Sortuk gaitzetsi du Auzitegi Konstituzionalak nafarren borondate demokratikoa Estatuaren menpe ezartzen duela. Epaitegiak argi indarraren ekoizpenaren gaineko balioaren zerga arautzen zuen Foru Legea indargabetu zuen uztailaren 2an kaleratutako epaian. Madrilgo gobernuak Nafarroan harturiko erabakietan esku hartzeko duen ahalmenenen inguruan polemika sortu du gertakariak.
Sortuko kide Txelui Moreno eta Maitane Intxaurragak gaur Iruñean Espainiako Gobernuaren jarrera irmo gaitzetsi dute: “Ez gaude arazo juridiko edo legearen interpretazio huts baten aurrean, arazo politiko larri baten aurrean baizik”. Era berean, larritzat jo dute Nafarroan erabakitako legeak “nafarren borondate demokratikoa ordezkatzen ez duten erakundeek kitatzea”.
Sorturen ustez, egoerak argi utzi du Foru Hobekuntza eta ituna Ekonomikoa ez direla bi entitate soberanoren arteko ituna, “Madril eta Iruñeko eliteen arteko hitzarmen baztertzailea baizik”. Izan ere, alderdiaren arabera, Nafarroaren zerga arloko eskumenak, “PPk eta PSOEk hautaturiko Auzitegi Konstituzionalak deuseztatu ditu bere interpretazio ideologikoen arabera”.
Moreno eta Intxaurragak Nafarroako estatus politikoaren inguruko eztabaida zabaltzeko eta Estatuarekiko harremanak erabakitze eskubidean oinarritzeko garaia heldu dela deritzote. Madrilen “erasoen aurrean babesteko eta erronka hau arrakastatsua izan dadin” kalean zein erakundeetan indarrak batzeko deia zabaldu dute.