alderdi bati zeinari buruz ez dagoen doktrina konstituzionalik». Ontzat jo du, beraz, Iñigo Iruin abokatuak helegitea jartzerakoan BERRIAri erran ziona: Konstituzionalak halako auzi bati buruz ebatziko duen lehen aldia izanen da.

Defentsak helegitean argudiatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak joan den abenduaren 14an emandako epaiak urratu egiten duela auzipetuek benetako babes judiziala izateko duten eskubidea. Zehazki, defentsak uste du Gorenak emandako ebazpenak non bis in idem printzipioa urratzen duela: hau da, ez duela errespetatzen auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea. Helegiteak zehazten du, gainera, bortz auzipetuek osorik bete zituztela 2011n Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri eta 2012an Gorenak berretsitako espetxe zigorrak: Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok seina urte egin zituzten kartzelan, eta Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek, seina urte eta erdi.

Helegiteak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententzia ere hartzen du erreferentzia gisa. Izan ere, Estrasburgok 2018an emandako epaiak zehazten du auzipetuen eskariz baino ezin dela Bateragune auziko epaiketa berriro egin. Kasu honetan, auzipetuek ez dute horrelakorik eskatu; baina, 2011ko sententziari aurkezturiko kasazio helegiteari erantzunez, Goreneko epaile guztiek aho batez ebatzi zuten Bateragunekoen epaiketa berriro egin behar zela.

Hiru bereizgarri

Konstituzionalak aztertu izan du lehenago non bis in idem printzipioa, baina ez Bateragune auziko ezaugarriak dituzten kasuetan. Auzi horren bereizgarrietako bat da Estrasburgok emandako sententzia baten ondorioz eskatu duela Gorenak epaiketa berriz egiteko; eta, bertzea, auzipetuek zigorrak osorik beteak dituztela. Era berean, Espainiak 2015ean zehaztu zuen Estrasburgoko epaiak nola betearazi behar diren, eta hori ere urratu zuen Gorenak: berraztertze helegite baten bidez betearazi behar dira berez epai horiek, eta, kasu honetan, berraztertze helegitea aztertu ondoren eman zuen Gorenak epaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.