Espetxeko patioan arin ibiltzera ohituta, oraindik kosta egiten zaio kalean patxadaz joatea. Apur bat zorabiatu egiten da leihotik edo leku garai batetik begiratzen duenean, eta etxean ere arrotz eta arraro kausitzen du bere burua. Eta, hala ere, apurka-apurka ohitzen ari da Jexux Mari Zalakain (Tolosa, Gipuzkoa, 1947) berreskuratutako bizimodura. Joan den igandean atera zen kartzelatik, han zortzi urte eman eta gero. 18/98 sumarioaren harira epaitu zuten, eta zortzi urteko zigorra ezarri zioten. Bere delitua: Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izatea.
Kazetari, idazle, unibertsitateko irakasle eta komunikazioan aditu da Zalakain. Preso ohia ere bada joan den igandeaz geroztik. Tolosaldean familiarekin atseden egun batzuk pasatzera abiatu baino lehen erantzun die BERRIAren galderei.
Lehenengo galdera berez dator: zer moduz zaude orain, kartzelatik irten berri?
Oso ondo. Irteera eguna benetan hunkigarria izan zen, jende asko egon zelako, bazkarian ere oso pozik egon ginen Zaitegin (Araba), eta Santutxun (Bilbo) egin zidaten harrera ere hunkigarria izan zen. Badakizu gauza horiek nolakoak diren: jende asko ikusi ere ez duzu egiten, ez dakizu musu nori ematen diozun ere... Zortzi urtean baino musu eta besarkada gehiago eman nuen harrera hartan. Eta gero, presoen argazki multzotik nirea kentzea ere hunkigarria suertatu zitzaidan. «Bat gutxiago», esan nuen.
Lagun asko joan zitzaizkizun Dueñasko (Espainia) espetxeko ateraino, horien artean, sumario berean zigortutako zenbait.
Bai, berrogei bat lagun batu ziren, horien artean gure sumarioko zortzi edo bederatzi lagun. Eta adiskideak, familiakoak, Dueñasen egondako beste preso ohi batzuk eta abar.
Espetxean egon zaren bitartean Kartzelako kronikak izeneko artikulu sorta argitaratu duzu Herria 2000 Eliza aldizkarian. Zein asmorekin egin duzu?
Aldizkarirako zerbait idazteko eskatu zidaten, eta, jakina, nik zuzendari lanak hainbat urtez egin ondoren eta denei eskatzen ibili ondoren, ez neukan irtenbiderik, onartu beharra neukan. Baina ez nengoen politikaz edo kanpoko kontuez idazteko moduan, eta, beraz, barruko esperientziez idaztea pentsatu nuen. Gehiegi ere ez nuen idatzi nahi, eta urtean pare bat kronika idaztea pentsatu nuen. Kartzelako bizimodu harrigarri hori islatu nahi nuen. Azkenean, hamabi kronika idatzi ditut, eta asko poztu ninduen hamabigarrena azkena izateak.
«Kartzelako bizimodu harrigarria», esan duzu. Zergatik harrigarria?
Gauza bat delako prentsan irakurtzea edo barruan egon direnei entzutea, eta beste gauza bat, oso desberdina, bizitzea. Harrigarri egiten zaizu sekula ez duzulako bizimodu hori eraman, eta, baita ere, askotariko kulturatako jendea topatzen duzulako. Oro har, atzerritarrentzako kartzela da Dueñas; guk beti esaten genuen Espainian atzerritarrak garenez guretzat egokia zela. Baina han kultura askotako jendea dago, musulman ugari, esaterako, eta nik errealitate hori ez nuen ezagutzen, ez nengoen ohituta kultur aniztasun horretan bizitzera. Asko hitz egin dut haiekin, galderak egiten nizkien, eztabaidatu ere bai batzuetan...
Eta gainerako euskal presoekin?
Preso politiko beteranoengandik asko ikasi dut. Nik beti esaten dut horien aldean espetxealdi arina izan dudala. Bai, zortzi urteko zigorra nuen, baina aldamenean banuen, adibidez, hemeretzi urte zeramatzan bat.
18/98 sumarioan epaitu zintuzten, Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izatea leporatuta, eta zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zizuten, osorik bete duzuna. Orain,denborak eskaintzen duen talaiatik, zer iritzi duzu epaiketa hartaz?
