Auzipetu batek dio De Miguelek eta biek komisioak jaso zituztela

Sidepur enpresako administratzaileari eta auziko akusatu nagusiari 161na mila euro eman zizkien Riera eraikuntza-enpresa taldeak

Alfredo de Miguel, irailaren 17an, Gasteizen, deklarazio egunean. J.FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Josu Arruti Sidepur enpresako administratzaileak De Miguel auziko epaiketan jakinarazi du Alfredo de Miguel Arabako foru diputatu ohiak eta biek Riera eraikuntza enpresako legez kanpokokomisioak jaso zituztela Zanbranan (Araba) industrialde bat sortzeko kudeaketa lanak egitearen truke. Arrutik azaldu du De Miguelek 2005ean proposatu ziola Riera taldeari 161na mila euro eskatzea, eskaera onartu egin zuela enpresako arduradunetako batek, Francesc Fernandezek, eta «ordainsari profesional» modura kobratu zutela. Sidepur da auzian ikertzen ari diren enpresetako bat —Zanbranako Udalak kontratatu zuen—, eta, hango administratzailearen arabera, Kataia enpresatik jaso zituzten komisioak. Epaiketan auzipetu batek lehen aldiz onartu du legez kanpoko dirua jaso izana. Garai hartan, De Miguel zen herrialdeko hiru industria parkeetako zuzendaria bitan.

Arabako Lurralde Auzitegian ari dira egiten epaiketa, eta atzo Zambranako egitasmoari buruzko deklarazioen txanda izan zen. Industrialdea sortzeko 120 hektarea birkalifikatu nahi zituzten. Riera taldeak 65 milioi euroko balioa eman zion proiektuari. Arrutik esan du egitasmoa gauzatzeko akordioa izenpetu zutela taldearekin, eta De Miguelek administrazioarekin zeukan «zuzeneko» harremana baliatu nahi zutela. Azkenean ez zen aurrera atera birkalifikatu proiektua.

De Miguel da akusatu nagusia.EAJren ABBko kidea eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu izan zen. Fiskalak 27 delitu leporatzen dizkio, eta ia 55 urteko zigorra eskatzen du harentzat. 26 dira akusatuak, eta tartean daude Aitor Telleria ABBko kide ohia eta Koldo Otxandiano ABBko kide ohi eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa ere. Arrutirentzat hemeretzi urte eta hamar hilabeteko kartzela du eskatua fiskalak.

Maria Justina Angulo Zanbranako alkate ohiak (EAJ) adierazi du ez zekiela Kataia enpresa bazenik ere, eta ez zuela parte hartu industrialdearen eta lur-jabeen arteko elkarrizketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.