11/13 sumarioan auzipetutako 47ek auzia Euskal Herritik kanpora eramateko asmoa adierazi dute, Kataluniako testuingurura zein Europar Batasunekora. Europako Parlamentua eratu berri, Bruselan ere hartu-emana izateko nahia adierazi dute, baldin eta “zailtasunei aurre egiteko moduan” badaude, hain zuzen ere, atxilotu zituztenetik auzipetuak ezin daitezkeelako Espainiatik irten baimen judizial barik.
Udan zehar egingo dituzten ekitaldien berri eman dute, eta gehiengo sindikala eta politikoa osatzen duten sindikatu eta alderdiekin biltzen ari direla adierazi du Beñat Zarrabeitiak, auziperatuetako batek: “Espetxe-politika berri bat beharrezkoa jotzen duten alderdi guztiekin bildu gara”. Bilera hauek erakundeak -udalak eta batzar nagusiak- eratzeko negoziaketen markoan egin direla gaineratu, eta “fruituak” irailean ikustea espero dutela esan du Zarrabeitiak.
Irailaren 16an hasiko da Etxerat, Jaiki Hadi, Herrira eta EPPK elkarte eta eragileen bidez euskal presoen alde lanean ibili diren lagunen kontrako epaiketa. Auzitegi Nazionalak epaituko ditu eta prozesuak hiru hil iraungo dituela aurreikusten da. Gastu juridikoak eta logistikoak kalkulatuta, guztira 340.000€ inguru ordaindu beharko dituztela ebatzi zuten. Horiei aurre egiteko kontu korronte bat ireki eta “elkartasun olatua” eskertu arren, oraindik laguntza behar dutela adierazi dute 47ek.
Epaiketaren kontrako mobilizazioak iragarri dituzte auzipetuen jatorrizko hiri eta auzoetan irailaren 6, 7 eta 8ko astebururako. Gainera, 6an elkarretaratzeak deituko dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, sindikatuek bat egin dezaten. Hil horretako 14rako utzi dute manifestazio nazionala Bilbon, epaiketa hasi baino bi egun lehenago.
Izen berriak zerrendan
Jon Maiak idatzitako babes manifestuak 8.200 sinadura baino gehiago lortu ditu dagoeneko. Horien artean daude Abel Azkona artista, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Itziar Ituño aktorea, Bernardo Atxaga idazlea, Mikel San Jose futbolaria eta Los Chikos del Maiz musika taldea.