«Oso pozik» dago Xuban Nafarrateren sendia Arabako Lurralde Auzitegiak hartutako erabakiarekin. «Guk eskatzen genuena bete egin da», adierazi dio BERRIAri haren aitak, Joseba Nafarratek. Gazteak bost ertzainen kontra jarritako salaketa artxibatu egin zuen urtarrilean Gasteizko Instrukzioko Bigarren Epaitegiak, baina auzia berriz irekitzeko eta gaztea nola zauritu zen berriro aztertzeko agindu du Arabako Lurralde Auzitegiak. Erabaki horrek «ezeztatu» egiten du Eusko Jaurlaritzaren bertsioa, eta «hankaz gora» jartzen ditu orduko Herrizaingo sailak auziaz emandako eta Gasteizko epaitegiak bere egindako datuak, Nafarrateren aitaren aburuz. «Erabakiak oso leku txarrean uzten du Eusko Jaurlaritza», gaineratu du.
Gaztea estropezu eginda bere kabuz erori eta zauritu zela esan zuen Gasteizko epaitegiak, eta ez, hark esan bezala, ertzainen pilotakada baten kolpearen ondorioz. Joan den urteko martxoaren 29an, greba orokorraren egunean, gertatu zena ez dagoela argi uste du, ordea, Lurralde Auzitegiak, eta Gasteizko epaitegiak bere egin zuen Herrizaingo Sailaren bertsioa zalantzan jartzeko zantzuak badaudela dio. Frogak «behar adina» ez ikertzea eta auzia garaia baino lehen artxibatzea aurpegiratu dio Gasteizko epaitegiari, eta, beraz, Nafarrateren sendiak jarritako helegitea ontzat eman du. Ondorioz, auzia berriz irekitzeko agindu du.
Lurralde Auzitegiaren erabakiari buruzko iritzirik ez du eman nahi izan egungo Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Prozesu judizialari dagokion «urrats bat» dela nabarmendu diote egunkari honi departamentuko iturriek, eta, beraz, ez dutela baloraziorik egingo. «Gasteizko epaitegiaren epaia atera zenean ez genuen baloraziorik egin, eta orain ere ez dugu egingo», gaineratu dute.
Auzia berriro irekitzearen garrantzia nabarmendu du, ostera, Joseba Nafarratek: «Erabakia inportantea da, gure salaketak aurrera jarraitzen duelako etaorain arte ikertu gabe geratu diren hainbat froga kontuan hartzen direlako». Izan ere, Arabako Lurralde Auzitegiak kaleratu duen autoak dio Gasteizko epaitegiak ez zituela aztertu Nafarratek aurkeztutako bi bideoetako edukiak, ezta geroago aurkeztutako froga perizialak eta osasun txosten periziala ere. Nafarratek deklarazioa hartzeko proposatu zituen zuzeneko lekuko bi ere ez ez onartzea aurpegiratu dio Gasteizko epaitegiari.
Bere garaian Gasteizko Epaitegiaren jarrera salatu zuen Nafarrateren sendiak, Ertzaintzaren aurkako salaketarekin aurkeztutako bideoak eta lekukoen testigantzak aintzat ez hartzeagatik. Orduan bezala, orain ere epaileak hartutako erabaki haren atzean Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren «presioak» egon zirela uste du Xuban Nafarrateren aitak. Haren irudiko, Segurtasun Sailak ikerketa behar bezala egiteko «oztopoak» baino ez ditu jarri hilabete hauetan guztietan. Areago, «gezurretan» aritu dela eta epailearen aurrean frogak «manipulatu» dituela salatu du. Izan ere, gaztearen familiak bi bideo aurkeztu zituen GasteizkoInstrukziozko 2. Epaitegian, martxoaren 29ko greba egunean ertzainek jaurtiriko gomazko pilota batek Nafarrate buruan jo zuela frogatzeko, eta Ertzaintzak irudi horiek erabiliz «editatutako bideoa» aurkeztu zion epaileari, Nafarrateren aitaren arabera.
Familiak epaitegian aurkeztutako bideoetan ikus zitekeen ertzain batengandik ihesi zihoala kale bat gurutzatu zuela gazteak, eta pareko espaloira iristerakoan, pilotakada baten hotsa entzun eta segituan, lurrera zerraldo erortzen zela. Xuban Nafarrateren aitak salatu du Ertzaintza epaileari bere bertsioa «modu guztietan sinetsarazten» saiatu zela, eta, horretarako, familiaren baimenik gabe bideoen irudi batzuk «manipulatu» zituela, «bere bertsioa eraikitzeko».
Auzian desobedientzia delitua egiteagatik inputatu egin dituzten Xuban Nafarrate eta beste bi lagun, ertzainen aginduak ez betetzea egotzita. Inputazio horri eutsi egin dio Lurralde Auzitegiak, baina ñabardurak egin dizkio Gasteizko epaitegiaren argudioei. Dioenez, Nafarratek egin zuena, izatekotan ere, falta bat izan daiteke, baina hori ere frogatu gabe dago, gazteak korrika ari zirenean ertzainek gelditzeko agindua ez entzutea posible delako. Desobedientzia deliturik ez zela egon uste du Nafarrateren sendiak, eta, horregatik, pozik dago epailearen erabakiarekin: «Orain frogatu egin beharko dute ertzainek agindua nola eman zuten».
Konfiantza gutxi
Auzia berriro irekitzea ez zuen espero Nafarrateren sendiak. «Harrituta» daudela dio aitak: «Sorpresa izan da, baina oso sorpresa positiboa». Justiziarengan «konfiantza handirik» ez duela aitortu du, hala ere: «Sinesten dut justizian, teorian, baina gero beste gauza bat da justizia hori nola aplikatzen den. Konfiantza mugatua dut pertsonengan». Mesfidantza horren atzean Cabacas auziaren ikerketarekin zer gertatzen ari den ere badago.
Semeak duela urtebete izandako zauri larriak ertzainen gomazko pilotakada baten ondorioz izan zirela oso garbi du familiak, eta hori frogatzen saiatu egin da hasiera-hasieratik. Euren borrokak eman du fruitua, baina, hala ere, zuhur jokatu nahi dute: «Itxoin egin behar dugu. Epaileak ikerketarekin jarraitzea agindu du, baina ez dakigu zer egingo duten».
Justiziaren erabakiaren gainetik, hala ere, bere semearen osasuna dagoela dio aitak; erabat sendatzea da euren lehentasun nagusia. Izan ere, buruan izandako lesioen ondorioz gaixo jarraitzen du gazteak: «Guretzat horiizango da beti kezka handiena».
Poliziaren indarkeria. Xuban Nafarrateren kasua
«Auzia berriro zabaltzeak ezeztatu egiten du Jaurlaritzaren bertsioa»
Xuban Nafarrateren sendiak pozik hartu du auzia berriro irekitzea, eta uste du «hankaz gora» jarri dela Eusko Jaurlaritzaren bertsioaSegurtasun Sailak ez du iritzirik eman nahi, «prozesu judizialaren urrats bat delako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu