Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auzikoauzipetuen defentsak jarritako babes helegitea aztertu artean ez da berriro eginen epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Izan ere, Espainiako hainbat berri agentziak eta komunikabidek arratsaldean zabaldu dutenez, Konstituzionalak erabaki du behin-behinean etetea Espainiako Auzitegi Gorenak epaiketa berriro egiteko emandako sententzia. Auzipetuek salatu dute, ordea, defentsari ez zaiola oraindik jakinarazpen ofizialik ailegatu: «Komunikabideei egindako filtrazio bat da, eta espero dugu baieztatzea». Ohartarazi dute «ohituta» dauden arren «eskandalu» bat dela hala gertatu izana: «Autoa berretsi eta irakurri ondoren xehetasun handiagoz baloratuko da datorren astean, termino juridiko eta politikoetan».
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak duela bi aste onartu zuen auzipetuen defentsak jarritako babes helegitea tramiterako onartzea, eta erran zuen epaiketaren errepikapena eteteaz aitzinago ebatziko zuela. Erabaki du, bada. Iñigo Iruin abokatuak eskatu zuenari men egin dio, beraz, Konstituzionalak, eta Bateragune auziko epaiketa ez dute berriz eginen Konstituzionalak babes helegiteaz ebazten duen artean.
Defentsak babes helegitean argudiatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak joan den abenduaren 14an emandako epaiak —alegia, epaiketa berriro hutsetik hasteko eskaerak—urratu egiten duela auzipetuek benetako babes judiziala izateko duten eskubidea. Zehazki, defentsak uste du Gorenak emandako ebazpenak non bis in idem printzipioa urratzen duela; hau da, ez duela errespetatzen auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea. Iruin abokatuak aurkezturiko helegiteak zehazten du, gainera, bortz auzipetuek osorik bete zituztela 2011n Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri eta 2012an Gorenak berretsitako espetxe zigorrak: Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok seina urte egin zituzten kartzelan, eta Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek, seina urte eta erdi.
Defentsak Konstituzionalean jarritako helegiteak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententzia ere hartzen du erreferentzia gisa. Izan ere, 2018an Estrasburgok emandako epaiak zehazten du auzipetuen eskariz baino ezin dela Bateragune auziko epaiketa berriro egin. Kasu honetan, auzipetuek ez dute horrelakorik eskatu; baina, 2011ko sententziari aurkezturiko kasazio helegiteari erantzunez, Goreneko epaile guztiek aho batez ebatzi zuten Bateragunekoen epaiketa berriro egin behar zela.