Badakigu sumario hura gehiegikeria izan zela. Egokitu egin zaigu; nik uste dut herrigintzan sartuta egon garenok beti jakin izan dugula horrelako zerbait etor zitekeela, kartzelara joatea aukera bat zela, eta kasu horretan batzueiegokitu zitzaigun. Iturri beretik zetorren guztia, «dena da ETA» zioen horretatik, eta jakina, dena bada ETA, berdin da egunkari bat egiten ibili, edo nazioarteko harremanetan ibili, edo beste edozertan. Denak zaku berean sartu gintuzten, eta lagunek askotan esaten ziguten, «ez zarete barrura sartuko», «hau laburra izango da» eta abar, baina bertan geundenak laster ohartu ginen kartzelarako bidean gindoazela. Gure zalantza bakarra zen batzuk kanpoan geratuko ote ziren demokrazia itxura emateko, eta hala gertatu zen.
Urteurrena oharkabe antzean igaro da, baina joan den asteartean 38 urte bete ziren Egin-ek lehenengo zenbakia kaleratu zuenetik.
Ni ez naiz Egin-en hasieratik egon, baina hasieratik ezagutzen dut. Nire bizitzako ilusioetako bat beti izan da kazetari izatea, eta karrera bukatu eta bi hilabetera Egin-ek hartu ninduenean, eta urtebetera kontratu finkoa egin zidatenean, niretzat aspaldiko ilusioa betetzea izan zen, eta gainera, ohorea. Lau urte iraun zuen horrek, gero gaixotu nintzelako eta unibertsitatera pasatu nintzelako, baina handik denbora batera, ohore bikoitza izan zen administrazio kontseiluko kide izendatu nindutenean.
Zergatik onartu zenuen administrazio kontseiluko kide izateko proposamena?
Zerbait benetan maite duzunean, ezin duzu ezetzik esan handik eskaera bat egiten badizute. Konbentzimendu osoz joan nintzen, zerbaitetan lagun nezakeelakoan. Nik esango nuke Egin izan dela mugarri bat Euskal Herrian prentsa idatzian eta abertzaletasunean.
Baltasar Garzon epaileak itxi zuen Egin. Aste honetan Garzonek Espainiako ezkerraren pertsona ospetsuen bilkura batean hartu du parte, Podemos eta IUren arteko bat egitea sustatzeko. Ez dakit horrek gogoetarik sortzen ote dizun.
Garzon baldin bada Espainiako ezkerraren erreferentea, ondo dabiltza. Presta daitezela etor daitekeenerako. Nik Garzon telebistan giza eskubideen aitzindari gisa ikusten dudanean, pentsatzen dut ea egunen batean buelta ematen diogun egoerari eta bera doan gu egon garen tokira, ez kartzelan egon dadin, baizik eta ikus dezan nora eraman gaituen hainbat eta hainbat jende inolako zilegitasunik gabe. Garzonek, gainera, motxila eder bat darama gainean, bere bulegotik pasatu diren torturatuena; berak hainbat aldiz ezikusiarena egin die. Garzon ez da izan inondik inora pertsona justua, eta ez da inor giza eskubideen defendatzaile gisa agertzeko.
Oraingoz badirudi epaiketa politikoen kateak ez duela etenik izango. Askapenako kideen kontrakoa laster egitekoa da. Aro hori inoiz amaituko da?
Inoiz bai, geure buruaren jabe eta beste herrien pare garenean. Bitartean, horrek jarraituko du, zoritxarrez.
Herria 2000 Eliza-rako idatzitako azken artikuluan esan duzu «kezkatuta» ateratzen zarela euskal presoen etorkizunari dagokionez. Zergatik?
Nire intuizioa apur bat kamutsa da, baina ez zait iruditzen arlo horretan ezer erabakigarririk dagoenik une honetan. Nik uste dut geldialdi batean gaudela; beharbada lekuren batean zubi guztiak ez ziren apurtuko, baina irtenbide argirik ez da ikusten. Ikusten da nahi dugun irtenbidea, baina mintzaiderik ez baduzu horretarako, buxatze batean sartzen zara, eta uste dut hala egongo garela. Batzuek diote beharbada gobernu berri batekin gauzak alda daitezkeela, baina nik ez dut Espainiako ezkerrean sinesten, ez dut uste ezer berririk eskaintzeko gai direnik.
Hasiera-hasieratik, preso beterano batek esan zidan: «Hi, hemendik konplituta ateratzen gaituk». Horrek asko hunkitu ninduen, eta uste dut betetzen ari dela. Jendea pozten da denak banan-banan ateratzen ari garelako, baina ez dakit gogoeta egiten dugun zigorra beteta ateratzen ari garela. Ni ez naiz inor inori kontuak eskatzeko, baina egoera nahiko zail ikusten dut.
