Auzitara eraman dute Depakine merkaturatzen duen botika etxea

Espainiako Avisav elkarteak jakinarazi du lau familiak jarri dutela salaketa. Hego Euskal Herrian hiruk lortu dute ondorioak frogatzea

Orain dela hainbat hamarkada hasi ziren farmaziak Depakine botika saltzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Donostia
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Lehen aldiz iritsi da kasua Espainiako justiziara: lau familiak salaketa jarri dute Depakine botika merkaturatzen duen Sanofi enpresaren aurka. «Informazio falta» egotzi diote, haurdunaldian botika hori hartu zuten emakumeei izan zitzakeen ondorioen berri ez emateagatik. Epilepsiari aurre egiteko eta nahasmendu bipolarra kontrolatzeko errezetatzen da besteak beste, eta botika hori hartzeak uste baino eragin handiagoa du umekietan: hainbat ikerketaren arabera, umeen %40k arazoak dituzte garapenean, eta %10ek, malformazioak. Euskal Herriko hiru familiak lortu dute frogatzea botikaren ondorioak pairatzen dituztela; Murtziako (Espainia) sendagile batengana jo behar izan dute horretarako.

Azido balproikoa da Depakine, eta iaz ozentzen hasi ziren albisteei esker jakin zuten hainbat emakumek zer ondorio izan ditzakeen haurdunaldian. «Ume asko dira kaltetuak, eta ume horien gurasoentzat oso garrantzitsua da jakitea behintzat babes ekonomikoa izango dutela», adierazi du Carmen Rosa Galan Avisav elkarteko presidenteak. Orain dela urtebete eskas sortu zuten elkarte hori hainbat familiak, eta, gaur egun, hirurogei familia inguruk osatzen dute; Euskal Herrikoak dira horietako batzuk. Galanek azaldu duenez, auzi eske gehiago prestatzen ari da elkartea, baina «oso prozesu zaila» da, diagnostikoak behar baitira horretarako: «Halere, salaketa jartzeak ez du konpentsatuko botika etxe horrek egin digun kaltea». Elkarteko presidenteak jakinarazi du Sanofi botika etxearen aurka egin dutela zuzenean, enpresa hori delako «errudun nagusia». Sanofiri leporatzen diote botikaren inguruko datuak ezkutatu izana, eta uste dute enpresak «ordaindu» egin behar duela egindakoagatik: «Elkarteak borrokan jarraituko du. Oso zaila da diagnostikoak konfirmatzea, baina guk lan egingo dugu arduradunek ordain dezaten egindakoagatik».

Ignacio Martinez abokatua ari da kasuak lantzen: «Denbora askoan saiatu gara botika etxearekin akordio bat lortzen, baina ezin izan dugu. Horregatik, apirilaren 4an salaketa aurkeztu genuen. Eskatzen duguna da enpresak kalte-ordainak ematea gaur egun azido balproikoaren ondorioz desgaitasunak dituzten horiei». Martinezek azpimarratu du hau «lehenengo urratsa» izan dela, baina denbora asko behar izan dutela salaketa behar bezala aurkezteko: «Hiru urte baino gehiagoz aritu gara lanean. Hasiera izan arren, horrek eskatzen du esfortzurik handiena».

Elkarteen arteko laguntza

Espainian Depakine botikaren aurka salaketa bat jarri duten lehen aldia izan arren, beste herrialde batzuetan neurriak hartu dituzte dagoeneko, hala nola Frantzian eta AEBetan. Martinezek azaldu du Frantziako elkarte baten laguntzari esker egin dutela tramitazioa: «Apesac elkartearekin harreman handia izan dugu. Frantzian, dagoeneko, hainbat neurri hartu dituzte, eta Kongresuan hainbat lege onartu». Esan du Frantziako elkarte horrek emandako pausoak hartu dituztela oinarri salaketak aurkezteko, eta «ezinbestekoa» izan dela elkarteak eman dien laguntza eta babesa.

Halaber, abokatuak ez daki noiz jasoko duten epaitegiaren erantzuna: «Oso mantso joango da prozesua, epaitegiaren araberakoa izaten baita hori. Normalean, urtebeteko epean iragarri ohi dute lehen ebazpena, baina ez dago jakiterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.