Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman die Ertzaintzako eta Osakidetzako sindikatuei, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia berretsi du: ebatzi du Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako langileen eta ertzainen "oinarrizko eskubideak" urratu dituela, hainbat hilabetetan babes materialik gabe lan egin zutelako. Erabakia "aho batez" hartu du epaimahaiak, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak adierazi duenez, eta datozen asteetan emango dute sententziaren berri.
Auzitegi Goreneko Gizarte gaietako bilkurak Eusko Jaurlaritzaren bi helegite aztertu ditu gaur. Osakidetzako eta Ertzaintzako sindikatuen salaketek bide luzea egin dute. Pandemiaren hasieran salatu zuten ESK osasungintzako sindikatuak eta Erne eta Esan Ertzaintzako sindikatuek behar besteko babes neurririk ez zutela. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien, eta zenbait neurri hartzera behartu zuen Jaurlaritza: besteak beste, Segurtasun Saila derrigortu zuen ertzain guztiei proba serologikoa egitera. Hala ere, Jaurlaritzak helegitea jarri zuen Madrilen, eta gaurko epaiak berretsi du eskubide horiek "urratu" zituela.
Epaiak ez du hori soilik ebatzi, ordea. Langile horien oinarrizko eskubideak prozesu judizialen tutoretzapetik pasatzea "egokia" dela iritzi du, beren lana egiterako orduan osasungintzako langileek eta ertzainek izan dituzten "baldintza ezohikoak" direla eta. Gehitu du sindikatuek "zilegitasuna" dutela oinarrizko eskubide horiek tutoretza judiziala eskatzeko.
Errespetatu bai, baina ez du bat egiten
Epaia jakin bezain pronto zabaldu du komunikatua Eusko Jaurlaritzak. Gorenaren epaia errespetatzen duela, baina bat egiten ez duela adierazi du, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiarekin egin bezalaxe. Jaurlaritzak azpimaratu du salaketa pandemia hasieran gertatu zela, eta garai horetan babes materiala urria zela mundu osoan, ez bakarrik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Gehitu du, konfinamendu garaia izaki, material horren ekoizpena, logistika eta garraio jarduerak itxita zeudela.
Halaber, nabarmendu du gaur egun administrazio publikoan lan egiten duten langileei banakako babes ekipamendu "egokiak" banatzen dizkietela bermatu duela, eta babes protokoloak ere ezarri dituela.