Barbara Tardon. Indarkeria matxistan aditua

«Auzi honek ezkutuan uzten ditu indarkeria sexual gehienak»

Tardonek salatu duenez, ez dago sexu indarkeriari aurre egiteko inolako politika publikorik, eta, ondorioz, ez dago trebakuntzarik, kanpainarik eta protokolorik. Krisi zentro espezializatuak eratzea proposatu du.

Maite Asensio Lozano.
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Sanferminetako taldeko bortxaketaren inguruko epaiek agerian utzi dute justizia sistemak gabezia handiak dituela sexu indarkeria ulertzeko eta epaitzeko. Baina justiziaz harago doa arazo hori, Barbara Tardon (Madril, 1976) ikertzaile feministaren arabera: ez dago bortxa molde horri buruzko politika publikorik. Amnesty Internationalek indarkeria sexualari buruz aurkeztu duen txostenaren egileetako bat da: Ya es hora de que me creas (Bada garaia sinets nazazun). Nafarroako Parlamentuan izan berri da, «krisi zentroez» mintzatzen.

Sanferminetako bortxaketaren epaiak dio erasoan ez zela izan ez intimidaziorik, ez indarkeriarik. Zer iruditzen zaizu?

Gertatutakoa interpretatu dutenek mito asko dituzte indarkeria sexualari buruz, eta ez dute berariazko trebakuntzarik sexu askatasunaren eta baimentzearen inguruan. Epai batek esaten duenean halako kasu batean ez dagoela indarkeriarik, ezkutuan uzten ditu indarkeria sexual gehienak. Indarraren erabilera ondorio fisikoekin lotu ohi da, baina, sexu eraso gehienetan, bortizkeria beste modu batean erabiltzen da, koakzioaren eta beldurraren bidez. Sistema judizialeko eragileak ez dira ari giza eskubideen nazioarteko hitzarmenek ezarritakoaren arabera, eta horren ondorio dira andreen birbiktimizazioa eta babesgabetasuna. Emakume gehienak ez dira sistema judizialera iritsiko, baina urrats hori egin dutenetako askok esaten dute ez zuketela salaketarik jarriko jakin izan balute zein tratu jasoko zuten.

Sexu harremanak baimentzeari buruzko eztabaida bat ere piztu da. Nola definituko zenuke?

Indarra ez erabiltzearekin lotu izan da baimena, baina nik uste dut harago doala: ez dago baimenik ez badago autonomia sexualik, eta ez dago autonomia sexualik ez badago askatasunik, edo koakzioa badago, edo boterea, edo pertsona bat ahultasun egoeran dagoenean, edo drogatuta...

Indarkeria sexualaren inguruko mitoak aipatu dituzu. Zein dira?

Erdi Arotik antzera erreproduzitu ditugu, baina garaian garaira egokituta. Mito zabalduena da erasotzailea ezezagun maltzur bat dela, gauez kale ilun batean agertuko dena; horrek definitzen du eraso bat gure iruditerian. Bortxaketaren kultura halako estereotipoez elikatzen da; izan ere, mitoek errudun bihurtzen dituzte biktimak, eta zigorgabetasun giro bat sortzen dute erasotzaileentzat: «merezi zuen, probokatzen ari zelako», «erasotzaileek ezin dute kontrolatu euren instintu sexuala», «emakumeek ezetz esaten dutenean egiaz baietz esan nahi dute»... Oso gustuko dut Roland Barthes linguistaren esaldi bat: «Mitoa mintzo despolitizatua da». Mitoek errealitate faltsu bat taxutzen dute, gertatutakoa manipulatzeraino.

AIren txostenean salatu duzue indarkeria sexuala dela bortxa matxistarik ahaztuena. Zergatik diozue hori?

