Auzitegi Konstituzionalak babestu egin du guraso bakarreko familien baimenak 26 astera luzatzea

Argudiatu du egungo legediak ez dituela kontuan hartzen guraso bakarreko familietan jaiotako haurrei eragindako «ondorio negatiboak».

Ama-semeak, oinez, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ama-seme batzuk, oinez, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 6a
19:35
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaren kontrakotzat jo du guraso bakarreko familiei dagozkien zaintza baimenak hamasei astera mugatzea, eta ebatzi du interpretatu behar dela baimen horiek 26 astera arte luzatu daitezkeela. Izan ere, Konstituzionalaren arabera, botere legegileak ez du kontuan hartu legeak «tratu ezberdin bat» ematen diela haurrei, kontuan hartu gabe egungo legediak «guraso bakarreko familietan jaiotako haurrei neurriak eragindako ondorio negatiboak».

Egun, legeak gurasoei hamasei asteko zaintza baimena aitortzen die, eta horietatik sei aste erditzearekin batera hartu behar dira ezinbestean. Ondorioz, bi guraso dituzten familietan, bakoitzari dagozkion epeak bien artean banatuz gero, 26 astera arte luzatu daiteke arta hori. Guraso bakarreko familietan, baina, hamasei astean geratzen da.

Aferaren inguruko eztabaida juridikoak tarteko, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak auzia Konstituzionalera eraman zuen, iritzita legediak «tratu diskriminatzailea» ematen ziela guraso bakarreko familietako haurrei, gainerakoek baino arta denbora gutxiago bermatzen dielako, nahiz eta behar berberak izan. Era berean, zehaztu zuen «sexuaren araberako diskriminazio ez-zuzen bat» ere eragiten zuela, auzi horrek bereziki emakume langileei eragiten dielako. 

Hala, Konstituzionalak ebazpenean azaldu duenez, aztertu beharrekoa da legeak ez duela aurreikusten «omisio» horrek zer eragin izan dezakeen guraso bakarreko familietan jaiotako haurrengan: «Justifikaziorik gabeko omisio bat da». Hala, Espainiako Konstituzioaren kontrakotzat jo du araudia, eta botere legegileari agindu dio horri aurre egiteko beharrezko aldaketak egin ditzala, konstituzioaren 14. eta 39. artikuluak errespeta ditzan. Lehenak dio «espainiar guztiak berdinak direla legearen aurrean» eta, besteak beste, ezin direla diskriminatu jaiotze, arraza, sexu eta erlijio arrazoiengatik. Bigarrenak, berriz, botere publikoei dagokiela «familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa bermatzea».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.