Auzitegi Gorenak berretsi egin du Tasio Erkiziaren urtebeteko zigorra

Argalaren heriotza gogoratzeko eginiko ekitaldi batean parte hartzeagatik jaso du zigorra ezker abertzaleko kideakEzker abertzaleak, EAk eta Aralarrek esan dute «prozesuaren aurkakoa» dela epaia

jokin sagarzazu
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Auzitegi Gorenak berretsi egin du Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako urtebeteko espetxe zigorra. 2008an, Arrigorriagan (Bizkaia), Jose Miguel Beñaran Argala zenaren heriotza gogoratzeko eginiko ekitaldian parte hartzeagatik «terrorismoa goratu» zuelakoan zigortu zuten Erkizia iazko maiatzean. Urtebeteko kartzela zigorraz gain, Auzitegi Nazionalak ezarritako zazpi urteko inhabilitazioa eta auziak eragindako gastu guztiak ordaintzeko zigorra ere berretsi egin du Gorenak. Auzitegi Goreneko zigor salako bost magistratuetatik lauk babestu dute epaia, eta batek boto partikularra eman du, Erkiziaren absoluzioaren alde.

Francisco Monterdek idatzi du zigor epaia, eta harekin bat egin dute Juan Saavedra, Jose Ramon Soriano eta Juan Ramon Berdugok. Epaiak dio «agerikoa» dela Argala gogoratzeko ekitaldiaren helburua zela «ETAko kide bat omentzea, eta ez familiaren ekitaldi bat edo ekitaldi politiko batean parte hartzea», Erkiziak argudiatu zuen moduan.

Jone Goirizelaia abokatuaren arabera, adierazpen askatasuna baliatu zuen Erkiziak ekitaldi politiko batean parte hartzeko. Gainera, ekitaldira Argalaren senitartekoek gonbidatu zutela nabarmendu zuen, hildako bat gogoratzeko, eta ez ETAko kide bat gogoratzeko. Era berean, Erkiziak ekitaldian eginiko adierazpenak ez zirela egoki interpretatu argudiatu zuen.

Auzitegi Goreneko zigor salak atzera bota du Goirizelaiaren helegitea, eta Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi egin du. Epaimahaiaren iritzian, Erkiziak esandakoaz gain, kontuan hartu behar da ekitaldi hartan eginiko «ekinaldi multzoa». Hala, dio «omenezko jarrerak» eta «terrorismoa goratzekoak» egin zirela han, eta horietan parte hartu zuela Erkiziak. «Argalari ez zaio aitortzen ETAko kidea izatea ez den beste ezaugarririk», dio epaiak. Magistratuen arabera, ETAko kide ohia omendu eta goretsi zutela «frogatuko» lukete haren argazkia oholtzan egotea, ekitaldian instrumentu tradizionalak jotzea, bertsoak kantatzea eta ezpata dantza eta ikurrin dantzak dantzatzea. Erkiziaren «jarrerari» dagokionez, epaiak dio hura izan zela ekitaldiko «protagonista nagusia», eta haren parte hartzearen helburua izan zela «Argala gorestea eta gogoratzea». Erkiziak Argalaren argazkian krabelin bat jarri zuela nabarmentzen du epaiak.

Erkiziak eginiko agerralditik, berriz, hainbat komunikabidek nabarmendu eta egun haietan hautsak harrotu zituen esaldi bati erreparatu diote magistratuek. Honela dio, hitzez-hitz: «Hausnarketa bat eskatzen dut biderik egokiena hautatzeko, Estatuari min gehien egiten dion eta herri hau egoera demokratikora eramango duen bidea hautatzeko».

Erkiziak berak epaiketan azaldu zuenez, ezker abertzaleak «gogoeta sakona» egin beharra plazaratu zuen ekitaldian. «Estatuari min gehien egiten dion bidea» hautatu behar zela adierazi zuela; alegia, «bide politikoa» hartu beharraz ohartarazi zuela, «Estatua oso ahula delako argudio politikoetan eta indartsua errepresioan». Gainera, gogorarazi zuen «prozesuaren hasierako hitzaldia» izan zela hura.

Ezker abertzaleko kidearen azalpen hori izan da, hain zuzen ere, zigor epaiaren aurka aurkeztutako boto partikularraren helduleku nagusia. Joaquin Gimenez magistratuak dio Erkiziaren adierazpena bere osotasunean hartuta —Goirizelaiak eskatzen zuen moduan— «ondorio bakarra» atera daitekeela: «Bide demokratikoen aldeko apustua egin zuen [Erkiziak]». «Ekitaldi horretan deitu zuen hausnarketara eta ezker abertzalearen batasunera». Era berean, ekitaldian ez zela «terrorismoa goresteko elementurik» izan nabarmendu du Gimenezek. «Ez zen jarduera terroristari buruzko erreferentziarik egin, ezta jarduera terrorista helburu politikoak lortzeko tresna gisa defenditu».

Magistratuarentzat, halaber, gogoan hartu behar da Argala ETAko «kide historikoa» bada ere, ETAren aurkako «terrorismoak» hil zuela, eta ekitaldi hartan haren «erailketaren» 30. urtemuga gogoratu zutela —Gorenean aurkeztutako helegitean Goirizelaiak nabarmendu zuen Batallon Vasco Españolek hil zuela Argala, Eusko Jaurlaritzak biktima gisa onartu duela, ETAko kide gisa amnistiatu egin zutela, eta Euskal Herriko «bizi sozialean» parte hartzen zuela—.

Auzitegi Gorenaren erabakia gogor salatu dute ezker abertzaleak, Aralarrek eta EAk. Erkizia «bide baketsuak eta demokratikoak defendatzegatik» zigortu dutela esan du ezker abertzaleak, eta epaia «aterabide demokratikoen aurkakoa» dela. Aralarrentzat, «sintoma txarra» da konponbide prozesuari begira, eta EAk uste du erabakiak agerian uzten duela Espainiako Justizian «demokraziaren oinarrizko printzipioen aurka egiten duten elementuak» daudela gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.