Azken 30-40 urteetan, ahalegin eta borroka guztiak bikote eremuko indarkerian zentratu dira, eta biktima molde hori bihurtu da arauetako subjektu. Horrek berekin ekarri du baliabideak soilik bortizkeria mota hori desagerraraztera bideratzea —nahiz eta oraindik defizit handiak dauden—, eta, ondorioz, bortxa matxistaren gainerako moldeak ezkutuan geratzea. Eta ausartuko nintzateke esatera beste molde horiek sistemikoagoak, normalizatuagoak eta egunerokoagoak direla; adibidez, indarkeria sexualak. Zorionez, mugimendu feministak hautsi du joera hori, besteak beste Iruñekoek gidatuta: berriro ari gara indarkeria sexualez hitz egiten. Hala ere, oso urrun gaude eztabaida hori politika publiko erreal bihurtzetik.

Zer gabezia dago politika publikoetan?

Ez dago politika publiko berariazkorik indarkeria sexualaren arloan: estatuak ez du bere gain hartu prebentzioan, ikerketan, erantzuleak zigortzean eta biktimen arreta eta erreparazio integralean daukan ardura. Neurriak ia anekdotikoak dira; indarkeria matxistaren aurkako estatu itunean, 212 neurrietatik soilik 30ek aipatzen dute indarkeria sexuala, baina batek ere ez du jasotzen, adibidez, emakume eta biktimentzako zentro espezializatuak sortzeko beharra. Eta, politika publikorik ez dagoenez, ez dago protokolo sektorialik, ez dago profesionalen trebakuntzarik, ez dago bortxa sexuala identifikatzeko kanpainarik —duela hilabete abiatu du Espainiako Gobernuak historiako lehena—... Panorama atsekabegarria da: biktimek eta haien gertukoek nora jo ere ez dute jakiten.

Hain justu, parlamentuan krisi zentro bat sortzea proposatu zenuen. Zertan datza?

Nafarroak indarkeria matxistari buruzko lege oso ona dauka, Espainiako lege integralaz harago doana, eta legeak berak dio zentro espezializatuak eratu behar direla. Giza eskubideen inguruko nazioarteko estandarrak ere halako neurrien aldekoak dira. Zer dira krisi zentro horiek? Baliabide espezializatuak dira, egunero 24 orduz zabalik egon behar dutenak, diziplina arteko profesional talde batek osatuta, eta telefono bidez etengabeko arreta emango dutenak, ez soilik larrialdietarako, baizik eta lagun egite emozionalerako ere, deitzen duten andre asko ez baitira erraz iritsiko zentro fisikora. Baliabide horietan arreta psikologikoa eskaini behar dute, bakarka zein taldeka, eta lantalde bat egon behar da emakumeen alboan egoteko prozesu osoan, erakunde eta instantzia guztietan. Izan ere, lagun egite hori giza eskubideen ikuspegitik egin behar da: emakumeak eskubide batzuen titular dira, instituzioen aurrean exijitu behar dituzte, eta erakundeek babestu eta oneratu behar dituzte. Baina zentro horiek ez dira soilik andreen artarako, baizik eta gizartea eraldatzeko, indarkeria matxista borrokatzeko: erreferentzia izan behar dute politika publikoak eztabaidatzeko eta lantzeko, sentsibilizazio kanpainak egiteko, eragileak trebatzeko...

Egungo gizarte zerbitzuekin ez da aski, beraz?

Egungo arreta sistema guztiz asistentzialista da; ez dago giza eskubideetan oinarrituta. Indarkeria jasaten duten andreak gizarte zerbitzuen bidez iristen dira baliabideetara —adibidez, laguntza psikologikoa—, eta ez zuzenean; perbertsoa da, kontrol neurri bat baita. Gizarte zerbitzu askotan, gainera, baldintzak jartzen dizkiete emakumeei arreta jasotzeko; adibidez, droga mendekotasunen bat dutenei kontsumoa erabat uzteko eskatzen diete. Biktimengan zentratutako ikuspegi feministatik, ulergaitza da hori.

Nola landu daiteke erreparazioa sexu indarkeriaren biktimekin?

Erreparazioa ekonomikoa da, bai, baina eskubide urratuak itzultzean datza: egiarako eskubidea —andre askorentzat nahikoa da egia aitortzearekin—, errehabilitazio fisiko eta psikologikoa... Hori guztia estatuaren betebeharra da, nahiz eta legez ez dagoen jasota.

Zigortuta, baina aske

Tematiak berean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.