Zuk ere, gainerako euskal presoek bezala, Euskal Herrira ekarria izateko eskaria bete zenuen?
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak esan zuen prest zegoela legezko bideak jorratzeko, baina uste dut baieztapen hori ez dela ondo ulertu, Kolektiboak argi esan duelako horretarako beharrezkoa dela legea justiziara ekartzea, gaur egun dagoena ez delako justizia, zigorra baizik. Edozein modutan, sakabanaketa amaitzeko ez da legea aldatu behar, eta horregatik, eskaera egin genuen. Hasieran esaten zuten eskaera kolektiborik ez zutela onartuko, banaka egin behar genuela. Banaka egin genuen, baina denok aldi berean egin genuenez, horri ere ezetza eman diote. Gero auzibidera jo genuen, eta badakit bide horrek jarraitzen duela oraindik.
Zer iritzi duzu Jaurlaritzak ondutako Hitzeman eta Zuzenbide proiektuen inguruan?
Irakurri nituen, eta ez nuen askorik sakondu, baina ikusi nuen hori proposatzen zuenak ez duela eskumenik gauzatzeko. Gauza positiboak baditu, badirudi norbait saiatu dela bide bat proposatzen, eta hori beti da eskertzekoa, baina eskumenik ez badago, nola egingo du aurrera?
Eta zein izan daiteke irtenbidea?
Kemena ez galdu eta jarraitu. Hori ezinbestekoa da, funtsezkoa, eta, segur aski, egin litekeen bakarra. Nik beti esaten dut epaiketara joan ginenean esaten zigutela: «Ez zaituztete zigortuko»; gero, «ez zarete barrura joango», gero, «segituan aterako zarete». Baina nik askoz gehiago eskertzen dut norbaitek esaten duenean: «Eutsi. Hemen gaude. Ez erori. Segi». Hori da presoek behar dutena. Bestea etorri behar duenean etorriko da, eta, segur aski, etortzen denean ezusteko bat izango da, asmatu ez dugun bide batetik iritsiko baita. Baina gakoa da jarraitzea, bilerak egiten, manifestazioak, eskariak, ahal den guztia.
Kartzelan egon zaren bitartean, aldaketa handiak izan ditu euskal politikagintzak: ETAren jarduera armatuaren amaiera, adibidez. Nola hartu izan dituzu aldaketa horiek espetxetik?
Sekretutxo bat kontatuko dizut. Ni ez naiz sekula izan partiduko gizona, baina ibili nintzen tokietan ibili nintzenez, zerbait banekielakoan nengoen. Eta ez: aitortu behar dut aldaketak erabat ezustean harrapatu ninduela. Batzuek esaten dute baietz, bazekitela, hori aspalditik zetorrela eta abar. Nik ez; nik gainerako presoei galdetu nien: «Zer gertatu da?».
Eta orain nolako balorazioa egiten duzu?
Gero, batekin eta bestearekin hitz egin dut, agiriak-eta irakurri ditut, eta zerbait positiboa dela ikusi dut. Gainera, gehiengoak hori eskatzen badu, horixe egin behar da, bidea egokitu eta aurrera. Jakina, gero, bide bakoitzak bere hutsuneak ditu, eta honek ere bai. Batzuek esaten duten bezala, badirudi apur bat txinparta galdu dela, kaleko mugimenduaren indar hori. Baina etorriko da hori bere orokortasunean aztertzeko denbora; urte batean edo bitan ezin da.
Pentsatu duzu aurrerantzean zer egin nahi duzun edo nola antolatuko duzun zure bizimodua?
Asmoa dut unibertsitatean beste hiru urtez lanean aritzeko, 70 urte bete arte, osasunak laguntzen badit behintzat. Beraz, orain neure burua egokitu egin behar dut, denbora tarte honetan gauzak aldatu direlako. Eta, bide batez, lau bilobak zaindu.
Jexux Mari Zalakain. 18/98 sumarioko preso ohia
«Auzian geundenak laster ohartu ginen kartzelarako bidean gindoazela»
Kartzelatik atera berri, «kezkaz» ikusten du Zalakainek euskal presoen auzia, egoera «geldialdi batean» dagoela uste baitu, eta ez du irtenbide errazik ikusten; gakoa «kemena ez galtzea eta aurrera jarraitzea» dela pentsatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu