Auzi politiko guztiak ixteko eta kondenak berrikusteko eskaria

Iraganeko indarkeria politikoa errefusatu eta «bakea» aldarrikatu zen manifestazio amaierako hitzaldian

Oihana Iguaran Barandiaran.
Donostia
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Arratsaldeko zazpiak ez ziren artean, eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihartzunak zabaltzen hasi ziren kaleetan barrena, eta gero hasi zen jendetza etxeartean agertzen. Jendeak bulebarra bete zuen. «Ez, ez, ez, epaiketarik ez», zioten oihu eta txalo artean hartu zituzten hizlariak.

Kontxita Beitia andereño historikoak irakurri zuen agiria, aurkezteko orduan esan zuten moduan: «Erretiratua, baina garai batean heldutako sokari amaierarik ikusten ez diona»; eta txaloak lehertu ziren. Beitiaren hitzek lekua egin zuten txaloen artean.

Bertaratutako guztiei eskerrak eman zizkien, deialdiak izandako erantzunarekin pozik. Batetik, Donostiara bildutako guztiei; eta bestetik, kanpotik euren elkartasuna adierazi zuten guztiei. Bereziki, Kataluniatik 90 pertsonak baino gehiagok sinatutako agiria aipatu zuen, eta izen ezagunenak irakurri zituen txalo artean.

«Euskal jendartearen kontzientzia kritikoa azaleratzeko ordua» dela aldarrikatu zuen. «Epaiketa politikorik ez. Beti egin den aldarrikapena izanagatik», garai berezi batean kokatzen dela gogorarazi zuen, eta «euskal jokaleku demokratikoan aldaketa sakonak» gertatu direla azpimarratu. Horregatik, «iraganari ez, etorkizunari bai» esaldia aipatu zuen. «Horixe esatera etorri gara gaur hona» argitu zuen. Aldaketa horren haritik, iragana eta etorkizuna alderatu zituen; «Bateragune auzia-ren moduko epaiketa gehiagorik ez dugu nahi, iragana dira». Baina egoera berriaren talaiatik begiratu zion etorkizunari: «Demokrazia nahi dugu euskal herritarrentzat»; eta jarraian, etorkizunak zer ekarri behar lukeen aipatu zuen, «ETAren bortizkeriarik ez dugu nahi», eta, era berean, Espainiako eta Frantziako estatuen errepresioa ere salatu zuen. «Bortizkeria politikoa, oro har» errefusatu zuen, eta, azkenik, ondorio batera heldu zen: «Bakea nahi dugu». Eta lehertu zen txalo zaparradak arrazoia eman zion.

Egoeraren analisia eginda, Bateragune auziaz aritu zen, eta «ilegalizazioaren haritik eratorritako sumarioak» amai daitezela eskatu zuen. Halaber, bide horren ondorioz jada zigorpean dauden ehunka euskal herritarren kasuak berrikus daitezela eskatu zuen, eta «behingoz kartzelatik atera ditzatela». Horrek, txaloak eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihuak ekarri zituen.

Baina Bateragune auzia ebazteke dago oraindik, eta «jokoan asko» dagoela adierazi zuen Beitiak. Zehazki, kasu honen aurrekari izan diren beste bi epaiketa ekarri zituen gogora: Egunkaria eta Udalbiltza. Horietan bezala, Bateragune auzian ere emaitzak bakarra behar duela azpimarratu zuen: «Absoluzioa». Azkenaldian bortizkeria baztertzeko izan diren aldaketak kontuan izanik, absoluzioa «beharrezkoago» dela iritzi zion. Aldaketa horretan lanean aritu direnak asko direla gogoratu zuen, baina «tartean baita Bateraguneauziko auzipetuak ere». Auzipetuek bakerako bidean egindako lana «hemen» ezagutzen dugula esan zuen, eta erantsi: «Espainiako Estatuaren eremu judizialetara, irits dadila hemengoaren oihartzun zabala».

Txalo artean jaitsi zen oholtzatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.